Urbina berreskuratu! Epaiketa salatzeko prentsaurrea Gasteizen

URBINA BERRESKURATU, AHT GELDITU!! EPAIKETARIK EZ! lelopean egingo diren mobilizazioetara deitzeko eta 2009ko Urbinako manifestaldian atxilotu zituzten AHTren kontrako ekintzaileen aurkako epaiketa salatzeko AHT Gelditu Elkarlanak prentsaurrea egin du Gasteizen.
Komunikatua - 2009ko Urbinako manifaren kronika - auzipetuen gutuna

URBINA BERRESKURATU, AHT GELDITU!! EPAIKETARIK EZ! Lelopean, AHT Gelditu Elkarlanak mobilizazioetan parte hartzera deitzen du, 2009ko Urbinako manifestaldian atxilotu zituzten AHTren kontrako ekintzaileen aurkako epaiketa salatzeko asmoz.

AHT Gelditu! Elkarlanak, urriaren 1eko mobilizazioetara deitu du, AHT proiektua  gelditu dezatela eskatzeko eta urriaren 5ean Gasteizko Epaitegian epaituko dituzten pertsonei elkartasuna adierazteko. Lagun hauek 2009an Urbinako manifestaldian gertatutakoengatik epaituko dituzte. Urriaren 1ean oinezkoen martxa bat abiatuko da Urbinatik, goizeko 10:30etan, eta Gasteizen bukatuko da. Ibilbidearen hasieran, AHT Gelditu! Elkarlanak Urbinako herritarrak omenduko ditu, bide luzea egin baitute Abiadura Handiko Trenari aurre egiten. Izan ere, Urbinan bertan hasi zituzten lanak, eta egindako herri galdeketaren emaitzek argi eta garbi erakusten dute herri honetako bizilagunak azpiegitura horren guztiz aurka daudela. Ibilaldiaz gain, AHT Gelditu! Elkarlanak Gasteizko manifestazio nazionalean parte hartzera deitzen dizue. Urbina berreskuratu, AHT Gelditu! Epaiketarik ez! izango da manifestaldiaren leloa eta Bilbao plazatik abiatuko da arratsaldeko seietan.
Mobilizazio hauen eta jada martxan dagoen autoinkulpazio kanpainaren helburua, urriaren 5ean epaituko dituzten lagunei elkartasuna adieraztea da. Gogora dezagun pertsona hauentzako 2 eta 4 urte bitarteko espetxe zigorra eskatu dutela. Autoinkulpazioen bitartez, geure egin nahi ditugu sei atxilotuei leporatzen zaizkien delituak, berdin-berdin atxilotu gintzaketen-eta beste ehunka pertsona ere egun hartan Urbinan.
Egungo demokraziak, nagusikeriaz jokatu ohi du eta entzungor egiten dio AHTren aurkakoen aldarriari. Haien arrazoiak eta bizitza aintzat har ditzaten, AHTren aurkako ekintzaileek erabili duten bidea ekintza ez-biolentoa izan da: desobedientzia, boikota eta laguntza-eza. Ez dituzte hartu, beraz, poteretsuek erabilitako indarkeria bideak; mina ematea ez baita ekintzaileen asmoa.
Historian zehar, denok aintzat hartutako hainbat desobedientzia mugimendu zibil izan dira. Adibiderik ezagunenetakoa Gandhi da. Indiar mordoak egin zuen bat harekin, gatza ateratzeko asmoz itsasora egindako martxan, ingelesen debekuari aurre eginez. Estatu Batuetako afroamerikarren apartheid-aren bukaerako bidea Rosa Parks-ek autobusean bere eserlekua gizonezko zuri bati uzteari uko egin zionean hasi zen. Himalayako Chipko emakumeek zuhaitzak besarkatzen zituzten hauen mozketa oztopatuz, zuhaitzak eguneroko bizigaiez hornitzeko ezinbezteko zituztelako. Estatu Batuetako eta Kanadiako aktibistak sekuoietara igotzen ziren hauen mozketa ere oztopatuz.
Agintariek bortxaz erantzun diete beti desobedientzia ekintza hauei guztiei, eta zenbaitetan ekintzaileak kartzelaratu edo hil egin dituzte. Beraien arrazoiak desobedientziaren bitartez eta bakez adierazi dituzten horien aurrean, poterearen indarkeria ageri-agerian geratu da.
Euskal Herrian ere mugimendu sozialak desobedientzia zibila eta ekintza ez-biolentoa asko erabili izan ditu:
Milaka gazteren ukoak eta gizartearen gehiengoak insumisioari emandako laguntzak, soldaduska bertan behera uztera behartu zuten Estatua.
Itoitzko urtegiaren aurkako mugimendua ere ezaguna da gurean. 1996an, ekintzaile batzuek lanerako makinak baliogabe utzi eta hormigoiaren garraio sistemaren sei kable moztu zituzten, lanak urtebetez geldiaraziz. Langile bat bera ere ez zen arriskuan egon, eta inork ez zuen minik hartu; hala ere, zenbait urte eman dute espetxean ekintzaileek.
AHTren kontrako desobedientzia zibila Italiako iparraldean hasi zen. Bertan, hamarkadak daramatzate Turin-Lyon abiadura handiko trenbideari aurre egiten. 2006an, Susa bailarako adin guztietako ehunka biztanlek kanpalekua antolatu zuten obretan. Kanporatu zituzten, baina ekin eta ekin, berriz jarri zuten kanpalekua. Azkenean, Italiako gobernuak amore eman behar izan zuen eta lanak urtetan egon dira etenda. Bost urte igaro dira eta Italiako gobernuak ibilbidea aldatu du, oposizioa txikiagoa izan dadin, baina, hala ere, ibilbide berriaren kontra ere, bat egin dute gehienek, Magdalenako erresistentzia gunean garbi ikusten den bezala.
AHTren aurkako Euskal Herriako mugimenduak ere desobedientzia zibilaren bidetik jo du. Hona zenbait adibide:
•    Zenbait urtez, “AHT ez ordaindu” kanpaina egin dute. Kontzientzia-objekzio kanpaina honen helburua AHT diruz ez laguntzea izan da, Eusko Tren eta Renfeko txartelak ez ordainduz; bi enpresa horiek AHTren laguntzaile direlako.
•    Itsasondon eta Galdakaon, 2009an, ekintzaile batzuk zuhaitz batzuetara igo ziren, AHTren lanetan bota ez zitzaten, eta zenbait orduz eutsi zioten.
•    2010ean, Mariaratz meatzetan, hormigoizko bidoi batzuetan kateatu ziren lau ekintzaile, tuneleko obrak bertan behera utz zitzaten. Baina gobernuak leherketak ez etetea erabaki zuen eta zenbait egunez pertsona horien bizitza arriskuan jarri zituen.
•    2011an, Iparralden, AHTren aurkako ekintza batean, ehunka pertsonak ez zituzten zundaketa-makinak pasatzen utzi.
AHTk ekonomian eta naturan duen kaltearen berri emateko ezin konta ahala oztopo daude, eta zenbait kanpaina eta ekintzaren helburua oztopo horiek gainditzea izan da:
•    AHTren eraikuntzan gutako bakoitzak gutxi gorabehera zenbat ordainduko dugun jakinarazteko, billeteetan zijilua jartzea
•    AHTren eraikuntzarako biztanle guztion ordainketa eskatzeko, benetakoen itxura zuten milaka gutun sartzea gutunontzietan.
•    AHTren eraikuntza ordaintzeko Eusko Jaurlaritzak egindako trafiko-isunen kanpaina bat simulatzea.
•    Ibaiak tindatzea, AHTren eraikuntzak akuiferoetan eragingo duen kutsadura salatzeko.
Bestalde, eraikuntza lanetan alferrik galdutako lurren okupazio sinbolikoak asko izan dira. Ekintza hauetan haziak eta ezkurrak erein ditugu. 2009an, Lurra Berreskuratu! Lelopean, ekintzaileek Urbinako lanen lurrak okupatu zituztenean, lurrok jendearentzat duten balioa aldarrikatu nahi zuten. Lur horien jabetza denoi kendu digute; elikadura burujabearen oinarri dira; aisialdirako eta gozamenerako paisaia; ondasunen iturri (sendabelarrak, perretxikoak, lorak…). Guztioi kendu digute, azken batean, lur horien etorkizuna erabakitzeko gaitasuna.
AHT gelditu! Elkarlanak elkartasuna helarazi nahi die AHTren aurka desobedientzia ekintza baketsuak egin dituztenei; hauen artean, 2009an Urbinan atxilotutakoei.
AHT Gelditu! Elkarlanak Estatuari eskatzen dio desobedientzia ekintza ez-biolentoei erantzun egokia eman diezaiela, polizia eta lege-indarkeria albo batera utz ditzala eta ez dezala nagusikeria erabil gizartearen eskaerei erantzuteko.
Gogora dezagun, bide batez, 18/98 sumarioa. Auzitegi Gorenak Joxemi Zumalabe errugabe hartu zuen honakoa argudiatuz: “Desobedientzia zibila Estatuari aurre egiteko zilegizko bidea da eta pentsamolde edo ideologioa hori gizarte demokratiko batean onartu behar da”.
Krisiak gogor jo gaituen sasoi honetan, AHT gordinki ageri zaigu. Osasun arloan eta hezkuntzan diru-murrizketa itzelak egin dituzte, baina AHTren inbertsioak berdin darrai. Inguruko lurraldeetan mugak ari zaizkio jartzen AHTri, baina hemen, zentzugabe jokatuz, aldez aurretik erabaki dute azpiegitura honek aurrera egin behar duela, nola edo hala. Frantziar estatuak oraintsu jakinarazi du bi urte hartuko dituela Lapurdiko abiadura handiko linearen beharraz hausnartzeko. Horretaz gain, Blanco ministroak ezarritako murrizketak zalantzan jarri du Zaragoza-Castejón zatia.
Beraz, une ona da proiektu hau berrikusteko eta Euskal Herriak dituen behar eta erronkei erantzuteko. AHTren kontrako mugimendua garbi ari da uzten proiektu hau gizartearen beharretatik urrun dagoela; izan ere, gutxi batzuen interes ekonomikoek sustengatzen dute azpiegitura. Era berean, gutxi batzuen interesek itxi eta eraitsi dute Kukutza gaztetxea Bilbon, nahiz eta Errekalde auzoa eta Bilbotarren zati handi bat gaztetxearen alde egon. Kukutzako asanbladak ere, senti dezala gure elkartasuna.
Jende antolatuaren desioak ez du ez hesi ez mugarik, Abiadura Handiko Trena gelditzea gure esku dago.

AHT GELDITU ELKARLANA
 Gasteiz, 2011ko irailaren 28

 

Urbina, 2009ko urtarrilaren 17. Durangoko Elkarlanaren kronika

Eguna hasteko, Urbinara doazen errepide guztietan Guardia Zibilaren kontrolak jasan behar izan genituen. Autobus guztiak geratu zituzten, eta ondorioz, manifestazioa ordu erdi berandu hasi zen. Durangaldetik joandako autobusetako batean guardia zibilen mehatxuak eta probokazioak entzun behar izan genituen (”esto es España, esto es una guerra y vais a caer todos”). Pixkanaka autobusak eta jendea herrira heldu eta manifestazioa hasi zen. Jende ugari elkartu ginen eta horrek indarra eman zigun. Bide osoan polizia autonomikoaren eta obretako zaindarien presentzia nabarmena zen.

Manifestazioa amaitu zenean, ehunka eta ehunka pertsona obretan sartzen ahalegindu ginen eta talde batzuek bertara heltzea lortu zuten. Berehala, polizia autonomikoen erantzun basatia hasi zen. Beste ehunka pertsona ondoko landan geratu behar izan ginen, ezin baikinen gehiago gerturatu polizien pilotakadak zirela eta. Obretara heldu zirenak lurrean eseri ziren protesta baketsua egiteko asmoz. Poliziek, ordea, hasieratik ekin zioten euren aurka erabateko bortizkeriaz: pilotakadak, porra kolpeak, furgonetak ziztu bizian obretan zeuden pertsonen artetik… Ondoko landan geundenok ahal izan genuen moduan babestu ginen erasotik, izan ere, pilotakadak etengabeak ziren eta alde guztietatik heltzen zitzaizkigun. Karga haietan, gure inguruan pertsona bat ikusi genuen sudurrean pilotakada jaso zuena. Obretara sartu zirenak egurtu eta handik bota ondoren, haietako bi atxilotu zituzten han bertan.

Atxilotuei babesa emateko eta protesta egiten jarraitzeko jende pilo bat luzaroan egon ginen obren ondoan eta bitartean beste asko herrirantz itzuli ginen. Urbinara bueltatu ginenok, denetarik jasan behar izan genuen bidean, eta gehienak identifikatu gintuzten. Bitartean, obretan geundenoi albiste beldurgarriak heltzen zitzaizkigun telefonoz herritik: polizien furgoneta piloa ari zen obretarantz joaten manifestazioa egin genuen pistatik bertatik, guri bidea ixteko asmoz. Poliziek pilotak bota eta bota jarraitzen zuten amaitu zitzaizkienera arte; orduan, beste furgoneta bat agertu zen eta pilota gehiago ekarri zizkieten. Helikopteroa ere etengabe ibili zen gure buruen gainean. Une batzuetan lurretik oso-oso metro gutxira ibili zen, modu arriskutsuan.

Azkenean, obretatik alde egitea eta herrira itzultzea erabaki genuen. Buelta eman eta itzultzen hasi ginenean, berriz hasi zitzaizkigun pilotakadak botatzen atzetik. Korrika hasi behar izan ginen landa guztia zeharkatu eta pistara heltzeko eta jende ugarik jaso zituen pilotakadak: batzuei lepoan eman zieten. Pistan sartu eta bueltatzen hasi ginenean, polizia guztiak furgonetak han utzita gure atzetik hasi ziren korrika eta kargatzen. Pista estua zen eta ezin genuen arineketan egin, ehunka pertsona baikeunden. Atzetik segika eta pilotakadaka geneuzkan bitartean, bagenekien laster aurretik ere agertuko zitzaizkigula.

Azkenean poiliziaz osatutako lerro bat topatu genuen aurrez aurre, eta une hartan, batzuk menditik joan ginen ihesi. Beste batzuk aurrera egiten saiatu ginen eta berriro ere karga bortitza jasan genuen. Leku horretan bertan, pista obren azpitik pasatzen da, zubi baten azpitik. Zubipe horretakoa benetan beldurgarria izan zen: bazterretatik egin genuen aurrera ahal zen moduan, baina poliziek porrekin egurtu gintuzten, pilotakadak botatzen hasi ziren zubipean inolako kontrolik gabe, edonorantz, edonori edonon jotzeko moduan… Zubipean, pilotakaden tiro hotsek itzelezko oihartzuna egiten zuten, eta leku itxi batean egonda pilotak edozein aldetatik etorri zitezkeen errebotez. Burua besoekin babestu, makurtu eta aurrerantz korrika egitea baino ezin genuen egin. Une horretan, Durangaldeko pertsona bati metro gutxira jaurtitako pilotakada jo zioten orkatilean. Karga horretan ere atxiloketak egon ziren. Gutako baten batek esandakoaren arabera, sekula ez du horrelako beldurrik izan: zubipeko 20-30 metroak amaibakoak izan ziren; ezin genuen begiratu pilotak nondik zetozen edo poliziak non agertuko zitzaizkigun porra eskuan zutela; arineketan baino ezin zen egin, baina hainbeste jende egonda hori ere zaila zen; zubipeko pilotakaden oihartzunak nerbioak dantzan jartzen zizkigun…

Nola edo hala aurrera egitea lortu genuen. Jende asko herrenka zihoan hartutako kolpeengatik, baina hala ere ahal genuen moduan korrika joan behar izan ginen.

Bitartean, menditik beste talde bat noraezean zebilen zubipeko kargatik ihesi. Talde horretakook etengabe izan genuen helikopteroa buru gainean eta itzulinguru ugari egin behar izan genituen azkenean herrira iristeko.

Herrira iristean Durangaldeko jende gehiena autobusetarantz joan ginen. Autobusak Urbinako industriagunean zeuden, autobiaren beste aldean. Ordurako, herriaren irteera guztiak poliziaz josita zeuden, eta autobusen inguruan ere furgoneta pilo bat zeuden. Autobus bi irteten ahalegindu zirenean, poliziek autobusak geldiarazi zituzten eta jende guztia jaitsiarazi eta hormara begira jarri zuten.

Bitartean, Urbinako kaleetatik ibiltzea ikaragarria zen, nonahi baitzegoen jendea zaurituta: batzuk herrenka, besteren bat bekokian izotza jarrita kolpeengatik… Geroago ere, autobusean etxerantz gentozela telefonoz jakin genuen herrian bertan poliziak oraindik sarraskia luzatzen ari zirela basakeria osoz.

Azkenik, guztiz lotsagarria izan zen komunikabide gehienek (salbuespen pare bat kenduta) zapatuan eta igandean izan zuten jarrera. Herrizaingo Sailaren bertsio ofiziala, gezurrez betetakoa, baino ez zuten zabaldu. Komunikabide horiek guztiek, tartean denok ordaintzen ditugun komunikabide publikoek, ez zuten egia esan.

 

 URRIAK 1: DENOK URBINA ETA GASTEIZERA

2009 ko urtarrilaren 17an AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, Arabako Urbina herrian egiten ari zen AHTko lan eremurainoko manifestazio bat burutu zen. Berau bukatutakoan, jende multzo handi bat AHTren plataformara igotzen saiatu zen. Esan behar da plataforma horretan ez zegoela ez makinarik ez ezer. Lehenengoak esertzen ari zirenean Ertzaintzaren oldarraldia hasi zen:
bertatik bertara botatako pilotakadak, borra-kolpeak... Bortizkeria herriraino zabaldu zen eta Urbinako herritarrak ere kolpatuak, irainduak eta mehatxatuak izan ziren. Herria eta ingurua luzaz setio egoeran egon zen. Hamarnaka kolpatu eta zauritu izan ziren eta hauetako batzuek erietxetatik pasatu behar izan zuten. Manifestari askok han bizitako izualdia ez dute erraz ahaztuko. AHTren aurkako oposizioa basaki zigortzea izan zuen helburu operazio militar honek.

8 lagun atxilotuak izan ginen. Komisaldegiko ia 3 eguneko egonaldian Ertzaintzaren partetik guztiz tratu oldarkor, umiliagarri eta iraingarri jasan genuen, konfiaantzazko abokatua izatearen eskubidea ukatu izan zitzaigularik. Komisaldegitik atera ginenean jakin izan genuen Auzitegi Nazionalera eraman nahi izan gintuztela baina bertako epaile batek kasua Gasteizko epaitegira itzularazi zuela.

Bi urte eta erdi pasa ondoren, basakeria honekin guztiarekin pozik ez eta urriak 5ean 6 lagunok epaiketa izango dugu, bosti 4 eta 2 urte bitarteko kartzela zigorra eskatzen zaigularik.

Behean sinatzen dugun auzipetuok honako hau aldarrikatzen dugu: Amalurra eta herrien geroa suntsitzeaz gain erabat xahutzaile den proiektu hau sustatzen duten politikariak izan behar zirela epaitu beharko lituzketenak eta ez gu. Geure delitu bakarra AHTak kendu digun lurra denbora batez berreskuratu nahi izatea plataforma huts batean eseriz – gehienok ez genuen lortu – eta euren borrak geure buruaz apurtzea izan da.

Hori dela eta, arrazoigabekeria hau salatzeko, Urriak 1erako AHT Gelditu! Elkarlanak deitutako ekitaldietan parte hartzeko deia egiten dugu: goizeko 10,30etan Urbina – Gasteiz ibilaldia. Bazkaria Gaztetxean eta gero, arratsaldeko 6etan manifa nazionala.

Halaber, autoinkulpazio kanpainako orria betetzea eskatzen dizuegu.

Eskerrik asko zuen sostenguagatik.

Eutsi AHTren aurkako borrokari, ez dezatela gu kikiltzearen helburua lortu.
 

Justo Arriola, Aitor Aspuru, Ekaitz Lotina, Imanol Madariaga, Pablo Remirez eta Julio Villanueva
( Urbinako auzipetuok )