[Itzuli/volver]

JAIZKIBELGO SUPERPORTUAREN AURKA TRINTXERPEKO IHAUTERIETAN

Otsailak 15, 16 eta 17an Trintxerpen ihauteriak ospatu egin genituen. Jaizkibelgo Superportuaren afera jendearengana helarazteko une oso polita zela iruditu zitzaigun, eta urtero ateratzen diren konpartsen artean, gureak ere karrikan egon behar zuela erabaki genuen. Ilusio handia eta gogotik egindako lanaren emaitzak desfile egunerako argi eta garbi ikus zitezkeen: “Apartatequetehundo” zuper-zuperpetroleroaren zamak Jaizkibel eta Pasaiako itsasbazter guzti-guztiak ederki zikindu eta izorratu zituen.

Trintxerpeko kaleetara ailegatzen ari zen marea beltza karrikan zehar paseoan zebilen jendearenganaino heldu zen. Eta era honetan kaka pilaketa izugarri batek ikusleen sudur eta belarriak estali zituen. Hala ere, hedabideetatik mezu lasaigarriak entzuten genituen! Nahiz eta kaka pilaketa izugarri batek oso-osorik jango gintuen, “Grin Piss”-eko militante biodegradableek kostalde guztia (arrokaz arroka) garbitzeko asmoa baitzuten. Dena dela, itsasaldeko faunak, florak eta Pasaialdeko biztanleriak hau ez dela gertatuko irmoki adierazi zuten gure konpartsan. Jaizkibelen Superporturik ez dutela eraikiko lau haizetara oihukatu zuten konpartsakideek. “Gure hitza ez dezala haizeak eraman”. Amen.