Hiria Gelditu eta Pentsatu. Epaia

Gaur goizean Donostiako Epaitegiaren aurrean elkartu gara AHTaren aurkarien kontrako errepresioa eta epaiketak salatzeko. 2008ko abuztuaren 3an burututako Abiadura Handiko Trenaren aurkako ekintzan parte hartutako hamaika pertsona epaitu dituzte.  Bertan akordio batera iritsi dira fiskaltzarekin. Beraz azkeneko ondorio bezala bidoietan zeuden 6 lagunei, bete beharko ez duten, 6 hilabeteko espetxe zigorra eta beste bostei falta ezarri diete.

Ekintza hartan AHTen lanek dakarten txikizioa salatu eta gogoetarako deia egin zuten. Hiria gelditu eta pentsatu. Donostiako kaleetan sei pertsona kateatu ziren porlanez beteriko edukiontzietan. Gure bailarak, azpiegitura handien bidez itotzen dituen porlan bera erabiliz, alegia. Horrela, beste behin ere, AHTa eta honek dakarren gizarte eredua guztiz gaitzesten dela adierazi zuten.

20 urte baino gehiago darama borroka honek eta asko izan dira honen harira egindako aldarrikapen eta ekintzak. Azken aldian, AHTaren aurkako mugimenduak estatutik jaso duen errepresioa  zorrotza eta bortitza izan da. Poliziaren indarkeriaz gain, epaiketa errepresiboen bidez (kartzela eskaerak, isun ekonomiko sinestezinak) AHTaren aurkako borroka ahuldu nahi dute. Donostiako  epai honetaz  gain, beste hainbat kasu daude, non fiskalak neurriz kanpoko eskaerak egin dituen. Horren adibideak dira 2010ean Itsasondoko mehategietan egindako ekintza, eta duela hilabete gutxi Yolanda Barcinari oparitutako tartakadak jasotako 4 eta 6 urte arteko zigor eskaerak. Guzti honen aurrean epaituak izango diren guztiei elkartasuna adierazten diegu.

 

Etiketa(k):