Txikitzaileak kalteordaina eskatzen

Orain dela hiru urte Euskotren-ek AHTren eraikuntzan duen erantzunkizuna salatzeko Durangon trenbidean bidoi batera kateatu ziren pertsona bien aurkako epaiketa gaur goizean izan da. Beraikein elkartasuna adierazteko eta AHTa eta Euskotren-ek ematen dion bultzada arbuiatzeko kontzentrazioa egin dugu Bilbon epaitegi aurrean, jendearen artean eskuorria banatuz.

Askenean urte eta erdiko kartzela zigorreko delitu eskaera falta batean gelditu da. 40 eguneko isuna jaso dute, eta Euskal Trenbide Sareak eskatutako kalteordaina ordaintzea.

Bitxia da  AHTaren obrak egiten ari diren kalteak ikusita, oraindik ere triskantza hori gelditzen saiatzen gabiltzanok izatea kalteordainak pagatu behar ditugunak.

Eskuorria:

AHTren AURKAKO MUGIMENDUAREN KONTRA ERREPRESIORIK EZ

Gaur, osteguna, abenduak 1, Bilbon bi pertsona epaituko dituzte, Durangoko Euskotrenen trenbideetara lotu zirelako 2008ko Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan. Ekintza horrekin tren zerbitzua eten zuten, Abiadura Handiko Trenaren ondorioak salatzeko asmoz. Proiektu horretako obrak hasi berri zeuden orduan, eta gaur egun, hiru urte beranduago, proiektatutako obra osoaren laurdena ere ez den arren, 700 milioi euroko gastua ekarri die estatuari eta EAEri, eta Euskal Herrian bizi dugun guztioi gure inguruaren suntsipena ekarri digu. Suntsipen hori ez da bakarrik paisaiarena, baizik eta, batez ere, gure bizimoduarena eta gure kulturarena. Era berean, Euskotrenen tren zerbitzua eten zenean, Euskotrenek proiektu honetan parte hartzen duela salatu nahi zen, bera izango litzatekeelako AHTren operadorea, eta Euskal Trenbide Sarea, Euskotrenen azpiegituren arduraduna.

Hiru urte beranduago, kateatu ziren bi pertsonak epaiketara deitu dituzte gaur. Fiskalaren eskaera urte bete eta erdiko kartzelaldia da, gehi 1.000 euro baino gehiagoko kalte-ordaina ematea Euskotreni, sortutako kalteengatik (galera ekonomikoa). Fidantza ere eskatu zitzaien, epaiketaren zain zeuden bitartean, 2.500 eurokoa bakoitzari, eta ez ordaintzea erabaki zuten.

Desobedientzia zibileko ekintza bat egiteagatik kartzela eskaera honen atzean ikusten duguna da, argi eta garbi ikusi ere, gobernuak eta erakunde publikoek AHTren aurkako mugimendua zapaldu eta kriminalizatu nahi dutela. Horrela, beren proiektua egiten jarraitu nahi dute; guk proiektua aspalditik kritikatzen dugun arren, gaineratu behar dugu bizi dugun krisialdi honetan (krisi ekonomikoa dela diote, baina krisi ekologiko, energetiko eta soziala ere bada) inoiz baino alferrikakoagoa dela.

AHTren AURKAKO MUGIMENDUAREN KONTRA ERREPRESIORIK EZ
AHTrik EZ!

Etiketa(k):