AHT gelditzea badago: borrokarekin eta iraultzarekin

Berria

Kapitalismoak makroproiektuak behar ditu. Abiadura handiko trenak, plataforma logistikoak, autobide gehiago, superportuak, errauste plantak, zentral termikoak edo nuklearrak... behar dituzte kapitalistek lapurretan jarrai dezaten. Eta egungo agintarien helburua hazkunde ekonomikoaren, lehiakortasunaren, aurrerakuntzaren, modernismoaren eta iraunkortasunaren izenean, Europako multinazionalen merkatu kapitalista bultzatzea da. Aldiz, guztiz beste aldean gauden langileen, ikasleen, baserritarren, dendarien... herritar xehe gehiengoa garenon bizi baldintzak txarrera egingo dute.

AHTren egitasmoa obra faraonikoa da. Euskal Autonomi Erkidegoan euskal Y esaten zaion proiektuaren obrak hasi dituzte. 6.000 milioi euro baino gehiago xahutuko dira, herritarren benetako beharretarako baliabide ekonomiko horiek erabili beharrean. Pentsatu herrietako naturan AHTk eragingo duen txikizioan: ekonomian, nekazaritzan, lurraldearen orekan... kalte larriak eragingo lituzke. Uste dugu ezinbestean garapenak ez duela ezberdintasuna areagotu behar, eta ingurumenaren mugak errespetatu behar dituela. Uste dugu garraioaren eskaerari mugak jarri behar zaizkiola.

AHTren aldeko erabakia demokratikoa dela diote, baina ez da. Dena herriarentzat, baina herria kontuan hartu gabe. Horixe da. Informazioa zabaldu baino gehiago, publizitate kanpainak egiten dituzte; eta propagandak ezkutatu ezin duen inposizioan tematzen dira.

Guztiagatik, Euskal Herria Sozialista aldizkariak AHTren aurkako antolakuntza eta borroka iraultzailerako deia egiten du. Uste dugu AHTren kontrako oposizioa, kapitalismoaren aurkako eta sozialismoaren aldeko borrokarekin lotu behar dela. Kapitalismoarekin bukatu ezean, horrelako edo antzeko proiektu eta interesak eguneroko amesgaizto izango dira Euskal Herriko gehiengoaren baldintza sozialek okerrera eginez. AHTren aurkako borrokan pauso garrantzitsua litzateke larunbat honetako mobilizazioez gain langile klasearen borroka metodo eraginkorrena praktikan jartzea: lanuzteak eta grebak. AHTren aurka dauden sindikatuek oinarrizko lana lukete hemen. Emaitzak txarrak izango al lirateke? Ez al luke Euskal Herriko langileen eta gazteen kontzientzian eragin garrantzitsua izango etorkizuneko borroketarako AHTren aurkako eta kapitalismoak sortzen duen zapalkuntza sozialaren aurkako deialdi batek?

Hortaz, Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak manifestaziora deitu du bihar, otsailaren 3an. Tolosako Triangulo plazatik abiatuko da 12:30ean, eta ahalik eta jende gehien biltzeko deiarekin bat egiten dugu.

Iker Otermin eta Manu Odriozola. 'Euskal Herria Sozialista' aldizkariaren izenean