Imprimatu E-mailez bidali

Nafar Gobernuaren erantzuna alegazioari

  Nafarroako Aldizkari Ofiziala 130 zenbakia - Data 30/10/1998
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
Herrilanak eta Zerbitzu Publikoak
4020/1998 FORU AGINDUA, urriaren 20koa, Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, "N-1 autobia, 395 k.p.tik 397 k.p.ra" eta "N-1 autobia, Altsasu-Gipuzkoako muga, 397 k.p.tik 402 k.p.ra" egiteko proiektuen jendaurreko aldiak ebatzi eta behin betikoz onesten dituena.

Bide Zerbitzuak jakinarazi du Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak uztailaren 21ean emandako 2656/1998 Foru Aginduaren bidez, "N-1 autobia egitea, 395 k.p.tik 397 k.p.ra" proiektua teknikoki onetsi eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egoteko epea ireki zela.

Informazio hori 1998ko abuztuaren 12ko 96. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak uztailaren 21ean emandako 2656/1998 Foru Aginduaren bidez, "N-1 autobia, Altsasu-Gipuzkoako muga, 397 k.p.tik 402 k.p.ra" proiektua teknikoki onetsi eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean egoteko epea ireki zen.

Informazio hori 1998ko abuztuaren 19ko 99. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Bide Zerbitzuaren ustez, hain hurbilak dira bi proiektuak, hala lekuari nola jendaurrean egoteko epeari dagokionez, non proiektu bakartzat hartzen ahal diren eta, gainera, hartutako alegazioak, kasu batzuetan, biei dagozkie eta, beste batzuetan, zaila da bietako bati atxikitzea. Hori horrela, bidezko da jendaurrean egoteko bi epeetan aurkeztutako alegazio guztiei batera erantzutea.

Hona hemen hartutako alegazioak:

................................

7. alegazioa.-Manuela Arregui y Martínez de Armañanzas andrea eta 178 sinadura gehiago.

Alegatzen dute: jendaurrean dauden "N-1 autobia, 395 k.p.tik 397 k.p.ra" eta "N-1 autobia, Altsasu-Gipuzkoako muga, 397 k.p.tik 402 k.p.ra" egiteko proiektuak oso kaltegarriak direla Altsasu herriarentzat eta bertako bizilagunentzat, ingurunean, gizartean eta ekonomian sortuko dituzten eraginengatik; trazadura berriko autobia bat egin ordez, proposatzen dute gaur egungo N-I errepidea bitan banatzea, autobia bihurtzeko (gaur egungo errepidea bi galtzadetako bat izanen litzateke).

Ondoko argudio hauetan oinarritzen dute eskaera:

-Proiektutako autobia eginen balitz, azpiegitura bat agertuko litzateke Altsasun eta horrela handitu eginen lirateke egun dauden azpiegiturek sortzen dituzten eraginak eta haiek okupatzen duten lur eremua.

-Autobia hori eginen balitz, bikoiztu eginen litzateke Altsasu eta Gipuzkoa artean dauden errepideen kopurua eta erabili gabe utziko gaur egungo N-I errepidea.

-Azpiegitura berriarekin landa lurren galera handia gertatuko litzateke; basoak, laborantzako lurrak eta ekologia eta aisiaren aldeetatik baliotsuak diren lurrak ukituko lituzke galera horrek.

-Bestalde, "lurra" baliabidea bertan behera uztea ekarriko luke, nekazaritzari atea ixtea; egia bada ere sektore horrek atzera egin duela azken urteotan, litekeena da ondokoetan bertako bizilagunek berriz hastea, sistema ekonomikoaren krisialdia etorriz gero, eta haien ustez, aukera hori ez da galarazi behar. Orobat, bizilagun batzuek abeltzaintza eta nekazaritza arloan jarduten dute gaur egun eta haien jarduketa kaltetu eginen luke proiektutako autobiak.

-Proiektatutako autobiak lur maldatsua zeharkatzen du eta horren ondorioz, ebaketak eta lubetak egin beharko dira. Horrek, aurreikusita dauden gaineko pasabideekin batera, eragin handia izanen du zona horretako paisajean. Halaber, uste dute autobia diseinatzeko hartu diren ezaugarriak, beharrezkoak ez izateaz gain, gehiegizkoak direla.

-Azkenik, azpimarratu egiten dute azpiegitura traba bat izanen litzatekeela, hala pertsonentzat nola basa faunarentzat, eta inkomunikazioa sortuko lukeela udalerriko hainbat aldeen artean.

Eragin negatiboak, beraz, pilatu egiten dira haien ustez, eta haiek ezabatzeko modu bakarra errepidea dagoen bezalaxe uztea da, hala ere, kontuan hartzen dute are gehiago kontuan harturik errepide horrek, ia guztiak, Madriletik Irunera, autobiaren ezaugarriak dituela, urteetan zehar egin diren bikoizketen ondorioz eta horrek zail egiten duela errepidea bere horretan uztea, kontuan hartuz, gainera, estatu osoan gehien erabiltzen den errepideetako bat dela; hori horrela, esan den bezala, haien poroposamena da N-I errepidea bitan banatzea, ezaugarri apalago batzuekin, azaldutako eraginak baztertzeko edo, gutxienez, txikiagotzeko.

Erantzuna:

Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak otsailaren 15ean emandako 538/1996 eta 539/1996 Foru Aginduen bitartez, "N-1 autobia, 395 k.p.tik 397 k.p.ra" eta "N-1 autobia, Altsasu-Gipuzkoako muga, 397 k.p.tik 402 k.p.ra" izeneko proiektuak erredaktatzeko Baldintza Teknikoen Pleguak onetsi ziren.

Plegu horietako 1.4. idazatian, "Trazadurak" izenekoan, ondoko hau ezartzen da: "Onartutako gutxienezko eta gehienezko erradio eta parametroak 120 Km/h-ko berariazko abiadura bati edo, posiblea izanez gero, handiago bati dagozkionak izanen dira.

Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak azaroaren 25ean emandako 5097/1997 Foru Aginduaren bidez, "N-1 autobia, Altsasu-Gipuzkoako muga, 397 k.p.tik 402 k.p.ra egiteko hautabideen azterlanean" sartutakoen artean 4. hautabidea onetsi zen.

Azterlan hori Altsasuko Udalaren eskuan jarri zen irizpena eta iritzia eman zitzan; horrek onespena eman zion jendaurrean paratu den hautabideari eta uste da Udalak bizilagun gehienen iritzia ordezkatzen duela.

Gainera, aipatu hautabideak hautabiderik hoberenaren balorazioa izan zuen aldez aurretik, oro har, ingurugiroaren ikuspuntutik.

Aipatu Hautabideen Azterlanean adierazten den bezala, egungo errepideak ondoko problemak ditu tarte horretan:

-Ezaugarri geometriko txarrak ditu, kurbadura erradio txikiak eta, tarteka, malda handiak.

-Egun batean 10.000 ibilgailu baino gehiagoko IMD duen trafikoa, ibilgailu astunen ia % 40 duena.

-Aurreratzeko ikusgarritasuna duten tarte gutxi.

-Abiadura mugatua.

-Bide bazterretan dauden etxebizitza, establezimendu, aglomeratu-planta eta gasolindegietara sartzeko bideek ez dute segurtasunerako behar diren baldintzak betetzen.

-N-I errepidearen erabilpena mugatua da, ondoko harrobiaren ustiapena dela eta, errepidea moztu behar baita leherketak egiten direnean.

Azaldutako zirkunstantziak kontuan hartuta, proiektuaren aurreko azterlanean ikusi beharreko hautabideen artean, baztertu egin zen N-I errepidea bitan banatzeari buruzkoa, aipatutako problemak konpondu ez eta areagotu egiten zituelako.

Gainera, kontuan hartu behar da N-I errepidea bitan banatuko balitz, autobiara sartzeko bideen kontrola dela eta, beharrezkoa izanen litzatekeela eremu horretarako zerbitzurako bideak egitea, eta horiek, kontuan harturik gaur egun duen probetxamendua, zati nagusiaren bi aldeetan barna egin beharko lirateke.

Aztertutako hautabide guztiek bidea ematen dute N-I errepidearen egungo galtzada zerbitzurako bide gisara uzteko, eta hori onuragarria da eskualdeko funtzionalitatearentzat, batez ere Zuntaipe auzoaren kasuan, bertan zerbitzurako bideak egiteko lekurik ez dagoenez (bestela bazterrak desagertuko bailirateke), ezinezkoa izanen litzateke autobiara sartzeko bideen gainean egin beharreko kontrola egitea, trafikoa etxebizitzetatik urruntzea eta eraikinetara sartzeko bideek gaur egun dituzten arriskuak kentzea.

Abiapuntutzat harturik, beraz, azpiegitura berri bat haren funtzioaren ezaugarriekin egiteko bidezkotasuna, ez baita ahaztu behar, beste alderdi batzuen artean, ibilbide luzeko bide baten zatia dela, begien bistan da hartutako erabakiak, baita proposatu litekeen beste edozeinek ere, eragin eta afekzio desberdinak sortzen dituela, baina eragin horiek ahalik eta txikienak izaten saiatu da, horretarako egin baita Ingurugiroaren gaineko Eraginari buruzko Azterlana, hori ere jendaurrean paratu dena.

Ondasun eta eskubide jakin batzuen afekzioari buruz, alegazio egileek modu orokorrean aipatu baitituzte, esan beharra dago Administrazioak haien balorazio zuzena eginen duela, kontuan hartu gabe eragina zein motatakoa den: zuzeneko okupazioa, haien ondare-balioa galtzea, haiek sortutako irabazien galera edo jarduera jakin bat bertan behera utzi edo baliogabetzea.

................................

12. alegazioa.-Patxi Galán Morcillo jauna eta 696 sinadura gehiago

Alegazio hau eta Manuela Arregi Martinez eta 178 sinadura gehiagok aurkeztutako 7. alegazioa berdin-berdinak dira -hitzez hitz-; beraz, haren azalpen eta erantzunaren berri izateko, ikus bedi 7. alegazio hori.

................................

1998ko urriaren 13an Gobernuak hartutako erabakiaren bidez, udalez gaindiko proiektu sektoriala behin betikoz onetsi zen eta Ingurugiro, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak urriaren 19ean emandako 1158 Foru Aginduaren bitartez, "N-I autobia, Altsasu-Etxegarate tartea" izeneko Proiektuaren Ingurugiroaren gaineko Eraginaren Deklarazioa formulatu zen, zeinaren zehaztapenak eraikitzeko proiektuetara erantsi diren.

Hori horrela, Bide Zerbitzuak emandako txosten eta proposamenarekin bat etorriz eta Kontratuei buruzko Foru Legearen 12. artikuluak esleitzen dizkidan eskumenak erabiliz

AGINDU DUT:

1. "N-1 autobia, 395 k.p.tik 397 k.p.ra egiteko Proiektuaren" jendaurreko aldia ebaztea, azalpen zatian adierazi bezala.

2. "N-1 autobia, 395 k.p.tik 397 k.p.ra egiteko Proiektua" behin betikoz onestea.

3. "N-1 autobia, Altsasu-Gipuzkoako muga, 397 k.p.tik 402 k.p.ra" egiteko Proiektuaren" jendaurreko aldia ebaztea, azalpen zatian adierazi bezala.

2. "N-1 autobia, Altsasu-Gipuzkoako muga, 397 k.p.tik 402 k.p.ra" egiteko Proiektua" behin betikoz onestea.

5. Altsasuko Udalari jakinaraztea eskatutako neurri konmpentsatzailek eman eta finantzatzeko Lankidetza Hitzarmen bat sinatzen ahal duela Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarekin.

6. Jendaurreko aldi honen emaitza Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Nafarroako Foru Komunitateko bi egunkaritan eta Altsasuko Udaleko iragarki oholean argitaratzea, ohartaraziz argitalpen hori Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Foru Legearen 59.4 artikuluan ezarritako ondorioetarako ere egiten dela.

Altsasuko Udalari, gainerako alegazio egileei, Departamentuko Idazkaritza Teknikoari eta Bide Zerbitzuari (Desjabetzapen Atalari) jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemezortziko urriaren hogeian.-Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria José Ignacio Palacios Zuasti.

 

 

 

Orrialde honek hemen zegoen: http://www.sindominio.net/fundamento/index2.php?I=eusk&T=t2&P=6

Azken modifikazioaren data: 2002/9/29

CC 2.0 Reconocimiento-CompartirIgual lizentzia
Web honek 'Creative Commons 2.0 Reconocimiento-CompartirIgual' lizentziapean dago
(ikusi: http://creativecommons.org/licenses/by-sa/2.0/es/deed.es)