AHT Gelditu! Elkarlanaren atxikimendua martxoak 29ko Greba Orokorrarekin

AHT Gelditu elkarlanak martxoren 29ko Greba Orokorraren deialdiarekin bat egiten du eta komunikatu honen bidez azaltzen du greba bultzatzeko arrazoiak. Aldi berean AHTren lan eremuetara joateko deialdia egiten du, langileei AHTren aurkako arrazoiak azaltzeko eta grebara eta mobilizazioetara batzera gonbidatzeko.

AHT Gelditu! Elkarlanaren atxikimendu prentsa oharra martxoak 29ko Greba Orokorraren deialdiarekin:

AHT = Lan esplotazioa
Egoera lazgarri honen erdian, Hego Euskal Herrian 200.000 pertsona langabezian eta 900.000 pertsona txirotasun mugan bizitzen, gobernu ezberdinek AHT krisitik ateratzeko aukeratako bat dela esaten darraite. Baina errealitatea burugogorra da: AHT lan esplotazioaren sinonimoa da. Egiten diren lan kontratuak Euskal Herriko hitzarmenetatik kanpo gelditzen dira. 12 ordu edo gehiagoko lanaldietaz ari gara, lan segurtasunik gabeko baldintzetan, eta dagoeneko, 5 langileren heriotzak eta 8 istripu larri eragin dituzte. Gaur egungo errezesioaren aurrean ezin ahaz dezakegu honelako krisi egoerak izaten direla langileen aurkako politika erasokorrak sartzeko unerik hoberenak lan malgutasuna, lan baldintzen prekarizazioa eta kaleratze librea. Gaur egungo krisia enpresari handien eta elite politikoen eraso zuzena da, eta era berean, beren boterea neurri gabe handitzeko aitzakia da langileen aurkako lan erreforma berriak onesteko.

AHT = Zarrastelkeria
Euskal Y-aren eta Nafar Korridorearen kostu orokorra 9.000 milioi euro inguruan dabil. Krisi ekonomiko lazgarri honen erdian, Gasteizko zein Iruñeko gobernuek AHTren lanak atzera bueltarik gabeko egoerara eraman nahi dituzte ahalik eta bidetarte gehien esleitu eta lanak abiaraziz. Baina oraindik ere, bidetarte korapilatsuenak esleitu gabe daude, hiriburuetarako sarrerak eta burdinbide, elektrifikazioa, eta zerbitzu auxiliarrak.

AHT = Murrizketa sozialak
Nafar Gobernuak, aurten, 134 milioi euro gastatuko ditu AHTn, euskarari, Lan Osasun Institutuari eta Emakumearen Institutuari emanen dien baino 6,5 bider gehiago. Nafarroako Unibertsitate Publikoarendako bideratuko duena baino 2,5 bider gehiago eta oinarrizko errentari ematen dion baino 8 aldiz gehiago. Eta hau guztia, Nafarroan 52.000 langabetu eta 7.500 familia inolako diru-sarrerik gabe ditugula egiten dute. EAEn Eusko Jaurlaritzak, aurten, 380 milioi euro gastatuko ditu AHTn. Larrialdi Sozialeko Laguntzetarako baino 22 bider gehiago gastatuko dute eta oinarrizko errentarako baino 1,4 bider gehiago. Betiko trenean gastatu dutena baino 50 aldiz gehiago gastatuko dute AHTn. Edo 13 aldiz gehiago haur eta lehen hezkuntzara bideratuko dutena baino eta 10 aldiz gehiago Lanbide Heziketa eta bigarren hezkuntzara bideraturikoa baino.

AHT = Erruina = Pelotazoak
Honek guztiak eta AHTk erakutsitako erruina beste hainbeste azpiegitura erraldoi inutilekin, hutsik dauden aireportuak esaterako, argudio nahikoak dira AHT langabezia eta krisi ekonomikoarendako inongo panazearik ez direla baieztatzeko. Ez da kasualitatea espainiar Estatua Europaren buruan egotea AHT, autobide eta autopisten kilometro kopuruan eta era berean, langabezi eta krisi mailan lehen rankinean ere egotea. AHT expolio mota berritua izan daitekeelako ote? Azpiegitura handiek aberastasuna, lana eta ongizatea ekartzen duten ameskeria horretatik iratzarri egin beharko gara behingoz. Eta aberastasunik ekartzen badute, bere sustatzaileendako da bakarrik.

AHT = Jendarte elitista
AHT ez da beste pelotazo bat, eraikuntzaren sektorearen eta administrazio publikoaren arteko konplizitatean oinarritua. Abiadura handia, pertsonen eta merkantzien mugikortasun orokor bat bilatzen duen jendarte ereduaren izarra da. Metropoli handiak indartu nahi dituen jendarte eredu batean oinarritzen dena, lurraldea eta bertan ematen diren bizimoduak suntsituz. AHTk herrietako bizilagunak kaltetzen ditu, haien lurraldera iristen denean, oraindik ere bidai-txartel arrazoizkoak zituzten betiko tren zerbitzuak desagerrarazten baititu. AHT, bere bidai-txartel garesti hori ordain dezaketen exekutibo eta elite ekonomikoendako trena baino ez da. Espainiar Estatuan AHT linea bat bera ere errentagarria ez den arren, eta merkantziak garraiatzeko zailtasun larriak dituen arren, urtez-urte, makroazpiegitura honen aldeko apostua bere horretan darraiela ikusten dugu.

AHT = Elikatzen gaituen lurraren suntsipena
Dudarik gabe, azpiegitura megalomano hau gelditzeko une egokian gabiltza oraindik ere. AHTren eraikuntzarekin jarraitzeak herriaren etorkizuna hipotekatzea suposatzen du oinarrizko zerbitzu publikoen kalitatea txikituz eta ekosistemak, bioaniztasuna eta lurraren suntsipena ekarriz.

AHT GELDITU ELKARLANA