AHT GELDITU Elkarlanaren oharra bihar ETS Bilboko Euskaldunan burutuko duen AHT-ren inguruko jardunaldi teknikoa salatzeko

Bihar, urtarrilaren 17an, Nuria Lopez de Gereñu-k, Gasteizko Gobernuko Garraio sailburuak, Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den eta Eusko Trenbide Sareak antolatutako “burdinbideen teknologia berriak eta eraikuntza tekniko berrien Jardunaldiak” irekiko ditu.

Topaketa berri honen aurrean, AHT Gelditu! Elkarlanak salatu egin nahi du Jaurlaritzaren prepotentzia eta buru gogorkeria Y Grekoaren proiektuarekin aurrera jarraitzeko. Topaketa berri honekin argi eta garbi erakusten du ez daukala inongo borondaterik AHT-ren atzean ezkutatzen ari den jendarte eta garraio ereduaren inguruko eztabaida partehartzailea irekitzeko.

Zoritxarrez, Ibarretxeren Gobernuaren helburu bakarra eztabaida garrantzitsu hori alboratzea da eta Abiadura Handiko Trenaren proiektu inposatzailea ahal den moduan aurrera ateratzea. Jarrera antidemokratiko hau oraindik larriagoa da ikusten ari garenean herri kontsulten bitartez herriari galdetzen zaionean AHT-ren inguruan gehiengo zabala proiektu erraldoi honen kontra posizionatzen dela. Horregaitik, hau ikusita, Nuria lopez de Gereñu andereari egiten diogun galdera hauxe da: non oinarritzen dituzu joan den astean Estatuko egunkari batetan egin dituzun adierazpenak esanez herritarren gehiengoa Y Grekoaren alde dagoela?.

Berriz ere, adierazi nahi dugu, ez dela garaia AHT-ren inguruko arazo teknikoen inguruan hitz egiteko eta propaganda merkea egiteko. Oraindik garaia da AHT proiektua gelditzeko, informazio objetiboa zabaltzeko, eztabaida pizteko eta herriaren hitza eta erabakia errespetatzeko.

Azkenik, dei bat egiten diegu euskal herritar guztiei, orain arte egin duten moduan, aurrerantzean ere herriz herri, auzoz auzo lanean eta borrokan jarraitzeko AHT-ren proiektu txikitzailea gelditu arte.

2007-ko urtarrilaren 16an