AHTren kontra ustez ETAk egin nahi dituen ekintzak gaitzetsi ditu Legebiltzarrak

Berria. estitxu ugarte. Gasteiz

Obraren segurtasuna bermatzeko eskatu diete gobernuei PPk, PSE-EEk, EAJk eta EAk. Vocento taldeko hedabide batek argitaraturiko informazioak oinarri hartuta, eta abiadura handiko trenaren kontra ETAk ekintzak egin nahi dituela ziurtzat hartuta, PPk, PSE-EEk, EAJk eta EAk botoak bildu dituzte Eusko Legebiltzarrean ustezko ekintza estrategia hori gaitzesteko. Atzo osoko bilkuran onartutako legez besteko proposamenak honela dio hitzez hitz bere laugarren puntuan: «Euskal trenbide sarearen lanak gelditzeko edo atzeratzeko ETAk diseinatutako ekintza bandalikoak eta sabotajeak gaitzesten ditu Eusko Legebiltzarrak».

Halaber, AHTren segurtasuna babesteko Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren arteko koordinazio tresnak babesten dituztela adierazi dute proposamena aurrera atera duten talde politikoek. Era berean, AHTren aldeko erabateko apustua berretsi zuten, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoaren garapenerako egitasmo estrategikoa dela nabarmendu zuten.

Aralarrek eta EB-Berdeek ez zuten proposamena babestu, eta bozketan abstenitu egin ziren. Ezker Abertzaleak, berriz, ez zuen bozketan parte hartu, eta gogor kritikatu zuen onartutako testua.

AHTren aurkako «ekintza bandalikoak» gaitzesteko ekimena PSE-EErena izan zen, baina jatorrizko bertsioa gainerako talde politikoekin adostu ostean aldatu behar izan zuen. PSE-EEko legebiltzarkide Rodolfo Aresek Espainiako hedabideak emaniko informazioa «benetakoa» dela argudiatu zuen osoko bilkuran. Gainera, dagoeneko sabotajeak eta ekintza bandalikoak jazo direla ziurtatu zuen, eta ETAk AHTren kontra diseinatutako ustezko planak «ezker abertzalearen jarrera indartzeko helburua» duela nabarmendu zuen. EAJko Juan Antonio Arieta-Araunabeñak, berriz, indarkeria erabiliz egitasmoa gelditzeko edo atzeratzeko asmoa duten taldeek zilegitasunik ez dutela adierazi zuen, eta AHTk euskal gizartearen gehiengoaren babesa duela esan zuen. Arieta- Araunabeñaren esanetan, tren sarea eraikitzea ezinbestekoa da, eta «demokratikoki egitasmo bikaina» dela esan zuen. EAk ere proposamena babestu zuen, baina Juan Porresek ezker abertzalearen kontrako eztabaida ekiditeko deia egin zuen. Nolanahi ere, «egitasmoaren kontra dauden mehatxuei» aurre egin behar zaiela esan zuen.

PPk hasieratik esan zuen «indarkeria ekintza» horien egileak «izen-abizenez» aipatu behar zirela testuan, bestela ez zutelako babestuko. Alderdiko bozeramaile Leopoldo Barredak Lemoizko zentral nuklearra gogoan izan zuen, eta horretan gertatutako «sarraskia» errepikatzea ekidin behar dela esan zuen.

EB-Berdeek ez zuten bat egin proposamenarekin. AHTren kontra daudela gogoratu zuen Oskar Matute legebiltzarkideak, baina egitasmoa gelditzeko indarkeriaz baliatzea arbuiatu zuen.

Bestetik, EABko eledun Julian Martinezek proposamenaren helburua egitasmoaren kontra dagoen gizarte mugimendua «kriminalizatzea» dela salatu zuen, eta hedabideen intoxikazioaz baliatzea kritikatu zuen. Halaber, Aralarreko Aintzane Ezenarrok esan zuen ezin dela ustez egon daitezkeen sabotajeak salatu, eta desobedientzia zibila defendatu zuen.

«Ezker abertzalearen jarrera indartzeko helburua dute ETAk AHTren kontra egin nahi dituen sabotajeak»

rodolfo ares. PSE-EEko legebiltzarkidea

«Euskal trenbide sarearen egitasmoaren kontra dauden mehatxuei aurre egin behar zaie»

juan porres. EAko legebiltzarkidea

«Kriminalizazio saioa» salatu du AHT Gelditu Elkarlanak

Abiadura handiko trenaren kontra dagoen gizarte mugimendua kriminalizatzeko saioak, eta errepresioa baztertzeko eskatu du AHT Gelditu Elkarlanak, eta beharrezkoa den eztabaida zabala eta partehartzailea garatzeko exijitu du.

Eusko Legebiltzarrean onarturiko proposamenaren oinarria Vocento taldeak argitaratu zuen «sasi informazioa» dela aipatu du Elkarlanak, eta egitasmoak duen oposizioaren kontra errepresioaren estrategia elikatu nahi dutela gaineratu. Nolanahi ere, AHT gelditzearen bidetik ez direla mugituko adierazi dute Elkarlaneko kideek. Bestetik, Batasunak atzo salatu zuenez legez besteko proposamena onartu ondoren, «AHTren kontra dagoen oro errepresioaren jo puntuan dago eta atxilotua, eta jipoitua izateko arriskua du».