[itzuli]

OLENTZEROren ESKUTITZA

Gure eskari eta nahiei erantzunez, urtero legez bisitalditxoa egiteko prestatzen ari delarik, gure Olentzero zaharrak gutuntxo hau bidali digu.Triste eta kezkati ageri zaigu bertan.

Oso arduratuta naukazue.Urtetik urtera menditik jaisteko orduan arazo gehiago ditut zuengana iristeko,paisaia, inguruak, ia bazter guztiak aldatuta, txikituta,zementoz josita ikusten ditut, obra erraldoiak han eta hemen,gure lurralde guztia itxuraldatzen ari zarete, eta beheko parajeetan ase ezinik mendiei etengabe aginka ari zaizkie...gero eta leku gutxiago gelditzen zaigu nire lagunei eta neri mendian baketan bizitzeko,... baina txarrena da ez dakidala noraino iritsi nahi duzuen lur-aseezin honekin!!

Gaur Arrasaten bilduko zaretela eta, hemengo inguruei begira gelditu naiz eta tristura sakon bat barneratu zait.Aberastasunaren altxorra omen dena, ez ote duzue porlan eta altzairuzko "eskalestria" bihurtuko? Errepide azkarrak, azpiegitura erraldoiak, lurra zoru bihurtze oro... hobeto bizitzeko, bazter guztietara zuek eta edozein jenero mota azkarrago iristeko direla diozue, eta bizkorrago ibiltzen ikusten zaituztet, ( ez naute alperrik autopista peajeetan jartzen), gero eta presa gehiagorekin, baina nora iristeko? Urtetik urtera bizitzaren eguneroko alderdi xamurrenez gozatzeko lotuago, estuago, itoago ikusten zaituztet,auskalo non eta nola batutako jan-edanetaz ornitzen, geure nortasuna eta aukerak bazter batera uzten...Gero eta urrutiago dauden banaka batzuen aberastasunak gehienon pobrezia baino ez bait dakar.

Ez dut gutuntxo hau sermoi bihurtu nahi, baina benetan ere Abiadura Handiko munstro honen mehatxuak (nik ezin dut trena deitu eta) beldurtuta gauzka. Hemen mendian basoko animalia guztiak izututa daude , landaredia triste, ximel-ximel eta gizakiok lur jota (lur-sailak banatuta, bizilekuak urratuta, ondasun patrimoniala lurperatuta,mendiak moztuta,lur eta urak betirako galduta,zarata beldurgarria...hau aurrera eramanez gero beste norabait aldegin beharrean aurkituko omen dira.Eta bertako biztanleak zer?Bizi baldintzak urratuta eta zeharo inkomunikatuta. Eta gure Euskal Herri honetan bertan, izugarrikeria hau bultzatzen ari direnen arrazoiak ulertzen saiatu naizen arren, orain arte ez dut ezer arrazoizkorik entzun.Hiriburuen arteko bidaietan minutu batzuk irabaztearren halako neurri gabeko kalteak onartu?Kapitaletan lehendik dagoen aglomerazio eta zentralizazioa areagotu eta bitarteko gune guztiak txikitu, desertu bihurtu?Hori al da lurraldea egituratzea?Eta dirurik gabe eta gizartearen zati handi baten ezezkoarekin ere,zergatik denen gainetik aurrera jotzeko enpeñu hori?Benetan, ez dut ezer ulertzen.

Nik, nire ezjakintasunean,beste garraio eredu bat, beste lurralde antolakuntza eta azken batean beste gizarte-eredu jatorrago bat dut maite,guztion beharrak aintzat hartuaz osatuko duguna eta aurten, nere oparietan mezu hori zabaltzen saiatuko naiz.Bestela, ikusten nago, martxa honetan jarraituta, urte gutxi barru menditik jaistea tristeegia izango dela neretzat. Zuek berriz, segi borrokan, arrazoiak eta indarrak batuz. Xaguak ere irabazi bait zion lehoiari, bere buruargitasuna erabiliz.Nik, oparitzat, horretarako indarra eta kemena utziko dizuet.

ZUEN OLENTZERO

[itzuli]