AHTk ere langileen baldintza kaskarrei esker handiagotzen ditu etekinak

GARA. Iritzia. Ikusmira

Atzo Duranan (Araba) AHTren azpiegitura lanetan ari zela elektrokutatuta hil zen langilea aurten Euskal Herrian lan istripuz zendu den 46.a da. Azken sasoi beltz honi erreparatuta, esan liteke lan istripuek ez dutela oporrik hartzen. Prekarietateak ez duela oporrik hartzen, alegia. Langileek, eta gizarteak oro har, erronka garrantzitsua dute prekarietatearen aurka egitea, areago bakan batzuen etekinak langileen segurtasun eta osasun faltaren bizkar gizentzen direla ikusita. Atzoko istripuak, gainera, badu salagarria egiten duen beste faktore bat, langilea AHTren lanetan hil izana, hain zuzen. AHT egitura erraldoi inposatua da, beharrezkoa ez dena, ingurumenari kalte ikaragarria dakarkiona eta herritar guztien diruarekin ordaindua. Beraz, azpiegitura horren ondorioak hura ez onartzeko arrazoi sendoa dira, baina azpiegitura hori eraikitzen diharduten langileen baldintza kaskarrak ere berez nahikoa arrazoi dira horretarako. Atzoko istripua izan zuena AHTren lanetan hil den bigarren langilea da. AHTren etekinak ere langileen segurtasun eta osasun faltak emendatzen ditu, baina atzokoa bezalako gertakariei «istripu» esaten zaie, erantzukizuna halabeharrarena balitz bezala.

Etiketa(k):