..:: opinión / iritzia ::..


[itzuli]

EZKER BATUAK AHT-AREN AUZIAN DUEN JARRERA DELA ETA

Harriduraz eta sinetsi ezinda jaso genuen joan den irailaren 9an Eusko Jaurlaritzak ustez "AHTa gelditzeko" harturiko konpromezuaren inguruan Madrazok zabaldu zuen berria, hain zuzen ere gobernuan sartzeko egindako negoziaketan bere koalizioaren lorpen gisa aurkeztu zuena. Mesfidati ginen, noski, aginte politiko eta ekonomikoentzat lehentasun osoa duen afera honetan IU-EBk Eusko Jaurlaritza, non AHTaren aldekoak jaun eta jabe diren, bere mendean jarri zueneko kontu eta alegiazko garaipen horrekin. Geroztik, nahaskeriaz beteriko zeremonia baten protagonista izan ditugu Lakuako gobernuko sailburuak eta egin dituzten adierazpen kontraesankorrek amarrukeria baten aurrean gaudela egiaztatu dute. Garaia heldu da, beraz, IU-EBk AHTaren auziari buruz Euskal Gobernuan duen ihardunbidearen inguruan jarrerak argitzeko.

Lehenik, gauzak zertan diren azaltzeko, aipagarria da IU-EB eta EAJ-EAk AHTari buruz itxura hutsezko negoziazio hori irudikatzeko adostu duten formularen errotikako funtsgabekeria: izan ere, gobernu-programak hitzez-hitz AHTaren egitasmoa "inguramen-eraginaren deklarazioa argitaratu arte" geldituko dela esaten du, eta hori guztiz absurdua da, aipatu inguramen-eraginaren deklarazio hori joan den urtean argitaratu baitzuen Espainiako Inguramen Ministerioak, 2000ko azaroaren 6an. Hitzarmenaren figurante guztiek ontzat eman duten trikimailu honek ituna "paper errea" eta fikziozko negoziaketa bihurtzen du. Hutsean ari dira berriketan eta esamesaka: hala, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Jon Imazek, gobernuko hirukoteak AHTaren egitasmoa indarrean dagoen legedia "zorroztasunez" beteaz egiteko konpromezua hartu omen dutela adierazi zuen, eta esandakoari zera gaineratu zion: "Honek, logikoki, eraikuntza hasi aurretik inguramen-eraginaren deklarazioa argitaratzea eskatzen du. Baina ziur gaude horrek ez duela egitasmo honen burutzapenean inolako atzerapenik ekarriko". Txalogarria, bai horixe, gauzak gehiago nahastea zaila baita!

Hortaz, hitzartutakoa zertan den haiek argitu nahi ez dutenez, eman diezaiogun geuk argibidea. Egiaz, egitasmoan irregulartasunak egin ondoren, eta proiektuaren aurka landu diren salaketen eta ekintza legalen bidez Garraio Sailak urraketa horiek ongi ezagutzen dituela, orain honako hau gertatu da: egindako inguramen-eraginaren azterketak Europako legedia betetzen ote duen zehazterakoan, bereziki, gobernukideen artean jada adostasunik ez dagoela alegia. Eta diferentzia horri erantzunez, gobernukideen artean barne-azterketa bat egitea adostu dute, egitasmoa indarrean dagoen legediari egokitzen zaion erabakitzeko. Berrikuspen hori, piskanaka baino egingo ez dena noski, ez da izango oztopo, bestalde, AHTaren egitasmoarekin aldi berean aurrera jarraitzeko (zeregin horrekin Espainiako Sustapen Ministerioak 609 milioi pezeta agindu ditu datorren urteko Aurrekontuetan).

Nolanahi ere, argi dago gobernuko "berrikuspen juridiko anbiental" horren bidetik edonolako garaipenik lortzeko ilusiorik ez dugula izan behar; haren emaitzak inortxok ere ez ditu ezagutuko, gainera, bere arduradunetatik aparte. Hau da, IU-EBko buruzagiek aditzera eman dituzten itxaropenak gezurtatzen ditugu, ez baita sinesgarria Eusko Jaurlaritzak inguramen-eraginaren azterketa berregitea eta deklarazio berri bat argitaratzea aginduko duenik, ezta beren aurrean zenbait irregulartasun egin izana onartuko lukeen kasu hipotetikoan ere; besteak beste, horrek proiektuaren izapidea berriro ere hutsetik abiatzea eskatuko lukeelako eta gobernu autonomikoaren asmoa hori denik pentsaezina delako (Garraio Sailburuak honen inguruan argi esan duenez, "akordioak ez du ezabatzen lehenago egindako ezer"), eta Eusko Jaurlaritzak berak ez duelako gainera halako erabakiak hartzeko ahalmenik, hori legez Espainiako Gobernuaren esku dagoenez gero. Izan ere, gauzak Madrazok esandakoa baino konplikatuagoak dira eta, gure ustez, Eusko Jaurlaritzak bide hori ireki badu IU-EB bertan galtzeko izango da. Horri dagokionean, antzeko beste esperientzia bat gogoan dugu, aipagarria baita afera honek 1987an EA-EE koalizioak Leitzarango autobiaren gatazkari buruz egin zuen hitzarmenarekin duen parekotasuna. Nafarroa-Gipuzkoa autobiaren auzia zen orduan Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu akordioaren markoan jarrera kontrajarriak eragiten zituen gaia, eta EA-EEk autobiaren auzian elkarren artean zituzten diferentziei irtenbidea emateko adostu zuten prozedura gai haren inguruan aldi berean bi ekintza modu paraleloan egitea izan zen: batetik, Leitzarango autobiaren behin betiko egitasmoaren idazketak aurrera segituko zuen, EAk nahi zuen bezala; eta bestetik, garai hartan Autobiaren Aurkako Koordinakundean parte hartzen zuen EEren eskakizuna betetzearren, Araxesko errepidearen hobekuntzari buruz "azterketa" berri bat egingo zen. Hori izan zen, beraz, EA-EEren arteko konpromezu politikoa betetzeko prozedura, baina, errealitatean, horrek Leitzarango autobiaren egitasmoa atzerapenik gabe idaztea eta egite kontsumatuen politika ezartzea ekarri zuen berekin.

Eta EEk eskaturiko "azterketa" haren bidea antzua gertatu zen, "inork sinesten ez duen azterketa bat" izan zen, maniobra despistagarri bat baino ez, orduan esaten zen moduan. Azkenean, autobiaren auzian EEko buruzagien jarrera aldaketa zuritzeko aitzaki gisa balio izan zuen, gainera, "azterketa" hark, Gipuzkoako alderdikideen eta zuzendaritzaren artean tira-birak sortu ahala EEk "erabakiak errespetatzeko eta betearazteko" deia egin zuen arte, "EE inola ere ezin baita aurrez aurre jarri, parte hartzen dugun instituzioen zilegitasuna ukatuz". Esperientzia hark orain eskuartean dugun auziaz gogoeta egiteko aukera ematen duela iruditzen zaigu. Bestalde, hitzarmenean "egitasmoaren inguruan adostasun politiko handiagoa lortzeko" konpromezua hartu dute zalantzarik gabe. EAJ-EAko buruzagiek, bistan da, IU-EBren bitartekaritzari nolabaiteko erabilgarritasuna igarri diote, egitasmoaren ezaugarri nagusiak akordioan eztabaidagai ez diren heinean, AHTaren aurkako gizarte oposizioa mugatzeko eta errekuperatzeko tresna baliagarria izan daitekeelako. IU-EBrentzat, antza denez, jokoan egon dena batipat ordezkapenezko sistema politikoan duen paper berria izan da, instituzioetan jada guztiz itsasita dagoen bere buruzagitzak bete asmo duen funtzioa indartzea, alegia. Hasteko, AHTarekiko erabateko arbuioa zenbait eragozpen partzialetara murriztu du eta, bidenabar, AHTaren aurkako herri mugimenduaren helburuak nahasiz eta azpikozgoratuz "egitasmoaren inguruan adostasun handiagoa lortzearen alde" agertu da.

Gure zeregina, ordea, egunetik egunera azpiegitura lan errraldoietarako egitasmoen "onurak" predikatzen dituzten alderdi politikoek, komunikabideek, gobernuek, eragile sozial "maioritarioek" eta abar luze batek eutsi eta gizarteari zabaltzen dioten adostasun hori hankaz gora jartzea da. Era berean, inguramen-eraginaren azterketa berriak egiteko eskakizuna nahasgarria da, ikerketa horiek zertarako balio duten sobera egiaztatua baitago: horien jokoa egitasmo erasokorrak eta txikitzaileak zilegitzea da, ezertan "adituak" izan gabe hautematen ditugun kalteak "adabakiz" estaltzea, eta, bide batez, bultzatzen den gizarte eta ekonomia eredu desarrollista eta menperatzailearen auzia ezkutatzea. Ondorioz, AHTaren auziari buruz IU-EBk Euskal Gobernuan hartu duen jokabidea salatu eta hortik argi eta garbi aldentzen gara, afera honen sorrera eta geroari buruzko errealismoak horretara bultzaturik. Eta puntu honetan, gaizki-ulertze posible bat saihestu nahi dugu: AHTaren aurkako borroka zabaltzeko, uste dugu merezi duela beste erakunde eta mugimenduekin elkarlanean aritzen ahalegintzeak, hain zuzen taldeen autonomiari eutsita denon artean zehazturiko oinarri eta edukin amankomunen gainean indarrak biltzeko, eta auzi honen inguruan jende askok duen ardura geroz eta handiagoa eraginkor bihurtzen laguntzeko.

Alabaina, hankasartzerik handiena AHTaren aurkako protestak bere autonomiari eta helburuei -lehenik eta behin AHTarekiko erabateko aurkakotasunari- uko egitea litzateke, maniobra politikoen eta botere-jokoen menpe erortzeko, bide horietatik oposizioa ez bailitzateke inola ere indarturik aterako, likidatua baizik. Hortaz, aliatuak behar direnean, hain juxtu, ezinbestekoa deritzogu horrekin batera amankomuneko oinarriak zein diren ongi zehazteari, hortik abiatuta aliantzak egin eta, aldiz, AHTaren aurkako borroka berreskuratzeko edonolako tentaldi eragoztearren, boikotatu beharreko guztia boikotatzeko.

Bukatzeko, AHTaren aurkako oposizioa mugimendu kolektibo eta asanblearioaren sorreran eta hedaketan parte hartzera dei egiten dugu, herritar sentsibilizazioa eta autoeraketa bultzatuz.

AHTaren aurkako asanbladakideak

[itzuli]