Desarrollismoari Egurreren agurra

Desarrollismoari Egurre 2008.ko azaroan kaleratu genuen lehenengo aldiz. Erresistentzia orriak utzitako lekua betetzera etorri zen. Nahiz eta honen oinarri berberei eutsi, antikapitalismoa eta autoorganizazioa hain zuzen ere, izaera propioa izan du hasieratik.

Desarrollismoari Egurreren logoa

AHTaren eta desarrollismoaren aurkako borroken isla izateaz gain, gai hauen inguruko hausnarketa bultzatzea izan du helburu. Proiektu honen iraupena denon esku zegoela esan genuen hasieratik, hau da, denon ekarpenekin osatu beharreko orria zela.

Ez bata, ez bestea ez ditugu bete eta honen ondorioz proiektua bertan behera uztea erabaki dugu. Duela hilabete batzuk galdera sorta plazaratu genuen, jasotako erantzunen arabera jarraitu ala ez erabakitzeko eta borrokaren inguruko eztabaida pizteko. Heldu zaizkigun erantzunak ez dira asko izan, baina bai heterogeneoak. Hona hemen Egurreri buruz jaso ditugun iritzien laburpena.

Argitalpenaren balorazioari dagokionez, desarrollismoaren aurkako ekintzen bilketa lana bete egin du talde ezberdinen arabera, baina barne kontsumoa izan dela nagusi aipatu da. Hori dela eta, testuen aukeraketa jende gehienak aurretik ezagutzen zituen idazkien artean egin da, hausnarketarako ezer gutxi aportatuz. Hitz gutxitan, ghettotik ateratzen ez dugula asmatu eta kalean erreferentzia argia ez dela izan. Dena dela, borroka antidesarrollista ezberdin askok izan dute lekua eta pertsona eta proiektuen arteko bilgunea izan da. Sabotajeak errebindikatzeari buruz iritzi ezberdinak agertu dira.

Formatuari dagokionez, ez dela batere irakurterraza izan adierazi dute gehienek. Alde batetik, letra tamaina (txikiegia) eta diseinua desegokia. Proposamenen artean, diseinu erakargarriagoa egiteko koloreak, irudiak eta komikiak sartzea eta ideia nagusiak nolabait azpimarratzea. Baina denak ez dira kritikak izan. Kartel formatua tabernetan eta autobus geltokietan jartzeko egokia dela iritzi diote eta era berean zabaltzeko erraza eta ekonomikoa. Eskuorria berriz etxera eraman eta lasai irakurtzeko egokia izan omen da. Edukiei dagokienez, ere, proposamenen bat jaso dugu. 2 ataletan antolatzea, egungo gaiak eta proiektuei buruzko azken berriak eta errepresioaren nondik norakoak (epaiketak eta hauen jarraipenak, bestek beste). Ekintzen kronologiaren beharra ez dute ikusten. Beste batzuk aldiz kontrakoa irizten diote.

Proiektuarekiko konpromisoari dagokionez, batzuk zabaldu besterik ez dutela egingo esan digute. Beste batzuk aldiz ekarpenak egiteko prest daude eta taldeek berezko duten dinamikaren araberakoa izango dela ere adierazi digute.

Erantzun dutenak Egurre proiektuarekin oso lotura zuzena izan duten taldeak izan dira batik bat. Orokorrean, autokontsumorako boletina izan dela ondorioztatu dute eta ez zen hori gure helburua. Konpromisoari dagokionez ere, egun dagoenari eusteko asmoa besterik ez dute adierazi gehienek.

Horregatik erabaki dugu proiektua bertan behera uztea. Ez gara etxean geldituko eta eztabaida beste modu batean lantzeko ahalegina egingo dugu.

Muxuak denei eta laster arte.

Etiketa(k):