Lurra da etorkizuna

Irun eta  Pasaia artean Gaintxurizketa dago, Jaizkibel mendiaren hegoaldean. Eremu eder hau baserri lurrak osatzen du eta  oasi irla bat da porlana nagusia den Gipuzkoan. Arnasgune da kutsadura maila altua duen eskualdean.

“Pasaia-Irun artean eraiki nahi duten plataforma logistikoak hamabost hektarea lur okupatuko ditu eta hamasei trenbide izango ditu”  irakurri genuen duela gutxi. Eusko Jaularitzak bultzatu nahi du eusko tren, tranbia eta  abiadura handiko trena lotuko lituzkeen tren eremua edo intermodala.  Trenbideak dagoeneko eginak dauden lekuetatik kendu nahi dituzte (Irun) eta eginak ez dauden lekuetan, egin (Gaintxurizketa). Nork ulertzen du hau?

Ulrgaitza da benetan. Intermodala beste egitasmo zabalago baten lehenengo urratsa litzateke. Ondoren plataforma logistikoa eta errepidea etorriko lirateke. 180 hektarea lur okupatuko luke egitasmo osoak.

Gaintxurizketan  baserri eder aberatsak daude. Eta  izenak dituzte. Errekaldezar, Sto. Kristo Abendaño, Abendaño berri, Itsuebekoa, Itsuerdikoa, Itsuegoikoa, Granada eta Granada berri deitzen dira  eraitsiko lituzketen baserriak aipatu plataforma egiteko. Errikoetxea, Martaetxea eta Bakarraztegi izenekoak errepide, trenbide eta loturengatik kaltetuak suertatuko lirateke.
Errekak ere badira Gaintxurizketan. Bakarraztegi, Patxillaborda, Arriaundi eta Apaiziartza deitzen dira eta lurpean geratuko lirateke. Eta beraiekin batera Itsueko aztarnategi arkeolojikoa. Babes berezia dituzten haltzadiak ere desagertuko lirateke. 

Gaintxurizketakoa bezalako eremuek onurak besterik ez dakarzkigute, etengabe. Nekazariek lur ezin hobeagoek baliatu eta baliatzen  dituzte  kalitate handiko jakiak ekoizteko  elikadura burujabetza belaunaldiz belaunaldi bermatuz. Mendeetan zehar baserritarrek maitasunez eta ahalegin handiz landutako larreek abereak elikatzen dituzte. Mota guztietako zuhaitz, sastraka eta landareek botikak eta haize garbia bermatzen dizkigute, hegaztien eta biodibertsitate zabalaren babesleku eta bizitoki diren bitartean. Errekek ur garbia oparitzen digute. Ez al dakite hau guztia Urkulluk eta Oregik? "Oinarrizko Hezkuntza" ez al dute egin? Ondare hau datozen belaunaldiei ukatzeko eskubiderik ez duzu Eusko Jaularitza!.

Lurra da etorkizun duina izateko berme bakarra.. Emakume eta gizon baserritarrek lurra izerdiz landu dute mendeetan zehar, paisaian kultura, historia eta memoria gordeaz. Lurrari lotutako ekonomia, harremanak, gaitasunak, trebeziak, tresnak, jakinduria, ohiturak eta bizimoduak marraztuak eta idatziak daude muino, zelai eta basoetan. Beraz, paisaia gozamena eta lasaitasun iturri ezin ederragorik izateaz gain memoria ere bada. Aintzinatik gaur egun arte nola bizi izan direnaren memoria. Memoria historikoa. Hau guztia ezabatzea memoriaren aukako erasoa litzateke. Eta memoria ezak noraezezko etorkizuna dakar.

Nekazaritzak bizirik jarraitzen du Gaintxurizketan gaur egun ere. Bertan bertakoa, garaian garaikoa, eta askotan ekologikoa ekoizten dute baseritarrek . Ekoizle eta bezeroen artean kapitalismorik gabeko harremanak sortzen dira, konfidantzan eta elkartrukaketa duin eta justo batean oinarrituak, bitartekaririk gabekoak gehienetan. Gaintxurizketako baserri lurrak  bizimoduak eta bizilekuak bermatzen ditu. Jendarte justoago baten hazia eta eredua da. Irun-Pasaia plataforma logistikoak hau guztiarekin bukatuko luke. 

Agintariek  bizitzaren oinarriak etengabe desagerrarazten dituzte zementuzko basamortuari bidea egiteko. Beste edozein gudatan tankeak erabiltzen dituzte lurraldeak eta herriak garaitzeko. Porlanak lurra ordezka dezan tankeen ordez hondeamakinak erabiltzen dituzte, lurraren eta herrien aurkako guda mozorrotu honetan.

Zeren izenean planifikatu daiteke hainbeste kalte?

"Garapena, aurrerabidearen eta hazkunde ekonomikoaren izenean" erantzungo dute bere bultzatzaileek. Betiko mantra. Ikusten ari gara ordea AHTrekin gertatzen ari dena: milaka milioi euroko zorra sortzen du azpiegiturak herritarrontzako.

Ezin diegu gauza bera egiten utzi Irun-Pasaia plataforma logistikoarekin.
AHTren egitasmoaren baitan kokatzen da plataforma, eta AHTa gelditzeko eskatzen dugun bezalaxe, plataforma hau ez eraikitzeko ere exijitzen dugu.
Eusko Jauklaritzak gure dirua aurreratzeko asmoa erakutsi du oraingo honetan ere, "Espainako Sustapen ministerioaren pasibitatea ikusita". Herritarrok galerazten ez badiegu agintariek natura suntsitzen eta dirua xahutzen jarraituko dute beraien eta enpresa eraikitzaileen onurarako. Utziko al diegu berriro ere aurpegira barre eta kaka burutik behera egiten?

Sinatzaileok:
 Mertxe González Marcos
 Lucia Calvo Sanchez
 Amaia Oca Peña
 Jone Fernández Zabaleta
 Ruth López Herrero
 Beatriz Arana Ortiz

Bidasoaldeko biztanleak.

Etiketa(k):