[Itzuli/volver]
Ehundaka
lagun bildu dira AHTren eta proiektu txikitzaileen aurkako egunean
Ehundaka
lagunek parte hartu du joan den igandean Donostian Abiadura
Handiko Trenaren (AHT) eta proiektu txikitzaileen aurka egindako
egunean. Ondorio ekologiko eta sozial larriak ekarriko lituzkeen
egitasmo honen oposizioan Donostialdea-Oarso-Bidasoako AHT Gelditu!
Elkarlanak asteotarako eratu dituen ekintzen artean kokatu da
eguna, eta datorren martxoaren 23an, Henanitik Astigarragara
AHTren geldiaraztea eskatzeko egingo den manifestazioarekin
izango du segida. “AHT GELDITU! DENON ESKU DAGO” lemapean egingo
da manifestazio hori, eta horixe da hain justu azpimarratu nahi
duguna: gure esku, herriaren esku hain zuzen, dagoela basakeria
hau gelditzea.
Joan den igandeko egunaren balorazioa egiterakoan, festa eta
errebindikazioa batu dituen mobilizazio egun honek k izan duen
bizitasuna eta ehundaka lagunen parte hartzea azpimarratu nahi
ditugu. Donostian AHTren eta proiektu txikitzaileen aurkako
aldarrikapenak oihartzuna izan dezan baliagarria izan da. Arratsaldez,
300 bat lagun bildu gara kalejira, burrunbatsua egiteko, eta
alde zaharreko kaleetan zebilen jendearen artean harrera oso
ona izan du honek, kalejiran zehar protestaren zergatiaren berri
emateko jendártean banatu diren 4000 esku orriak lekuko. Goizetik
egindako bizikleta martxan berriz, 50 bat txirrindulari ibili
da aldarrikapena Donostia hiri-erdialdeko kaleetan zabaltzeko.
Aipagarria da, halaber, “Agua Zero en Itoitz” antzerkia ikusteko
Sarriegi plazan bildutako jendetzak erakutsi duen jarrera ona.
Trinitate
plazan eginiko herri bazkarian 150 bat lagun bildu gara, eta
ondorengo bertso saioan bildutako jendeak antolatzaileek jarritako
estalpea bete egin du. Egunean zehar, bestalde, jende ugari
hurbildu da plaza honetako sarreran jarritako erakusketa informatiboa
ikustera. Haurrek gogotik egin dute barre Txan Magoaren ikuskizunarekin,
baita Sebastopoleko Titiriteroen tailerretan gustura jolastu
ere Aldi berean, Biolur elkartearen laguntzarekin, nekazaritza
ekologikoaz egindako erakusketak lurrari loturiko nekazaritzaren
defentsa kaleratzeko balio izan du. Trikitilariek Jaizkibelen
defentsan eginiko mozorro koloretsuek„ AHTren aurka azken urteetan
egindako hainbat mobilizazio eta ekintzen bideo irudiek, talo
dastaketak eta ekitaldi informatiboak (azken hori tamalez laburtuta
geratu bada ere, Teresa Jauregizar Gladys del Estal Fundazioko
kidea gaixo eta ezin etorrita), eguneko festagiro eta une kontrainformatiboak
osatu dituzte. Aipagarria iruditzen zaigu, azkenik, eskualda
mailan eraturiko egun honen antolaketan eta prestaketa lanetan
50 bat lagunek esku hartu dutela zuzenean.
[Itzuli/volver]