Gipuzkoan desjabetzen aurka. Donostian azaroak-12

Tolosa-Hernialde, Andoain-Urnieta, eta Urnieta-Hernani zatietako AHTren desjabetzei alegazio pila jaso dira (1200 inguru). Azaroaren 12an, ostirala,  goizeko 10:15etatik 11:00etara Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzara (plaza de Pío XII, 6, Donostia) etortzera gonbidatzen zaituztegu zuek ere gurekin batera alegazioak sinatu eta entregatzeko.

Salatu nahi dugu hiru zati hauetan, beste guztietan bezala, informazioa ezkutatze izugarria egon dela bai ETS eta baita Tolosa eta Andoaingo udaletxeen aldetik ere. Tolosako kasuan Azkeneko datuak 2009ko otsailean jaso ziren eta, nahiz eta jakin aldaketak egon direla ondorengo zatiaren aldaketengatik (2009ko uztailean Proiektu Basiko berria), ez zuten informaziorik pasatzen. Urtebetera, hor non agertzen den komunikabideetan Tolosa-Hernialde zatia lizitazioetan zegoela. Honekin argi geratzen da Oinarrizko Proiektuaz gain Eraikuntza Proiektua ere bazutela. Hernialde eta Hernaniren kasuan berriz , udal hauetara ez da ia informaziorik iritsi nahiz eta behin eta berriz ETSra deika ibili eta orain, nahitaezko desjabetza prozesua iritsi denean eta obrak hasteko oso denbora gutxi falta denean, bidali diete eraikuntza proiektua. Horrela gaude orain, zer alegatu ez dakigula, ez baitakigu, adibidez, zer etxe botako luketen. Proiektu Konstruktiboa kaleratu berri da eta berandu da behar den bezala aztertzeko.

Tolosa Hernialde zatiaren Lizitazioetan aurrekontua 113milioi eurokoa zen, Urnieta-Hernani zatia, 130 milioi eurokoa, Andoain-Urnieta zatia 80 milioi eurokoa: 4.790 euro biztanle bakoitzak… Noren beharrak? AHTren “pastela” ez da broma porlanaren enpresa batzuentzat! Gizarteak bizi duen egoera ikusirik, zifra hauekin gauza asko hobetu genitzake.

Honekin batera, lurrak eta etxebizitzak ere kenduko lizkigukete. Ez dute argi uzten, baina badirudi, Tolosa–Hernialde zatian hiru etxe izango liratekeela botatzekoak eta guztira 50 lurjabe, tartean lur publikoak ditugularik. Tolosako zatian berriz,obretan dauden zatitik ateratako lurrak, Alegiako Eguzkitza zabortegira ari dira eramaten eta informatu digutenaren arabera, zabortegi horrek lizentzia batzuk falta ditu. Behin eta berriz ari gara egoera salatzen, baina ez dute kasurik egiten. Zabortegia itxi beharko lukete eta honek esan nahi du, hasiak dauden lanak bertan behera uztea.

Urnieta-Hernani inguruan berriz, Urumea bailaran,AHTren egitasmoak Urumea ibaia erabat hondatuko luke: Astigarragako erriberan AHTren geltokia literalki ibai gainean joango litzateke 2 kilometroan zehar Martutenetik Hernanirainoko ur bide naturalak eta bere bazterrak guztiz suntsituaz. “Urumea ibaian eragiten da AHTren proiektu osoko kalterik handiena eta garrantzitsuena” Eusko Jaurlaritzak berak onartzen duenez. AHTren egitasmoak Urumea ibaiaren ekosistemaren apurketa orokorra eragingo luke, ete bere hitzetan, horrek “Martutene eta Loiolako auzoen uholde arriskua areagotu dezake”. AHTren eraikuntzak akuifero eta ur emari askori kalte egiten die: mendien barrunbeek biltzen dituzten lurrazpiko urak eta iturburuak galtzen dira tunelen zulaketaren ondorioz; ibai eta erreketan gai kutsakorren isurketak etengabe gertatzen dira; erreken desbideratze eta ubideratzeek inguruneari kalte latza egiten diote obrako betelanak eta hondakindegiak egiteko…

Andoain-Urnieta zatiari dagokionez, errekasto eta ur iturrietan, besteak beste, izango duen eragina oso larria izango litzateke. Dagoeneko, bigarren sahiesbidearen obrek Buruntzaldeko zenbait ur iturri hondatu du. Buruntza eta Belkoain mendietatik datozen urek hornitzen dituzten iturriak suntsituko lituzke. Bestalde, obrarekin lotutako eraikuntza beharrek Buruntzako harrobiaren lanen jarraipena bermatuko luke, Belkoaingo harrobia berriro irekitzeko asmoa dute gainera, harria atera eta hondakindegia egiteko.

Nekazaritza lurrak etengabean suntsituak, zatikatuak eta porlanez estaliak izaten ari dira: Martuteneko ibarra Gipuzkoako nekazaritza-zonarik garrantzitsuenetarikoa izan arren, AHTak zigortuena da berdin Andoain eta Urnietan ere, berriki eraiki dituzten Autobiek eta Donostiako Bigarren Gerrikoak kalte handi eta konponezinak eragin baitiztuzte, eta orain AHTa etorriko litzateke, gainera.

AHTren etorrerak hiriaren hazkunde metropolitanoa indartuko luke, ingurua munstro urbano bihurtu eta ingurunea erabat suntsituaz: horren adibide dira AHTren nazioarteko Geltokien inguruan egiten diren negozio bidaiei harrera egiteko hotelak, bulegoak eta altuera handiko zementozko blokeak eta azken hirigintza plan handinahiaren (PTParen) 2.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko asmoa, Donostia hiria zabaltzeko asmoa dute Amaratik hasi eta Hernaniraino Urumea bailaran zehar zabalduaz.

Lurrak eta gure bailarek ezin dute AHT bezalako erasoak etengabe jasaten jarraitu.

Alerta piztu eta txikizioari denok aurre egin behar diogu.

 

Bihar azaroak 12 goizeko 10:15etatik 11:00etara Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzara (plaza de Pío XII, 6,Donosita) etortzera gonbidatzen zaituztegu zuek ere gurekin batera alegazioak firmatu eta entregatzeko.

Abiadura Handiko Trenaren aurkako taldeak