Desjabetzeen aurka mila alegazio inguru aurkeztu ditu AHT Gelditu! Elkarlanak

BERRIA

Espainiako Gobernuaren Bilboko ordezkaritzaordetzara eraman ditu, eta elkarretaratzea egin dute atarian. Desjabetze prozesua abuztuan egiten ari direla salatu dute, eta, ondorioz, kontrako alegazio eta arrazoibideak aurkezteko arazo gehiago dituztela kaltetuek.

Espainiako Sustapen Ministerioak joan den uztailaren 27an hasi zuen AHT Abiadura Handiko Trena erakitzeko lurren desjabetze prozesua. Aramaion (Araba) hasi zuen, eta dagoeneko Bizkaiko Abadiño, Zornotza, Basauri, Durango, Elorrio, Galdakao, Iurreta, Izurtza, Lemoa eta Zaratamo herrietan, eta Gipuzkoan Arrasaten eta Eskorizatzan jarri du abian.

AHT Gelditu! Elkarlanak salatu du desjabetzea abian jarri ondoren 15 eguneko epea dutela kaltetuek neurri horren kontrako alegazioak aurkezteko, eta prozesua abuztuan daramatenez aurrera, askok zailtasun handiak dituztela beren buruan defenditzeko. Hori dela eta, desjabetze prozesua bertan behera uzteko edo bestela alegazioak aurkezteko epea zabaltzeko eskatu dio AHT Gelditu! Elkarlanak Sustaen Ministerioari. Horretarako elkarretaratzea egin dute Bilboko Moiua plazan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren atarian.

Gainera, nahiz eta desjabetzeak abuztuan iragarri eta epeak laburrak izan, AHT Gelditu! Elkarlanekoek kaltetuen mila alegazio inguru biltzea lortu dute, eta guztiak batera aurkeztu dituzte Gobernuaren ordezkaritzan.

Etiketa(k):