[itzuli]

BIDAIARI ONARI

Mundua nahitaez dabilkien geroz eta gehiago lehiatu beharrak gure herriaren ekonomiari gorabehera haundiak ekarri dizkio, guztion zorionerako aurki gure artean tren berri bat izango dugu, gorabehera horiek neurri batean erremediatuko dituena, eta halarik ere haren aurrean zenbait "herritarrek" beren mesfidantza eta beren gaitziritzia azaldu dutenez, on izango da tren berri horrek berekin dakarzkien alde on bat eta beste gogoratzea.

Alde batetik, esaten digute herritar mesfidati horiek: "Baina, tren hori nork erabiltzeko da? Hori ez da jende soilak erabiltzekoa, ezpada zenbait enpresariok eta zenbait haundikimendik". Eta nik esaten: Baietz eta hala izango dela dirudiela, ordea ez dugu pentsatu behar, hori horregatik ez-on eta horregatik guztion probetxurako ez dela, zeren, azken batean enpresario horiek eta lehengizon horiek, beren kartera beltzekin batetik bestera dabiltzala, zertan dabiltza bada, ez bada denon on-beharrean, aurki lana sortzen, eta behintzat gure ekonomiari eragiten?

Eta, horiek beren destinora bost minutu lehenago iristea (nola esaten baita, izango dela denboraren aldea gutxi gorabehera Donostiatik Bilbora, baina Madrilera edo Parisera joan ezkero aldea, tren horretan edo abioi batean joanda, bariable guztiak kontuan izanda, hamabost minutukoa ere! izan omen daiteke), bada, bost minutu edo direnak direlako horiek, guretzat ez du ematen ezer, baina enpresario eta jende garrantzitsu horrentzat oso inportanteak izan daitezke, guk beti konprenitzen ez duguna, agian minutu gutxi horien gorabeheran egon daiteke konparazio kontratu baten sinatzea edo ez, zeren esan bezala mundua lehia haundi batean sartua baitago eta gure enpresak ez dira atzean gelditu behar.

Baina tren hori ez omen da pertsonentzat bakarrik izango, herritik herrira merkantziak ere ibiliko dira. Hori ere kritikatzen dute gure herrikide mesfidatiek: Ez omen da behar. Inor, nik galdetzen, herritar horietarik, jarri ote da pentsatzen inoiz, tren batek zenbat merkantzia garraia dezakeen? Balbulak, turbinak, polipastoak, galipotak... Ez naiz luzatuko, baina argi eta garbi esan beharra dago sektore guzti-guztiak benefiziatuko liratekeela tren arin horrekin.

Pentsatu industriak nola funtzionatzen duen gaur egun. Har dezagun zumo pote bat adibidez. Laranjak Marokon bildu, handik esprimitzeko Bartzelonara eraman, Guadalajaran egindako poteetan enbasatu, Eslovakian brikolaturiko tapekin itxi eta azkenean Usurbilen ebakitako etiketak erantsi, miresgarria da eta dena zeini esker? Garraioari esker! Eta noski, produktu horietako bakoitza zenbat eta arinago iritsi, orduan eta arinago diru bihurtuko da, eta dirua ibiliko da eskutik eskura, hori baita denok behar duguna.

Eta, batek esan lezake: Ai, baina tren hori kamioien kaltean izango da, errepideetan kamioi gutxiago ibiliko da. Ez dugu hori pentsatu behar eta alde horretatik kamioneroek lasai egotea dute: lehiak lehia baitakar, eta gainera, bazter denetan ari diren errepide berriak, ez dira nik uste patinetean ibiltzekoak izango!

Eta, tren geltokien inguruan, duda gabe industriagune berriak altxatuko dira, duda gabe haien babesean parke komertzial berriak eraikiko dira, haurrak gogoan ditugula jolas parkeak ere, eta pentsatzekoa da edo nik hala nahi nuke behintzat, kultur parkeak ere bai, zeinetan, idea bat da, museoak ireki ahalko diren, tokian tokiko objeto eta foto zaharrekin, denok jakiteko jendea lehenago nola bizi zen... Horiek ere ikusi behar dira, ez da alegia trena bera onura bakarra.

Egia da, eta esan beharrekoa, neri behintzat inork ez baitit alde hitz egiteko pagatzen, trenak bere bidean kalte batzuk egingo dituela, baina horien aldean, hain dira nabariak alde onak! Pentsa dezagun obrak berak zenbat laguni lana emango dion. Pentsa dezagun zenbat tona hormigoi, zenbat tona harri, asfalto, burdin beharko diren trenbidea egiteko (gero bagoiez hitz egin gabe, horiek ere eta daukagun abantailari eutsi ezkero suerte pixka batekin gure probintzian geldituko dira). Etekinak haundiak eta askorentzat izango dira, eta gero herritar triste horiek kontuan hartzen ez dutena baina zorionez gure jende abantzatuak bai: halabeharreko estropozu eta hondamendiak ez daitezen hainbestekoak izan, duda gabe gure artean klase guzietako teknikoak eta lepazuriak ibiliko dira: basoetako espezialistak, kutsaduraren injenieruak, erakunde ez gubernamentaletakoak, biologoak, zoologoak, psikologoak etc. etc. Beti ere gure enpresen onerako eta esan beharrik ez dago gure banketxeen onerako ere bai, gu guztion mesederako esatea bezalaxe baita.

Gero hurruna paisajearen objezioa dator, baina hori ez da benetan arrazoi serio bat, eta nirekin bat etorriko lirateke ehunetik larogeita hamarrak bai, zeren eta, duda gabe tren horrekin Kaliforniaren antz haundixeagoa hartuko dugu, eta jakina da (inkestek behin eta berriz erakusten dutenez) "Kalifornian bezala" bizitzea dela poblazioaren gehiengoaren ametsa.

Tren honek badu beste abantaila bat inori aipatzen entzun ez diodana. Ez omen da paso-nibelik izango, zeinarekin bistan da trenak ez duen gehiago eskola-umez beteriko autobusik edo bastoidun jubilaturik bere aurretik eramango, bestalde eta sentido berean istripua izan ezkero probabilidade haundiak omen dira bidaiari guzti-guztiak hiltzeko, eta bai hura, eta bai hau, gure sistemarentzat, esan beharra dago, on-onak izango dira, zeren eta hartara seguridade sozialaren gastuak oso laburtuko baitira.

Ez dago ukatzerik: baserritar batzuek euren etxeak galduko dituzte. Hori nik ez dut ondo ikusten, azken batean gure tradizioa puskatzea baita. Hala ere, inork ezin esango dit, hori kalte "gutxieneko" bat ez dela, eta gainera ni seguru nago tren horrek bere bazterrak zainduko dituen jendea beharko duela, eta nonbait aditu dut han eta hemen golf zelai batzuk egiteko asmoa ere badela... definitiban, batean edo bestean gure baserritarrek ez dute lanaren faltarik izango, alferren fama haundirik ere ez daukate-ta. Eta, hori bai, denbora libre gehiago izan eta egingo nuke dirua ere gehiago ibiliko dutela, dudarik gabe lagunduko diena gizartean hobeto integratzen.

Azken objezio bat aditu izan diet gure herritar motz eta tematiei: "Tren horrek independentzia galaraziko digu". Nik horri bai ez diodala inondik inora fundamenturik ikusten. Zeren, zein da tren horren helburua? Europarekin eta munduarekin hobeto komunikatzea eta haien maila berberean egotea, ezta? Eta nik behintzat horrela ulertzen dut independentzia, edo zer nahi dugu: bazter-bazterrean eta ezer ez dugula egon eta independenteak izan? Nik hortan krixtoren kontradizioa ikusten dut.

Ahaleginak egin beharko ditugula, Nafarroarekin hobeto komunikatuta egoteko, oraingo Y-a eta gero, H-a izan dadin? Horixe egin beharko ditugula, eta bai gogotik ere egingo ditugu.

Ez nuke bukatu nahi progreso guztietatik nahitaez aparte gelditzen diren pobre batzuekin gogoratu gabe. Denok edo trena erabiltzen dugunok behintzat badakigu, badela jende bat, zoritxarrez ezerezean bizi eta, trenerako ere sosik ez daukana. Haiek makina bat aldiz ikusita gaude Martutenen ego igual eta igual Hernanin jaitsi behar direla. Tren arin honetan ez da ba halakorik izango: bertan "kolatu" ezkero, pika-pikak beste non jaitsiarazterik ez eta, Madrileraino izango dute pagatu gabe joatea, bidean noski nahikoa denbora izango dute bidaiari onak komentzitzeko beren paperezko painueloak erosi ditzaten, eta gainera behin iritsita Madrilen ostatua segurtatuta izango dute.

Paxa Bakun (Ostiela-tik hartua)

[itzuli]