Jaurlaritzari: 2013an AHTri dirurik EZ! Prentsaurrea eta kontzentra deialdia 20F

AHT Gelditu! Elkarlanak 2013ko aurrekontuetan Eusko Jaurlaritzari AHTrentzat partida ekonomikorik onar ez dezala eskatzen dio eta honekin batera, otsailaren 20rako elkarretaratzeak deitzen ditu Eusko Jaurlaritzaren Donostiako eta Bilboko Ordezkaritzen aurrean, AHT behingoan geldi dezatela eskatzeko.

JAURLARITZA:
AHTrako Diru Gehiago EZ


AHT GELDITU! ELKARLANAK EUSKO JAURLARITZA BERRIA AHTren PROIEKTUAREN INGURUAN INTERPELATZEN DU

- Elkarretaratzeak deitzen ditu otsailaren 20rako, Eusko Jaurlaritzak Donostian eta Bilbon dituen Ordezkaritzen aurrean.

AHT Gelditu! Elkarlanak, Abiadura Handiko Trenaren aurkako koordinadorak, prentsaurreko hau antolatu du Eusko Jaurlaritza AHTren proiektuaren inguruan interpelatzeko. Honela, gaur gurekin hemen bat egiten duten hainbat gizarte eragile eta ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuen sostenguarekin, Eusko Jaurlaritzari AHTren proiektua behingoan gelditzea eta bertan behera uztea eskatzen diogu. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuek gizartearen oinarrizko beharrak bermatzea lehenetsi behar dutela uste dugu (hezkuntza, osasungintza, gizarte zerbitzuak eta beste) eta ez baliabide publikoen xahutzailea eta lurraldearen suntsitzailea den AHT moduko proiektu elitistak. Proiektu hau gaur egun, azpiegitura handien eredu gisa agertzen zaigu: defizitaren sinonimoa dena, errentagarritasunik gabea, zarrastelkeria hutsa dena eta gure lurraldea saretzen ez duena.

Ziurgabetasun ekonomikoen garaiak dira hauek prestakuntza eta gastu sozialen etengabeko murrizketekin. Euskal ekonomiarentzat jasangaitza da batere erabilgarritasun sozialik ez duen azpiegitura defizitario honetan tamaina horretako dirutza xahutzea. Hego Euskal Herrian AHTren eraikuntzarekin jarraitzeak gure herriaren etorkizuna hipotekatzea dakar, oinarrizko zerbitzu publikoen kalitatea jaitsiz eta gure ekosistemak, bioaniztasuna eta gure bizigaien oinarria den amalurra suntsituz.

Euskal Y-an aurrekontuaren herena bakarrik gastatu den arren, dagoeneko sozialki, ekonomikoki eta batez ere ingurumenari dagokionez jasan ditugun eraso eta kalteak nabarmenak dira: lurraldeari egindako kalte itzelak, lurren okupazioa, zabortegi berrien sorrera, harresi efektua, harrobi berrien irekiera edo daudenen gain esplotazioa zementua ekoizteko, CO2 isurketak, kutsadura, e.a.

Duela bost urte pairatzen dugun krisi ekonomiko larriaren ondorio latzena Europako langabezia tasa altuena edukitzea da, soilik Greziak eta Espainiak baino bajuagoa duguna. Geraldi egoera honetatik ateratzeko aukerak ez dira batere argiak zulo ekonomikoa handitzen baitoa. Klase xehe eta herrikoien poltsikoak hustutzen jarraitzen duten bitartean, pentsioak izoztuz, lansariak gutxituz, lanak prekarizatuz eta osasungintzan, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan murriztuz, AHTren eraikuntzarekin soilik eraikitzaile zehatz batzuk aberasten dira, gizarte ezberdintasunen tartea handituz doan bitartean. Eta hau guztia, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin gertatzen ari da, gobernuko kideek elite ekonomikoen interesetara makurtzen diren titere moduan jarduten baitute.

AHT eraikitzeak lanpostuak sortzen dituela esaten digute. Jakina, baina sortzen duen lanpostu bakoitzeko (lan eta soldata baldintza ezin txarragoetan eta aldi baterako bakarrik) lau lanpostu galtzen dira egiten diren murrizketengatik, hauek bai egoki ordainduak, iraunkorrak eta kualifikatuak direnak. Adituek egindako ikerketa sinesgarri bat bera ere ez dago AHTn egindako inbertsioa defendatuko duenik. Baliabide hauek zulorik gabeko azpiegitura honetan zarrasteltzen dira gure enpresa txiki eta ertainek behar duten finantziazioan lagundu beharrean edota behar ekonomikoak dituzten milaka sendien egoera hobetu beharrean. AHTren eraikuntzak eta funtzionamenduak sorturiko zorrak (Lemoizko zentral nuklearraren lanen eraikitze saioarekin gertatu bezala) datozen 50 urtetan edo gehiagotan ordaindu beharko ditugu, kostua baino hamar bider gehiago ordainduz, jakina.

AHTk ez du lurralde kohesioan laguntzen soilik hiriburuak lotzen baititu eta metropolizaturiko eredua bultzatzen du. Kaltetutako udalerriek bizi kalitatean eta ingurumenari dagokionez inpaktu zerrenda luzea pairatzen dute. Garraio aukerei dagokionez hobetu beharrean txarrera joan daitezke, gaur egun indarrean dauden aldiriko trenak desagertzeko aukerak baitaude, beste lurralde batzutetan gertatu bezala.

Estatu espainiarrean gertatzen den moduan, hau da, mantenimendu eta esplotazio kostu handiak eta bidaiari kopuru eskasa, AHTk Euskal Herrian ez du inongo errentagarritasun ekonomikorik, nabarmenki defizitarioa delarik, eta ondorioz, etengabeko finantziazio publikoa beharko luke bere funtzionamendurako. Proiektua justifikatzeko bidean, linea hauek merkantzia trafiko garrantzitsu bat izango zutela aipatzen badute ere, abiadura handiko politikak merkantzien tren-garraioa maila erresidual batera baztertzen du. Izatez, CEOEk eta bidai-antolatzaileek beraiek ere, abiadura handiko lineak merkantziak eramateko ezegokiak eta ziurtasun gabekoak direla adierazi dute.

Azkenik, euskal gizartearen baitan AHTrekin inolako kontsentsurik, informaziorik edo eztabaidarik eman ez dela nabarmendu nahi dugu eta hauen ordez propaganda, inposaketa eta aurkaritzaren kriminalizazioa ezarri dituztela. Beste behin ere AHT inongo zilegitasun sozialik ez duen inposaturiko obra dela adierazi nahi dugu.

Arestian aipatutako arrazoiengatik, AHT Gelditu! Elkarlanak 2013ko aurrekontuetan Eusko Jaurlaritzari AHTrentzat partida ekonomikorik onar ez dezala eskatzen dio eta honekin batera, otsailaren 20rako elkarretaratzeak deitzen ditu Eusko Jaurlaritzaren Donostiako eta Bilboko Ordezkaritzen aurrean, AHT behingoan geldi dezatela eskatzeko.


AHT GELDITU! ELKARLANA