Bertatik bertara salatu nahi du «txikizioa» AHTaren aurkako kanpaldiak
Uztailaren 26an hasiko da, Antzuolan; protesta ekitaldi nagusia Bergaran egingo da, tren lasterraren obretan
Berria. Erredakzioa. Donostia
Antzuola eta Bergara (Gipuzkoa) hautatu ditu aurten AHT abiadura handiko trenaren asanbladak tren lasterraren aurkako kanpaldia egiteko. Antzuolan egingo da, uztailaren 26an hasi eta abuztuaren 1a bitartean. Orotariko ekintzak egingo dituzte bertan; eztabaidak, tailerrak, protesta eta informazio ekintzak... Hilaren 31n egingo dute protesta ekitaldi nagusia, Bergaran. Herritik abiatu eta AHTa egiteko bertan martxan diren obretara joango dira manifestazioan, «eragiten ari diren txikizioa» bertatik bertara salatzeko.
Ekimenaren garrantziaz ohartarazi du AHTaren aurkako asanbladak, egoerak tren lasterraren aurka egiteko motibo ugari ematen dituela nabarmenduz. «Garai gogorrak datozkigu, eta hausnarketa kritikorik sustatu ezean are eta gogorragoak izango dira. Pairatzen ari garen ingurumen krisi sozial eta ekonomikoaren aurrean, zerbait egin beharra dago. Gure ustez, AHTa bezalako azpiegitura lan handia gelditu eta gizarte osoa hausnarketa egitera eraman behar gaitu egungo kinka larriak».
Krisi ekonomikoan, egin nahi diren azpiegitura handiek arnasa baino arazo handiagoak ekarriko dituztela pentsatzen dute. «Bistan dago proiektu txikitzaileen ugalketa krisiaren kausetako bat dela».
Gizarteak, azkenaldian, hainbat keinuren bidez, AHTaren aurka egin duela oroitarazi dute asanbladako kideek. Esaterako, urtarrilean Lapurdi eta Gipuzkoa lotu zituen Irun eta Hendaia arteko bidea egin zuen manifestazio handi batek. Orain bi aste, berriz, lau ekintzaile Itsasondon (Gipuzkoa), AHTaren lanak gelditzeko eskatuz, meazulo batzuetan sartu ziren; lanak arriskutsuak direla ohartarazi zuten, eta egitasmoa bertan behera lagatzeko deia egin zuten. Ekintza horiekin urratutako bidean sakontzeko eremu bihurtu nahi dute Antzuola kanpaldiko egunetan.
Egingo dituzten ekintzetan auzitan jarriko dituzte beste hainbat azpiegitura egitasmo ere: Pasaiako kanpoko kaia, Zubietako errauste planta, Durango-Beasain autobidea eta Muskizko koke planta, besteak beste.
- Gehitu iruzkin berria
- 2363 irakurketak
Inprimatzeko egokitutako bertsioa
Send by email


Azken iruzkinak
duela 27 aste 4 egun
duela 27 aste 4 egun
duela 34 aste 6 egun
duela 45 aste 2 egun
duela 46 aste egun 1
duela 49 aste 3 egun
duela 49 aste 6 egun
duela urte 1 3 aste
duela urte 1 6 aste
duela urte 1 10 aste