AHT GELDITU! Elkarlanaren balorazioa EAEko parlamentuan eztabaidatuko den AHT-ren inguruko legez besteko proposamena dela-eta

KRIMINALIZAZIOA ETA ERREPRESIOA BAZTER UTZITA, BEHARREZKOA DA EZTABAIDA ZABAL ETA PARTEHARTZAILEARI BIDE EMATEA

AHT Gelditu! Elkarlana-tik gogor salatu nahi dugu bihar Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatzeko PSE-k aurkeztu duen AHT-ren inguruko Legez Besteko Proposamena. Lehenik eta behin PSE-ren jarrera koldarra eta antidemokratikoa kritikatu nahi dugu. Zalantzarik gabe, proposamen honekin PSE-k AHT-ren aurkako mugimendu sendoa eta zabala kriminalizatu egin nahi du. Horretarako, ekimen honekin legebiltzarraren babesa lortu nahi du AHT-ren aurka dagoen gehiengo sozial eta sindikalaren gainean Jaurlaritzaren makinaria errepresiboa martxan jartzeko.

Bestalde, lotsagarria iruditzen zaigu PSE-k ez-legezko proposamen hau aurkezteko aitzakia izatea joan den azaroan, inongo kontrasterik egin gabe, Grupo Vocento-k argitaratu zuen albistea. Euskal Sozialistak taldeak sasi-informazio hau Ez Legezko Proposamenaren oinarri bezala erabiltzeko arrazoi bakarra AHT-ren aurkako mugimendu anitza toxikatzea eta erosionatzea besterik ez da. Inongo lotsarik gabe, PSE-k ekimen honekin Legebiltzarraren argi berdea lortu nahi du, besteak beste, Urbina bezalako herrien okupazio polizialak, funtsik gabeko atxiloketak, identifikazio masiboak, jazarpen arbitrarioak edo herri mugimenduaren kriminalizazioa burutzeko.

Gainera, onartezina da, PSE-k, Ibarretxeren Gobernuaren laguntzarekin, estrategia errepresibo hau bultzatu egin nahi duela konturatzen ari direlako egunetik egunera herrietan, eskualdeetan eta Euskal Herri osoan AHT-ren aurkako mugimendua indartzen eta zabaltzen ari dela. Filtraketa eta jarrera antidemokratiko honen atzean dagoena da PNV eta PSE urduritzen hasiak direla eta, ondorioz, edozein gauza egiteko prest daudela AHT eraikitzeko. Bide errepresiboak eta polizialak barne.

Dena dela, AHT Gelditu! Elkarlanetik, bide antzu eta antidemokratiko hauek salatzeaz gain argi dugu ez gaituztela AHT gelditzearen bidetik mugituko. Ez hori bakarrik, dei bat egiten diegu AHT-ren aurka dauden mugimendu eta herritarrei, hemendik aurrera inoiz baino indartsuago indarrak bildu, antolatu eta herriz herriz inposizioari eta txikizioari aurre egiteko.

Horregatik, bihar Gasteizen tratatuko den Ez Legezko Proposamen honen aurrean, AHT Gelditu! Elkarlana-tik Legebiltzarreko talde parlamentario guztiei hauxe exijitzen diegu:

  • Alde batetik, atzera bota dezatela kriminalizazioa eta errepresioa bultzatu nahi duen Ez Legezko Proposamen hau.

  • Eta bestetik, AHT-ren inguruko gatazkari bide demokratikoa zabaltzeko bitartekoak ipintzea. Hau da AHT gelditzea, eztabaida zabala eta partehartzailea burutzeko eta gero herriaren hitza errespetarazteko.