Imprimatu | E-mailez bidali |
Esan dugun bezala, 2001eko abuztuaren 31a, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, poligonoa udalez gaindiko plan sektorial bezala deklaratu zen. Aldi berean erabaki honetan poligonoaren hildo orokorrak agertzen dira eta, baita ere, jendaurrean jartzen da. Hemen duzue N.A.O.ren web-gunean agertu zen textu osoa: 106 Zenbakia - Data: 31/08/2001 I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA ERABAKIA, 2001eko uztailaren 2koa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Urdiain-Altsasuko industri eremua" izeneko proiektua, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratu eta jendaurrean jartzen duena hilabete batez. Nafarroako Gobernuko Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak "Urdiain-Altsasuko industri eremua" izeneko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aurkeztu du, izapidatua izan dadin. I.-Aurrekariak. Industri eremu horren garapena Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariaren 1996ko urriaren 7ko Foru Aginduaren bidez onetsi zen, apirilaren 5eko 84/1990 Foru Dekretuak ezarritako irizpideen arabera, horren bidez Nafarroan industri poligono eta jarduerak ezartzeko arauak eman baitziren. Dekretu horren 1. artikuluko 4. atalean adierazten da Industri, Merkataritza eta Turismo Departamentuak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuek izanen dutela eskualdeko industrialde-sarea handitzeko kudeaketaren ardura, nola eta industrialde berriak sustatuz, Nafarroako Gobernuak propio onetsiko dituen eskualde batzuk garatzeko programen arabera. 1999. urtean Nafarroako Gobernuak asmo hori berretsi zuen, izan ere, 1999ko maiatzaren 3ko Erabakiaren bidez, industri eremu hori eskualdeko industrialde deklaratu zuen. UPSn sartzen diren Altsasuko lurrak, egun, lurzoru urbanizaezinak dira, nekazaritzarako emankortasun ertainekoak, hala erabaki baitzen 1089/99 Foru Aginduaren bidez onetsitako Altsasuko Arau Subsidiarioen aldaketa baten bitartez (99/09/10eko NAO). Urdiaingo lurrak, hango Arau Subsidiarioen arabera, lurzoru urbanizaezinak dira, nekazaritzarako emankortasun ertainekoak. II.-Interes publikoa eta onura soziala justifikatzeko arrazoiak. Plan Sektorial honen asmoa industri lurzorua sustatzea da, behar bezala antolatua eta behar diren zerbitzu eta azpiegiturez hornitua, Altsasu eta Urdiainen industri jardueren garapena ahalbidetu eta sustatzeko. Horrela, Foru Komunitateko industri lurzoru publikoaren sarea osatuko da. Industri eremu hau sortzea beharrezkoa da, izan ere, gaur egun, inguruan ez dago lurzoru publiko antolaturik, eta hori enpresak eskualdera erakartzeko oztopo da. Nafarroako Gobernuak industri lurzoru publikoa sustatzeko jarduketa guztietan bezala, hemen ere bideraezina da ekimen pribatuek lurzorua garatzea. Gainera, egun dagoen eskaintza urriaren prezioak kontrolatzeko beharra dago, industri jardueretarako prestaturiko lurzoruak eskainiz. Desjabetzapenaren sistemaren bidez garatuko diren exekuzio unitateen mugapenak obren onura publikoa deklaratzea dakar berekin, hala nola kasuan kasuko lurrak eta eraikinak okupatzea, desjabetzapenak egin edo zortasunak ezartzeko, 10/94 Foru Legearen 130. artikuluak finkatu bezala. Lurzoru erreserba honen hirigintza garapenak, bistan da, interes publikoa eta onura soziala jusitifikatzen ditu, berez. III.-Proposaturiko industrialdearen oinarrizko ezaugarri eta elementuen azalpena. Industrialdea Altsasuko herrigunearen hego-ekialdera kokatuko da, Zangitu izeneko parajean, eta Urdiaingo herrigunearen ipar-mendebaldera. Iparraldean, Arakil ibaia, Uzkulluko errekatxoa eta trenbidea ditu mugakide; mendebaldean, Arakil ibaia; Hegoaldean, Arakil ibaiaren beste tarte bat eta Ondarreako mugapean dagoen Altsasuko industrialdea (Altsasu eta Urdiango udalerrien mugalerroan); hegoaldean, Iruña-Gasteiz N 240-A errepidea; eta ekialdean, mendiko bidea (Aizkibel haitzerantz). UPSn sartzen diren Altsasuko lurrak, egun, lurzoru urbanizaezinak dira, nekazaritzarako emankortasun ertainekoak, hala erabaki baitzen 1089/99 Foru Aginduaren bidez onetsitako Altsasuko Arau Subsidiarioen aldaketa baten bitartez (99/09/10eko NAO). Urdiaingo lurrak, hango Arau Subsidiarioen arabera, lurzoru urbanizaezinak dira, nekazaritzarako emankortasun ertainekoak. Industri eremua mugatzeko orduan, natur mugak eta eskualdeko komunikazio sareek finkatutakoak hartu dira aintzat, industrialdearen kanpoko azpiegituren diseinua minimizatzeko. Industrialdearen antolamendua Arakil ibaiak finkatzen du, industrialdearen erdiko partea iparretik hegoaldera gurutzatzen baitu. Horren ondorioz, jarduketa bi zatitan banatuta geldituko da; batetik, trenbidea, garraiorako komunikabide hori erabiltzen duten enpresak ezartzea lagunduko duena; eta bestetik, Iruña-Gasteiz autobidea. Industrialdeak Banaketa Eremu bat izanen du, Sektore bat eta bi Exekuzio unitate -Arakil ibaiaren bazter bakoitzean bat-, eta udalerri bat (EU1 eta EU2). -EU1 (Zangituko meandroa), non bide bat eginen den, erdiko biribilgu bat izanen duena, bost industri lurzatiri eta erabilera askotarako lurzati bati zerbitzu emateko. -EU2 (Urdiaingo mugapean): bi urbanizazio fase izanen ditu, hiru etapatan banatuak, bide bakoitzarentzat bat, hain juxtu. EU2 industri eremuko bide nagusia (Urdiaingo mugapea) ekialdetik mendebaldera joanen da, trenbidearekin eta autobidearekin lerroz lerro. Autobiderako eta Iruña-Gasteiz errepide zaharrerako sarbide elkarzutak izanen ditu. Horretarako, egun dagoen bideren bat erabiliko da (jarduketaren ekialdea). Bide nagusitik EU1ekin lotzeko bidea eginen da, zubi baten bitartez. Zangituko meandroan gutxien-gutxieneko bide-sarea eginen da, hirigintza aprobetxamendu apala izanen baitu, baina burdinbidearekin zuzenean lotuta egonda, enpresa berezi batzuk ezartzeko oso egokia da. Berdeguneak industrialdearen inguruan jarriko dira, gutxienez 15 metroko zabalera izanen duen zerrenda batean. Toki adierazgarrienetan zabalagoa izanen da. Erabilera askotarako zazpi lurzati izanen dira, lau pribatuak eta hiru publikoak (Urdiango 2. eta 3. lurzatiak eta Altsasuko 7. lurzatia). Lurzati horiek industrialdeak eta sarbideek bat egiten duten tokian kokatuko dira. Aparkalekuak egitea aurreikusi da, indarra duten arauek eskatutako gutxieneko dotazioa bermatzeko aski. Aparkatoki batzuk poligonoko bideetan jarriko dira ilaran (664 EU1en eta 105 EU2n), eta gainerakoak, erabilera publikoko lurzoru pribatuetan (2.441 EU1en) eta erabilera askotarako lurzatietan (339 EU1en eta 181 EU2n). Guztira, 3.730 aparkatoki aurreikusi dira. Industrialdea bide-sarearekin lotzeko aukerei dagokienez, Iruña-Gasteiz errepidearekiko lotura biribilgu baten eta industrialdean sartzeko bide elkarzut baten bidez eginen da, UPSk mugatutako lurren barrenean. Iruña-Gasteiz autobian sartzeko lotune bat ere izanen da, hegoalde- ekialdeko muturrean. Sarbide horrekiko lotura bide elkarzut baten bidez eginen da, biribilgu erdi batekin. Industrialdera argindarra eramateko, hainbat linea elektriko daude, tentsio eta edukiera ezberdinekoak, eta horiek desbideratu beharko dira. Goi tentsioko linea elektrikoaren trazadura aireko linea gisa mantenduko da, baina trazadura aldatuko da, EU2ren bide nagusiaren ardatzarekin bat egiteko. Gainerako lineak lur azpitik joanen dira. Industrialdeak ukituko duen eremurako edateko uraren hartunea Iruña-Gasteiz errepidearen ondotik doan saretik eginen da, poligonoaren hegoaldean, eta industrialdearen hegoaldean dagoen ur-biltontzirainoko kanalizazioa sendotuko da. Euri-urak kanalizazio irekiaren edo itxiaren bidez isuriko dira, egin beharreko isurketa motaren arabera. Ur beltzak lur azpiko hodietara isuriko dira, eta Urdiainen dagoen araztegira eramateko bideak aurreikusi dira. Egun dagoen gasbidea desbideratu beharko da, egungo trazadura ukitua izanen baita industrialdeko mendebaldeko muturrean eta Zangituko meandroan. Telefono sarea jarduketaren ekialdetik doa, eta segituan egin liteke hartunea. Proposaturiko jarduketaren daturik adierazgarrienak hauek dira: EU1eko industri lurzorua: 111.265 m2 EU2ko industri lurzorua: 356.231 m2 Erabilera askotarako lurzorua EU1en: 13.124 m2 Erabilera askotarako lurzorua EU2n: 37.372 m2 Berdegune publikoak EU1en: 158.233 m2 Berdegune publikoak EU2n: 179.337 m2 Bide-sare publikoa EU1en: 18.534 m2 Bide-sare publikoa EU2n: 54.645 m2 UPSk ukitutako eremua, guztira: 928.742 m2 Lurzoru urbanizagarrietan dagoen azalera eraikigarria hauxe da: Eraikitako azalera, gehienez: 378.103 m2 Industrietarako okupazioa, plantan: 278.748 m2 Bulegoetarako behegainak: 70.622 m2 Erabilera askotarako ekipamendua: 28.733 m2 Lurzoru urbanizagarriak banaketa eremu bat eta sektore bakarra osatzen ditu. Aprobetxamendu tipoa 0,57 U/m2 da. Lurzoru urbanizagarrian bi exekuzio unitate definitu dira: EU1 (Zangituko meandroa) eta EU2 (Urdiaingo mugapea). EU2 bi urbanizazio fasetan eginen da, hiru etapatan, bide bakoitzerako etapa bat, hain zuzen. Exekuzio unitateetako lurretako jarduketa sistema desjabetzarena izanen da. Planak sailkaturiko zorua urbanizazio proiektuen bidez garatuko da, eta bideak aldatu behar izanez gero, xehetasun azterlanen bidez, non, bideen aldera, eraikuntzetan egin beharreko gutxieneko atzeraegiteak kontuan hartuko diren. Azkenik, aipatu beharra dago aurreikusitako guztirako aurrekontua (tasa eta zerga guztiak barne), 4.659.793.984 pezetakoa dela. Hiru faseak 2002. eta 2012. urteen bitartean egitea aurreikusi da. X.-Lurraldeko eta hirigintzako zehaztapenak. A) Lurzoruaren sailkapenaren inguruko Arautegiaz: Hiri lurzoruko lurzatien arauketa: UPSk mugatutako eremuan dagoen lurzati bat hiri lurzati gisa sailkatuta dago eta sendotuko da. Dena dela, egungo lurzatiketa eta proposaturikoa alderaturik, haren mugak ez datoz bat. Hortaz, lurzati horren arauketa zehatzagoa egin beharko litzateke. Aprobetxamendu tipoaren kalkulua: arautegian aprobetxamendu tipo bat ageri da EU1erako, beste bat EU2rako eta beste bat orokorra. Aprobetxamendu tipoa berdina da banaketa eremu osorako. Hortaz, exekuzio unitate bakoitzerako emandakoak ez dira aprobetxamendu tipoak, batez besteko aprobetxamenduak baizik. Urbanizazio proiektuak: arautegiaren arabera, "urbanizazio proiektuak bidearen trazadura alda dezake". Baina urbanizazio proiektuak obra proiektuak besterik ez dira, eta ezin dute aldatu aurreikusitako antolamendua, inolaz ere. Lurzatien barreneko eremu libreak: hirigintzako arautegiaren 34. artikuluak dio erabat debekaturik dagoela fatxadaren eta bide publikoaren artean dauden eremu libreak salgaiak edo bestelako gauzak gordetzeko erabiltzea eta bertan inolako instalaziorik kokatzea. Zehaztapen horren eragin eremua handitu beharko litzateke, 3, 4, 7 eta 8. etxe-irlen atzean dagoen erabilera pribatuko lurzati urbanizaezina ere hartzeko. B) Industrialderako sarbideei dagokienez: Plan Sektorialak bi bide planteatzen ditu Iruña-Gasteiz errepide zaharrarekin lotzeko. Errepide horrek zenbait lotune ditu Iruña-Gasteiz autobiarekin, baina lotune horiek ez dira egokitu industrialdea egin eta gero inguruan - Altsasu aldean batez ere- izanen den trafikoari begira. EU1 eta EU2 lotzeko zubiari dagokionez, hori egiteko kontusail bat sartu beharko zatekeen industrialdearen urbanizazio kostuetan. Oinezkoek trenbidea gurutzatzeko pasabideren bat aztertu beharko litzateke, industrialdetik -Zangitu aldetik- Altsasuko hiri lurzorura joan ahal izateko. C) Lurzoru urbanizagarrietako dotazioei dagokienez: Arautegiaren arabera, aurkezturiko lurzatiketa gutxi gorabeherakoa da, lurzatiak batu eta banatzeko aukera baitago, betiere 700 metro koadrotik gorakoa gelditzen baldin bada. Hortaz, arautegian beste atal bat sartu beharko litzateke, lurzatien banaketa baten ondorioz, aparkatokiak kontatzeari begira lurzatiak duen sailkapena aldatzen baldin bada, horrekin batera datozen aparkatokiak kokatzeko gune publiko bat jarri beharra ezartzeko, lurzatiaren azalera osoaren kontura. Igorritako agirian ez da kamioientzako aparkalekuen inolako aipamenik egin. Alderdi hori argitu beharra dago: horrelako ibilgailuak luzaro aparkatzeko bi gune berezi jarri beharko dira gutxienez. Berdegune publiko konputagarrietarako 93.874 metro koadro utziko dira, industrialdearen % 10,11, hots, 10/94 Foru Legean aurreikusitako indizea baino handiagoa (industrialdearen % 10). Dena dela, ez dago jakiterik non dagoen eremu hori, izan ere, berdegune konputagarriak eta ez konputagarriak ez dira bereizten. D) Urak gainezka egiteko arriskua. 1999ko ekainean egindako "Arakil ibaiaren azterketa hidraulikoa: Urdiain eta Zangitu (Altsasu) mugapeak" izeneko lanari dagokionez, honako hau adierazi beharra dago: -Azterketan kalkulu hidrometeorologikoak eta hidraulikoak egiteko erabilitako metodologia osoa eta egokia dela ematen du. Gainera, Obra Hidraulikoen eta Uren Kalitatearen Zuzendaritza Nagusiak 1999. urtean egindako "Zaindu beharreko ibai-inguruetako jarduketak baimentzeko aholku eta irizpideak" izeneko agirian azaltzen diren gomendioen araberakoa da, eta, bestetik, Ebroko Uren Konfederazioak 2000ko otsailaren 17an egindako "Arakil ibaiaren azterketa hidraulikoaren gaineko Txostena: Urdiain eta Zangitu (Altsasu) mugapeak" izeneko txostenaren arabera ere, metodologiarik egokiena horixe zen. -Hustubide azkarra, CEDEXek eta Uren Liburu Zuriak zehaztu duten bezal-bezalakoa ez bada ere, mugatu da, ez, ordea, 500 urteko itzul-aldiaren ur-emaria; Azterlanean diseinaturiko neurriekin, 100 urteko itzul-aldiaren ur-emaria husteko aukera dago, industrialdea ukitu gabe. Obra horiek, aipatu erakundearen txostenaren arabera, onargarriak litezke. Ubideetako korronteen eta zaindu beharreko ibai-inguruen araubidea babesteko eskumena erakunde horri dagokio. -Nolanahi ere, planteaturiko defentsa obrak Ibai-arroko erakundeak baimendu behar ditu, Uren Jabari Publikoaren Erregelamenduko 126.a) artikuluaren arabera, eta planoetan proposatu eta adierazitako hustubide azkarraren mugetan egin beharko dira. Zaindu beharreko ibai-inguruetako obretarako, orobat, erakunde horren baimena beharko da, "salbu eta ibai-arroko erakundeak Hiri Antolamendurako Planari, hirigintza antolamendurako beste agiri bati edo Administrazioaren obra planei buruzko txostena egina baldin badu eta bertan egindako aurreikuspenak bildu baldin badira" (Uren Jabari Publikoaren Erregelamenduko 78.1 artikulua). Nolanahi ere, hustubide azkarraren eraginpeko eremua ezin izanen da erabili ubidea husteko gaitasuna ukitzen ez duten erabileretarako besterik. E) Bestelako zehaztapen batzuk. Industrialdeak ibaiarekin muga egiten duen eremu osoan etengabeko zerrenda bat utzi beharko da, egun gertatzen diren estuguneak ebitatzeko eta landarezko euskarriak jarraipena izan dezan. UPSren zehaztapenak hobeki finkatzeko, honako agiri hauek aurkeztu behar direla ikusi da: -Urbanizazio obrak egiteko etapen plana. Etapa bakoitzean honako hauek aurreikusi beharko dira (85/95 Foru Dekretuaren 44.1. art.): a) Iraupena: ezartzen diren epeen hasiera zehaztuko da. b) Kasuan kasuko urbanizazio obrak. c) Urbanizatu heinean ezarri beharreko ekipamenduetarako lurzoru erreserbak zerbitzuan jartzea. d) Uraren eta argindarraren hornidura zerbitzuei eta hustuketa zerbitzuei dagozkien mailak zehaztea, urbanizatzen diren lurrak erabili ahal izateko. -Zerbitzuak ezartzearen eta urbanizazio obrak egitearen ondoriozko ebaluazio ekonomikoa, non desjabetzapenen gutxi gorabehereko kostua ere aipatuko den, etapaz etapa (85/95 Foru Dekretuaren 45.5. artikulua). XI.-Ingurumenaren arloko zehaztapenak. Urdiain-Altsasuko industri eremuaren Udalez gaindiko Plan Sektorialari dagokionez, adierazi beharra dago sustatzaileak aurkeztu duen Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlana osoa dela eta maila berean aztertzen duela industrialdeko bi eremutan izanen den eragina. Ingurunearen gaineko eraginaren arriskua gutxiagotzeko, sustatzaileak honako arlo hauek osatu beharko ditu: -Estali gabeko industri eremuen euri urak nola bildu eta tratatu aztertuko da eta, kasua bada, konponbide tekniko bat proposatuko, betiere hirigintza arloko arautegiak baimena ematen badu eremu horietan Arakil ibaia kutsatu dezaketen gauzak biltegiratzeko edo atari zabaleko instalazioak jartzeko baimena ematen badu. Adierazi beharra dago, industrialdearen ondoan dagoen ibai-tartearen kalitatea ez dela ona eta, hortaz, neurri zorrotzak behar direla gehiago hondatu ez dadin. -Kontuan harturik ibaia ur ekosistema oso bat bailitzan hartu behar dela, balorazio txosten bat egin beharko da industrialdeak 100 urteko uholdeen lautada hartzeak industrialdetik beherako uretan izan dezakeen eragina aztertzeko. -Proposaturiko landaketei dagokienez, inguruan dagoen berezko landaredia kontuan harturik, pantalla gisa jarri nahi den Chamaecyparís lawsoniana espeziearen landaketaren partez, landaketa mistoa egitea propsatzen da, Quercus robur, Acer campestre eta Fraxinus excelsíor espezieak sartuz, eta aligustre Ligustrum vulgare izeneko sastraka tarteka. Aces pseudoplatanus delakoaren ordez, beste espezie batzuk sar daitezke, Fraxinus excelsior edo Acer campestre, esate baterako. -Faunaren inguruko neurri zuzentzaileak eta anfibioentzako istilak sortzeko neurriak aurrera eramanen dira, bakar-bakarrik, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak haien kokagunea eta ezaugarriak gainbegiratu eta gero. -Arrain faunaren gaineko eraginari dagokionez, Ukipenen Azterlanean proposatzen da obrak salmonidoen errunalditik kanpora egitea, besterik ez. Dena dela, ziprinidoen errunaldia -Arakilgo faunarik adierazgarriena- ezberdina denez, egoki litzateke obren exekuzio fasean prebentzio neurriak hartzea, dekantazio baltsen bitartez. Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2001eko ekainaren 26an emandako txostena kontuan harturik eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legea eta aplikagarri diren gainerako arauak ikusirik, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, ERABAKI DU: 1. "Urdiain-Altsasuko industri eremua" izeneko proiektua, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak sustatua, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 10/1994 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako. 2. Espedientea behin betikoz onetsi aurretik, Departamentu sustatzaileak Erabaki honetako azalpen zatiko Lurraldeko eta hirigintzako zehaztapenak eta ingurumenaren arloko zehaztapenak izeneko ataletan adierazitakoa ekarri edo, kasua bada, zuzendu beharko du. 3. Era berean, espedientea behin betikoz onetsi aurretik, honako txosten hauek aurkeztu beharko dira: -Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren txostena, komunikazio bideei eginen zaien afekzioari buruzkoa eta eremuan sartzeko bideei buruzkoa (Zainketa Zerbitzua, Proiektu, Teknologia eta Obra Hidraulikoen Zerbitzua eta Trenbideetako Azpiegituren Zerbitzua). -Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren txostena, ureztapen lurrei eginen zaien eraginari buruzkoa. -Udala bere baitan hartzen duen Mankomunitatearen txostena, ukituko diren zerbitzu komunei buruzkoa. -Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren txostena, ondare historikoaren babespenari buruzkoa. -Trenbideen arloan eskumena duen administrazio erakundearen txostena, hala nola linearen titularra den enpresarena, burdinbideetan izan daitezkeen eraginei buruzkoak. -Barne Zuzendaritza Nagusiaren eta Herri Babeserako Zerbitzuaren txostenak, urak eremua hartzeko dauden arriskuei buruz. -Toki Administrazioko Departamentuaren txostena, proposatu den hornidura sarearen ahalmenari buruzkoa. -NILSA enpresaren txostena, araztegitaren ahalmenari buruzkoa. 4. Espedientearen sustatzaile den Departamentuari adieraztea, orobat, egin gogo diren instalazioek eragin edo baldintzatu ditzaketen beste azpiegitura edo zortasunei buruz, kasuan-kasuko organo eskudunak eman beharreko baimenak lortu beharko dituela. 5. Espedientea jendaurrean jartzea eta Urdiaingo eta Altsasuko udalei entzunaldia ematea. Bi izapide horiek batera eginen dira eta hilabete iraungo dute, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen denetik hasita. Horretarako, espedientea Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan izanen da ikusgai (Alondegi kalea, 1-2. solairua, Iruña). Aipatu epean, interesatuek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkeztu ahalko dituzte, idatziz. 6. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari, Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuari, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuari eta Urdiaingo eta Altsasuko udalei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan. Iruñean, bi mila eta bateko uztailaren bian.-Lehendakaritzako idazkari nagusia, Joaquín Gortari Unanua. |