AHT GELDITU! Elkarlanak AHT inposatzeko helburuaz hartzen ari diren erabaki larriak salatu eta mobilizatzeko dei egiten du

 

“Euskal Y”-arentzako lurrak desjabetzeko orduan, kalteturiko herri, kontzeju eta pertsonen eskubideak urratzen ari direla salatzen du

AHT berehala gelditzea eskatzeko mobilizazioak deitu ditu datorren larunbatean Irun-Hendaian eta Zornotzan, eta MANIFESTAZIO NAZIOANALA 28an Bilbon.

Abiadura Handiko Trenari oposizioa egiten dioten hainbat talde eta erakunderen arteko AHT GELDITU! Elkarlanak gogor salatzen du Euskal Herrian AHT inposatu asmoz administrazio ezberdinek erabaki larriak hartu dituztela azken aldi honetan. “Euskal Y”-aren eraikuntza lanei ekitearekin, Lapurdin TGVrentzat Abiadura Handiko linea berria eraikitzeko egitasmoa berrabiatzearekin, eta Nafarroako AHTren aldeko apustu zitalarekin, espainiar eta frantses estatuek nahiz Gasteizko eta Iruñeko gobernuek gizarteari nahiz ingurugiroari ondorio oso kaltegarriak eragingo lizkiekeen egitasmo honen inposaketan urrats berriak egin dituzte.

Egungo egoera inposaketaren eta erakundeetatik nozitzen ari garen bidegabekeriaren erakusle biribila da gainera, arau hauste nabarmenak egiten ari baitira proiektua kosta ahala kosta ezartzeko:

-Honi dagokionean, joan den martxoaren 29an Espainiako Aldizkari Ofizialak AHTrentzat Legutio-Eskoriatza zatian 2006ko apirilean lurrak desjabetzeko hasitako prozesua eteteko eta baliogabetzeko agindua argitaratu du. Agindu horrek kalteturiko herri, kontzeju eta herritarren eskubideak urratu direla egiaztatzen du. Alabaina, Sustapen Ministerioak prozesuari berehala berrekiteko agindu eta eskubide horiek berriro ere hausten ari dela salatzen dugu: izan ere, desjabetzapenen espedientea ez da inon aurkitzen, eta kasu hauetan ezinbestekoa den informazio eta dokumentazio falta horrek herritarrei alegazioak egin ahal izatea eragozten die.

-Bestalde, martxoaren 31ean, Sustapen Ministerioak Arrazua-Ubarrundia eta Legutio arteko zatian kalteturiko lurrak okupatu aurreko desjabetzapen-aktak apirilaren 25 eta 26ean jasotzeko agindua eman du, kalteturiko kontzejuek eta biztanleek duela urte bete egin zituzten alegazioei inolako erantzunik eman gabe. Gertakari honen larritasuna nabarmendu nahi dugu, data horretatik aurrera edozein mementutan lurrak okupatzea eta duela zenbait hilabete Luku herrixkaren parean Eibar-Gasteiz autopistarentzat desjabetutako lurretan hasitako obrak hedatzea gerta daitekeelako.

-Ildo beretik, gogor salatzen dugu Espainiako gobernuak Gasteiz-Arrasate artean eta Durangaldean AHTren hainbat zatiren eraikuntzarako 400 milioi eurotik gorako aurrekontua duten kontratuak esleitu dituela.

-Horrez gain, Gobernu frantsesak Lapurdin Abiadura Handiko linea berri bat eraikitzeko erabakia jakinarazi zuen martxoaren 8an.

Horregatik guztiagatik, AHT GELDITU! Elkarlanean biltzen garen mugimendu eta erakundeek gure salaketa larria adierazten dugu eta herritar guztiei mobilizatzeko deialdi berezia egiten diegu gobernuek Euskal Herrian AHT inposatu asmoz hartu dituzten erabaki larriei erantzuteko. Geroz eta gehiago gara Euskal Herri osoan zehar ondorio latzak eragingo lituzkeen proiektu inposatzaile hone aurka gaudenak, baina borroka hau irabazi nahi badu ofentsibara igaro behar dugu. Hori dela eta, AHT GELDITU! Elkarlanak indar guztiak bilduko ditu AHT gelditzeko borrokan, herritarrei erabakitzeko ahalmena itzuli eta erakundeetatuik ezaertzen ari den garraio eta gizarte ereduari dagokionean eztabaida zabal eta eraldaketa sakon bati ekin behar zaiola aldarrikatzeko.

Helburu hori aurrean, apirilaren 28an AHT gelditzaren aldeko manifestazio nazionalerako dei egiten dugu Bilbon, “AHT GELDITU ORAIN!” lelopean, gizarteak AHTren inposaketari EZ esan diezaion, behar bezain ozen eta indarrez. Manifestazio hori 17.30etan abiatuko da Jesusen Bihotzaren Plazatik, eta joan den azaroan Gasteizen milaka eta milaka lagun bildu zituen manifestazio jendetsuan bezalaxe, oraingoan Bilbon ahalik eta jende gehien bil dadin deia zabalduko dugu, AHTren inposizioa gaitzesteko eta Eusko Jaurlaritzari nahiz Espainiako gobernuari euskal gizartean ainbeste eztabaida piztu duen proiektu anti-ekologiko eta anti-sozial hori geldiaraz dezaten exijitzeko.

Bestalde, mobilizazio dinamika honen baitan, datorren larunbatean, apirilaren 14ean, Ipar Euskal heriko AHTren aurkako herri mugimenduarekin batera Irun-Hendaia artean egingo den manifesatzioan parte hartzeko deitzen dugu. Izan ere, Lapurdin TGVrentzat Abiadura Handiko linea berri bat eraikitzeko proiektuaren birjaurtitzeak oposizio tinkoa piztu du Ipar Euskal Herrian eta gure borroken bateratzea garrantzitsua da AHTren inposizioari aurre egiteko. Hori dela eta, “MUGA GUZTIEN GAINETIK AHT GELDITU!” lelopean egingo da manifestazio hori, arratsaldeko 5etan FICOBA Erakustazokatik abiatuko da, eta iparraldeko manifestariekin Santiago zubian bat egin ondoren, elkarrekin Hendaiako tren geldtokian amaituko da.

Horrekin batera, datorren larunbatean Zornotzan AHTren aurkako manifestazio bat egingo da, eguerdiko 1etan Erreferendum Plazatik abiatuta, “PROIEKTU INPOSATUAK GELDITU! HERRIAREN ERABAKIA ERRESPETATU” lelopean. Manifestazio hori “Zornotza Bizirik” taldearekin batera deitu du AHT GELDITU! Elkarlanak, hain zuzen ere Boroako zentral termikoaren aferan eginiko herri-galdeketaren bosgarren urteurrena dela eta, herri galdeketek duten legitimitatearen indarra inposaketari kontrajartzeko eta herritarrek azpiegitura honen aurkako oposozioa adierazteko.

Azkenik, gogoratu, AHT GELDITU! Elkarlana informazio eta atxikimendu-bilketa dinamika jorratzen ari dela egunotan eta dagoeneko ehunka direla “AHT GELDITU! DEIALDIA” izenburua duen manifestuarekin bat egin duten talde, elkarte eta norbanakoek, honako web orriaren bitartez: www.ahtgelditu.org.

Ondorioz, AHT GELDITU! Elkarlanak egungo egoeragatik salaketa larria eta deialdi berezia egiten die AHTren kontrako iritzia duten jende eta eragile sozial, sindikal eta politiko guztiei datorren abagunean mobilizazio indartsua antolatzeko. Guztion konpromezuarekin proiektu suntsitzaile hori gelditzeko indar nahikorik baddaudela frogatuko dugu.

AHT GELDITU! ELKARLANA

(Tlfnoa: 657705677)

Etiketa(k):