Informazioaren gizartean bizi omen gara, konpetentzia basatiaren gizartean, indibidualismoaren gizartean, zapalkuntzaren gizartean, jabetza pribatuaren gizartean,…luze jarraitu genezake sistema kapitalistak bultzatzen dituen eredu hauek izendatzen, baina argi eta garbi erakusten ari gara guzti honen alternatiba existitzen dela eta martxan jartzen ari garela!!
Honen adibide copylefta daukagu eta gai honen inguruko zirrikitu guztiak argitzeko Xabier Barandiarani egin dio gaztesareak elkarrizketa. Euskal Herriko copyleft koordinadoraren partaide izateaz gain, sinDominio eta metabolikeko partaide da.
Gaztesarea: Copyleft-az mintzatzeko beharrezko
zaigu copyright-az zertxobait gehiago jakitea. Zer da copyright-a?
Xabier Barandiaran: Labur labur esanda, informazioaren
kapitalismoak bere biziraupenerako behar duen azpiegitura sozial eta
juridikoa da. Helburu oso ezberdinekin sortu zen, inprenta jaio zenean,
inprentaren industrian konpetentziak erregulatzeko tresna bezala sortu
zen. Garai hauetan copyrighta ez zen publikoari begira sortu orduan
publikoak ez bait zuen maila honetan inolako erreprodukzio ahalmenik.
Gaur egun ordea guztiz aldatu da testuingurua eta gutariko bakoitzak eskuragarri ditu erreprodukzio metodo ezberdinak, fotokopiagailuak kasu. Beraz garai baten inprentaren industria erregulatzeko sortutakoa, gaur ezagutza eta informazioa esplotatzeko erabiltzen da. Kultura herritarraren oinarri den jakinduriaren elkar trukaketa librearekin bukatu, eta elkar trukaketa horrek kolektibo oso bati ematen dion aberastasuna errotik mozteko asmoz. Momentu honetan copyrightaren funtzioa beraz, kapitalismoaren eta pribatizazioaren egiturapean eraiki daitekeen informazio trukaketa sistema sostengatzea da. Guzti honetan jabetza intelektualaren kontzeptua sartzen da.
G.S: Jabetza intelektuala aipatu duzu, baina zelan ulertu
dezakegu norbait ideia kreatibo baten jabe izatea?
X.B: Hau orain dela gutxi agertu den kontzeptua dela
esan dezakegu, aintzina jabetza intelektualik ez, baina patenteen legea
zegoen eta honek industrien arteko konpetentzia arautzen zuen.
Pixkanaka baina, kapitalismoa espazio industrialetik espazio
informazionalera igaro ahala interes handiagoa sortuko da eta orduan
hasiko da garatzen jabetza intelektualaren kontzeptua, legeetan orain
gutxi islatu dena. Guzti hau gezur galanta da gainera, inork ez baitaki
kontzeptua bera zer den azaltzen, lehen esan bezala, patente edo
erregulazio forma oso ezberdinak bere gain hartzen dituelako.
Ateratzen dugun ondorioa, beraz, copyrightarekin atera dugun berbera da, hau da, informazioaren kapitalismoa sostengatzen duen ideia dela, kulturaren historia industrializatu nahi duena, azken finean inoiz urria izan ez den kulturari jabetzaren kontzeptua aplikatu nahi diona.
"Jabetza intelektualaren kontzeptua ezin da filosofikoki ezta sozial edo politikoki sostengatu"
Norbaitek, urria den zeozer eskuratzen/sortzen duenean eta jendartean banatu ostean zeukan hori galtzen duenean asko jota ulertu daiteke jabetzaren kontzeptua. Adibidez, nik aulki bat eraikitzeko denbora bat eman ostean norbaitek erabili nahi badu, edo ipurdi bi sartzen ditugu aulkian edo ni aulki gabe geratzen naiz. Kasu honetan justifikatu ahalko litzateke jabegoaren kontzeptua, beste batekin konpartitzeak zuri galera sortzen dizulako. Ideiekin ordea ez da hau gertatzen, nik norbaitekin ideia bat konpartitzen dudanean, ideia ez dut galtzen besteak eskuratzen duenean. Jabetza intelektualaren kontzeptua beraz, ezin da filosofikoki ezta sozial edo politikoki sostengatu. Gabezirik sortzen ez den tokian gabeziak sortzea litzateke, gainera jendeari kopiatzea galerazten zaio, kopia gutxiago egotean merkatuan balore handiagoa izateko.
G.S: ESKURATU, NAHASTU ETA KOPIATU. Badira sorkuntza era
honetan baino ulertzen ez dutenak. Zer deritzozu?
X.B: Jabetza intelektualak bi aspektu ditu: batak
jabegoa gorde eta partehartzaile oro baztertzen ditu; besteak,
jabearekin adostasun batera helduz, jabego horretaz baliatzeko dei
egiten du. Honekin loturik, badago copyrightari egiten zaion beste
kritika bat, jabetzari loturik baino, sortzailearen kontzeptuari
loturik datorrena. Sortzailea, abilezia izugarria duen geinu bat balitz
bezala aurkezten zaigu, baina azken finean sortzaile oro bere garaiari
loturik dago nahi eta nahi ez. Guztiek hartzen dituzte ideiak beraien
sortzeko gaitasunetik haratago doan testuinguru politiko, sozial eta
emozional jakin batetik. Honekin ere ez dut esan nahi sortzailearen
lana errekopilazio hutsa denik, baina edozein kasutan existitzen den
lan bakoitzetik benetan originala izango litzatekeen zatia zein den
erreparatzea ia ia ezinezkoa litzateke eta lortuz gero ,minimoa
litzateke. Beraz, gure lanean inplizituki edo esplizituki, parte hartu
duten pertsona eta testuinguru sozial guztiari ordaindu beharko
bagenio, ezinezkoa litzateke zehozer berria sortzea milioi piloa
ordaindu gabe…
Baina jabetza eredu hau inposatzen duen kapitalismo informazionalak berriz, ez du askotan guzti hau kontuan hartzen eta telebistarako edozein iragarkitan agertzen diren aspektu kultural, sinbolo eta gizartearentzat ulerkorrak diren hainbat kontzeptu esplotatzen ditu, azken emaitzari jabetza bat eta salmentarako baldintza batzuk jarriz.
G.S: Copyrightaren filosofia orduan, zure lana egiteko,
norbaitek egindako zeozertan oinarritu ezkero ordaindu behar izatean
oinarritzen da. Egilearen eskubideak babesturik al daude horrela?
X.B: Hau azaltzeko ondasun materialekin egingo dut
metafora: Sistema kapitalista honetan ekoizlearen eta eroslearen artean
diru gehienarekin geratzen diren bitartekariak daude. Honen adibidea
Kolonbian pobrezian bizi direnak esplotatuz egiten den kafea da, baina
ez da adibide bakarra berdin berdin gertatzen baita sektore guztietan.
Arazoa da, espektakuluaren gizarte honetan exitua lortzen dutenak
soilik bihurtzen direla irudi publiko. Ricky Martin bezalako musikari
famatu bakoitzaren atzean dauden milaka musikari ez ditugu kontuan
hartzen seguruenik guzti hauek baino musikari hobeak izan daitezkeen
arren. Baina esan bezala hauek ez dute estatus hori lortu, estatus hori
lortzea autoreak beraiek produktu bilakatzen dituen industria oso baten
esku baitago.
"Imajina ditzagun Arzak eta Argiñano Euskal Herriko etxeetan beraien errezetak kopiatzen direla eta telebistan negarrez!"

Industria diskografiko edo editorialaren barnean egilea pixkanaka boterea galduz doa, momentu batean copyrighta desagertzea ere bere eskuetatik kanpo geratzen da, bere atzean dagoen industriaren nahietara makurtzera behartzen dute, beraz. Honetaz gain sortzaileak babesteaz ari direnean adarra jotzen ari direla erakusten diguna zera da; egileek askotan defendatu dute beraien lanak copyleft izatea nahi dutela, libreki zabaldu daitezen. Orduan ikusten da zeinen interesak defendatzen dituzten. Bere produktuak libreki kopiatzen direnean, autoreek zer jan izango ez dutela diote, baina guzti hau aitzakia baino ez da, editorial eta diskografikei negozioa bukatu ez dakien.
Kontuan hartzeko ideia gehiago ere badago, adibidez sortzaile askok ez dugula uste gure lanen kopietatik soilik bizi behar dugunik. Hitzaldiak emateak, kontzertuak emateak borobiltzen du gure lana, orduan eskaintzen ari baikara momentuko zerbitzu bat. Beste kasu batzuei erreparatzen badiegu harrituko ginateke zein errez hartu dugun normaltzat norbaiten lana oinarri hartu dugulako soilik ordaindu behar izatea. Imajina ditzagun Arzak eta Argiñano Euskal Herriko etxeetan beraien errezetak kopiatzen direla eta telebistan negarrez! Hauen lana eta diru iturria jendearentzako sukaldatzean datza, ez inork kipula eta txorizoa era konkretu baten nahastu duela eta beraien partea erreklamatzean!
G.S: Copyrightak orduan sormena mugatu edo gutxitzen duela
esan dezakegu?
X.B: Edozein kasutan baietz esango nuke, baina
adibidez bideoa edo musika erabiltzen dituen batek beste
norbaitengandik hartutako sampler edo aukeratutako irudi
bakoitza ordaindu behar izango balu oso zaila izango luke bere lana
garatzeko orduan.
Copyleftak eskaintzen duen aberastasun bat zera da, elkar trukerako espazio komun bat sortzean sormena bizkortzen duela, kultura produkzioko espazio kapitalistetan ordea, baimenik gabe konbinatu edo rekonbinatu ezin daitekeenez guztiz mugaturik aurkitzen dira.
Egoera honetan multinazionalak sortzen dira, software-aren kasuan adibidez Microsoft edota ILM ditugu ezagunenak. Hauek kodigo eta patente askoren jabe izanik, mafia moduko bat osatzen dute eta beraien artean konpontzen dira zeozer behar izanez gero. Hori bai, patenterik ez duen edo hainbeste lortu ez dituen enpresa txikiak jokutik kanpo uzten dituzte inolako erreparorik gabe.
Hau ikusita sinestezina badirudi ere, copyleftak duen indar gunerik nagusiena software librea da. Langileria mailan lankidetza bultzatzen duen tresna kolektibo hau munduko enpresarik nagusiena mehatxatzen ari da. Esan bezala microsft munduko enpresarik nagusiena da, edozein errege edo petroliferen gainetik eta enpresaren zuzendari biak munduko pertsonarik aberatsenak. Beraz, txalogarria da benetan inolako antolakuntza jerarkikorik gabe, laguntza ekonomiko potenterik gabe, sistema kapitalistan sostengatu gabe lanean dauden pertsonek informazioaren kapitalismoak sorturiko produktuak baino aukera gehiago eskaintzen dituen produktua sortzea.
GS: Elkarrizketaren muinera ailegatuta, azaldu eiguzu, zer
da copylefta? Zer dira copyleft lizentziak eta zelan erabiltzen dira?
Eredu konkretu bati jarraitu beharra dago ala egileak berak erabaki
ditzake erreserbatu nahi dituen eskubideak?
X.B: Copyleftaren sorrera programazioaren ingurunean
topa dezakegu, arlo honetan batez ere, elkarlanean arituz gero askoz
gehiago aurreratzen delako. Informatikaren ezaugarria da hau, programak
geroz eta konplexuagoak dira, baina beti ere aurretik egindakoetan
oinarritzen direlako. Copyrighta ezartzen hasi zenean oihartzun eta
zalaparta handia sortu zuen programatzaileen artean, alde batetik
unibertsitateetan mugitzen zirelako berez trukerako eta elkarlanerako
espazioak; eta bestalde programazioarekiko ikuspegi matematikoa
zutelako eta pentsaezina iruditzen zitzaien ideia hain abstraktu eta
unibertsaletan oinarritzen ziren ideia matematikoen jabe inor izan ahal
izatea.
"Copyrighta kopiarako eskubidea den bitartean copylefta ezkerreko aldea da, politikoki honek dituen konnotazio guztiekin"
Hau ikusirik asko errebelatu egiten dira, hain artean Richard
Stalman, gaur egun sofware librearen sortzaileetako baten moduan
ezagutzen duguna. Honek zera esan zuen: alternatiba bat bilatuko
dut, sistema hackeatuko dut
. Hacker baten
jarduera tresna teknologiko baten trasformazio txiki bat eginez bere
erabiltzeko aukerak haunditzean datza, tresnak eskaintzen dituen
aukerak gainditu eta erabiltzaileari askatasun handiagoa ematen dio.
Finean Stalmanen nahia sistema juridikoa hackeatzea zen, copyrightaren
legeetan hutsune bat bilatu sistema beraren baitan askatasun espazio
bat sortzeko. Beraz, copyrightaren sistemak askatasun espazio horrekin
bukatu nahi izatekotan bere buruarekin bukatuko luke ere. Ideia on
honetatik sortu zen copylefta. Izenari erreparatuz gainera hitz joko
polita agertzen zaigu: copyrighta kopiarako eskubidea den bitartean
copylefta ezkerreko aldea da, politikoki honek dituen konnotazio
guztiekin.
Hariari jarraituz, Stalmanek copyleftaren ezinbesteko lau printzipio ezarri zituen:

Copyleftak ahaztu ezin daitekeen beste printzipio bat du: aukera guzti hauek eskaintzeko baldintza bakarra zera dela, kopia edo aldaketa oro copyleft izatea. Honek inork kolaborazio prozesua itxi ezin izatea dakar, eta copylefta den produktu bat copyright bihurtu ezin izatea.
Kapitalismoa, sorturikoaz jabetu ahal izatea ere eragozten du eta era berean elkar trukaketa librea den espazio komun eta kolektibo bat irudikatzen du.
Guzti honetan aldagai ezberdinak agertzen dira, mundu guztiak prozesua itxi ezin izanarekin ez baitu bat egiten eta honetaz gain egileak erabiltzaileari eskubide ezberdinak ematearen aukera ere badago. Adibidez beste baten lana aberastasun propiorako baliatzea galeraziko duen eskubidea litzateke ziurrenik arrakasta izango duen aldagaietako bat. Modu honetan egileak, bere lana publikatu nahi izan duen enpresaren eskutik dirua jasotzeaz gain, jendartean eta merkatuaren interesetatik kanpo, bere lanaren erabilpen soziala egitea bultzatzen du.
Gai hauetan zehazki interesaturik egotekotan badaude web horrialde ezberdinak copyleftaren filosofiarekin bat egiten dutenak, hauen artean creative commons-ek duena, nahi dituzun lizentziak era pedagogikoago baten aukeratzen laguntzen dizutenak. Kolektibo honen atzean abokatu talde bat dago, lizentzia hauek testuinguru juridiko ezberdinetan baliagarri izateko diseinatu dituztenak.
GS: Arazo juridikorik ekar dezake zerbait copyleftarekin
kaleratzeak?
XB: Arazorik ez luke ekarri behar, hala ere, enpresen
interesen kontra doan heinean honekin apurtzen saiatuko dira. Lehen
esan bezala copylefta, copyrightaren legeen barruan aurkituriko
hutsuneetatik jaioa da eta berez copyleftaren legerik ez dagoen arren
legeak babestu egin behar du.
Baina Espainiako Estatuan copyleft komunitateko Mercé Molis kazetariak bizi izan du egoera salagarri bat. Berak idatzitako artikulu bati, zenbait egunkarik publikatzean, kopia bera copylefta zela jartzea ukatu zioten. Guzti hau salatzeko copyleft komunitatearen laguntza osoa jaso zuen eta azkenean egunkariek atzera egin behar izan zuten.
Informatikaren arloan aurrera egin ez duten pare bat kasu edo egon dira, baina hauetan ere copylefta urratu duten enpresak atzera egin dute, eta ez da epaiketarik egin. Oso kasu gutxitan behar izan du inork laguntza juridikoa, batez ere ia inork ez duelako epaitegietan bukatu.
Honekin loturik nik zera azpimarratuko nuke, kapitalismoan enpresa bakoitzak bere abokatu taldea duen bitartean, ez duela inork honen gaineko aparteko ardurarik hartuko, batez ere enpresa ezberdinen harteko konpetentzia merkatu batez ari garenean. Baina copyleft komunitatea sarearen bitartez ondo komunikaturiko komunitate sendo eta batua da, eta edozein zapalkuntza gertatzekotan batera erantzuten dakiela erakutsi du behin baino gehiagotan. Beraz, nik deialdi bat egingo nuke, jendeak beldurra alde batera utzi eta copylefta erabili eta komunitatearen parte izan dadin.
GS: Gaur egungo sistema kapitalistan garrantzia duen
bakarra, egiten den edozein gauzatik etekin ekonomikoa ateratzea
denean, zer aporta dezake copyleftak?
XB: Informazioaren gizartean copylefta politika
egiteko erarik erradikal eta eraginkorrena dela esango nuke.
Produkzioaren motorea den guztion arteko konpetzentziari eta ez
daukanaren bazterkeriari aurre egiten dio, elkartrukerako eta ondasun
kolektiboen espazio kolektibo bat irekitzen duen momentuan.
Pixkanaka software librea erabiltzen hasi diren enpresen kopurua handitzen doa eta honek tokian tokiko sare ekonomiko potente bat sortzea ahalbidetzen du, jadanik ez baitu mega enpresa baten menpe egon behar. Software libreak ez du AEBekiko dependentzia jerarkiko bat, software libreak errekurtso kolektiboen eskaintza paregabea dauka, copyleft eskuliburu edo gidak, arazoak konpontzeko baliagarriak diren web orrien zerrenda amaigabea… adibidez. Era honetan eredu ekonomiko ezberdin bat bultzatzen ari gara, tokian tokiko errealitateari egokituko zaiona.
Euskal Herrian adibidez jende piloa dago software libreak itzultzen ari dena, software hauek microsoftenak izango balira baimena eskatu beharko litzateke; eta argi dago microsoftek ez duela merkatuan hain etekin gutxi emango dion produktu batean inbertituko Eusko Jaurlaritzak laguntzarik eskaintzen ez badio behintzat. Software librearekin berriz guzti hau posible egiten da, edozeinek produktua hobetzeko, itzultzeko edota eraldatzeko aukera du.
Adibide esanguratsu moduan esan dezakegu Brasil izan dela copylefta bultzatu duen lehen gobernua. Lularen gobernuaren aurretik, diru gehiago inbertitzen zen Microsoft lizentziak ordaintzen gastu sozialetan baino, datu harrigarria hau hainbesteko pobrezia dagoen herrialde batean! Copylefta erabiltzen hasten diren momentuan aldaketa izugarria ematen da, informatika arloan sare sozial izugarria daukate martxan nahi eta nahi ez jendartearen ongizatean onerako baldintzatzen duena; hori bai sare sozial autonomoa eta AEBen dependentziarik sortzen ez duena.
"Musikari txar askok ordea produktoreei aurpegia ateratzen diote beraiengandik izango ez balitz zentimo bakar bat ere ikusiko ez luketelako"
GS: Babago gaur egun pil pilean dagoen gai bat. Lehen
aipaturiko Bisbal eta konpainiak asko hitzegiten dute pirateriaz… baina
justifikaturik al dago autore eta diskoetxe ezberdinek pirateriaren
kontra abiatu duten mugarik gabeko guda hau? Musikaren arloan ematen da
batez ere, ez?
XB: Bai, azken finean guzti honekin kaltetuen
ateratzen ari den industria da, baina argi geratu dadila industria dela
kaltetua ateratzen ari dena eta ez musikariak. Musikari txar askok
ordea produktoreei aurpegia ateratzen diote beraiengandik izango ez
balitz zentimo bakar bat ere ikusiko ez luketelako. Beste askok ez dute
gaurko merkatuaren sistema zalantzan jartzen eta ezin dute beste musika
banaketa eredu bat imajinatu, beraz diskurtso ofizialarekin men egin
eta amen.
Sistema, pirateriaren inguruan diskurtso oso bat garatzen ari da,
jendeak ahaztu edo zalantzan jarri dezan orain arte kulturaren historia
izan dena eta honetarako estrategia publizitarioak eta exagerazioa
erabiltzen ditu. Gure egunetan terrorismoa-ren
aitzakipean edo
aintzina, inperio ingelesaren garaian piratekin egin zuten moduan
kolektibo oso baten kriminalizazio, marjinazio edota ilegalizazioa da
bultzatzen dutena. Botereak idatzitako historiaren erruz dauka
jendarteak piraten inguruko irudi txarra. Hauek hiltzaile odoltsu
moduan aurkeztu dizkigute, baina errealitatea berriro ere oso ezberdina
dela konturatzen gara. Pirata gehienek agenda politiko bat zeukaten,
mundu alternatibo bat eraiki nahi zuten eta beraien ekimenen artean
esklabuen errutak saboteatzea eta indigenei lapurtutako dirua
errekuperatzea ziren.
Gaur egun piraten termino manipulatu hau berriro atera dute, kriminalizazioaren helburu bakarrarekin. Izan ere marinel ingelesei burua mozteaz urruti, egiten duguna egin daitekeen naturalena da: daukaguna konpartitu. Beraz, orain dugu pirateria izkutuan praktikatzeari utzi eta eskubide kolektibo moduan aldarrikatzeko momentua. Borroka garrantzitsu baten aurrean gaudela deritzot, kriminalizazioa geroz eta handiagoa eta errepresioa geroz eta ilunagoa den honetan mugitu eta erantzun beharra daukagulako!
"Nolabait esatearren informazioaren askatasun sexuala behar dugu, praktikatu eta eskubide legitimo moduan aldarrikatuko duguna"
Frantzian dagoeneko informazioa trukatzeko sare alternatiboak erabili dituzten gazte batzuk kondenatuak izan dira. Gainera argi dago errepresioa era selektiboan egiten ari direla ezinezkoa bailitzateke mundu guztia kartzelara sartzea, katastrofikoa! Eskarmentu publikoa suposatuko duten zigor hauek ezartzen dituzte, baina esan bezala orain da kalera atera eta arrotasun guztiz pirateria aldarrikatzeko momentua.
Honek inkisizioan sexualitatearekin gertatzen zena gogorarazten dit, inork nahiz eta masturbatu eta harreman sexualak izan onartzen ez zuenean. Nolabait esatearren informazioaren askatasun sexuala behar dugu, praktikatu eta eskubide legitimo moduan aldarrikatuko duguna.
GS: Liburu baten milaka kopia egoteak zertan egiten dio on
egileari?
XB: Ezagutzaren gizartean, ezagutzaren ekonomia,
harretaren ekonomia bihurtzen da. Gaur egun informazioaren saturazioa
sufritzen dugu, eta zaila da gure aurretik pasatzen den guztiarengan
harreta jartzea, beraz copyrightak kriston akatsa egin duela esan
genezake, copyrighta daukaten produktuak gutxiago zabaldu eta gutxiago
ikusiko baitira. Gehien zabalduko direnak beraz copyright klausularik
ez dutenak izango dira.
Gaur egun komunikabideak eta publizitatearen industriaren monopolioa
daukatenak, internetek posible egiten duen komunikazio horizontalaren
ondorioak sufritzen ari dira edo bestela laister sufrituko dituzte.
Gaur egun oraindik merkatu kuota bat eta egoera pribilejiatu bat
mantentzen dute, baina denbora gutxirako izango da hau; batez ere
sistema hau goitik behera haustea gure esku dagoelako eta copyrightaren
aldeko diren autore italiar batzuen esanetan: kulturaren
hastapenetatik datorren itsasikara izugarri bat gara eta sistema
kapitalistaren aginduetara dauden enpresa guzti hoiek, ez dira
informazio trukapen librea bultzatzen duen uholde hau gelditzeko gai
izango
.
"Aurrerapen teknologikoei esker existitzen den informazioaren gizarte honi, nahi diogun egitura eman eta mundu mailako elkartruke eta elkartasunerako tresna osatzeko momentua da"
GS: Euskal Herrian pixkanaka erabiltzen ari da copylefta.
Ezagutzen al dute idazle, artista, musikari eta bestelakoek aukera hau?
XB: Egia esan ez dakit ze puntutaraino kontuan hartzen
duten aukera hau. Ezagutzen ez dutenak egon badirela zihur nago baita
ezagutu nahi ez duenik ere! Honek ezinbestean, beraien egiletasuna,
hala nola sostengatzen diren sistema zalantzatan jartzea ekarriko
lukeelako.
Nire ustez ordea, gurearen moduko herri txiki baten, gure hizkuntzak bizirauteko oztopo handiak gainditu behar dituen honetan, copylefta aukera bakar gisa ikusten dut. Adibide sinple bat jarrita, imajina dezagun físika irakasle batek liburu baten falta duela bere klaseak emateko. Existitzen direnak zaharkituak daude denbora gutxian hainbeste aurrerapen dituen zientzia bat dela kontuan izanik. Irakasle honek aurreko egilearen edota argitaletxearen baimenik ez badu liburuan bertan aldaketak egiteko, zihurrenik denbora edo gogo faltagatik, ez du liburu berria idatziko.
Beste gizarte eredu baten, ordea, ikasleek beraiek edo irakasleak, pixkanaka liburua moldatu ahalko lukete; eginda dagoena oinarritzat hartu eta hau hobetzeko aukera emanez.
GS: Bukatzeko sarearen inguruan Brewster Kahlek behin
horrela esan zuen: gure burmuinaren %60a askatzen duen arkitektura
eraikitzen ari gara, aldi berean, poportzio berean askatasun hori
ukatuko duen lege sistema bat eraikitzen ari garenean
. Zer
deritzozu?
XB: Mundu mailan garatzen ari den lege sistema hori,
sareak eskaintzen dituen posibilitateen aurkakoa da guztiz. Beraz,
momentu hau aprobetsatu nahiko nuke borroka honek daukan dimentsio
politikoa emateko. Gaur egun aurrerapen teknologikoei esker existitzen
den informazioaren gizarte honi, nahi diogun egitura eman eta mundu
mailako elkartruke eta elkartasunerako tresna osatzeko momentua da,
beraz.