Imprimatu E-mailez bidali

Gure Urdiaingo lagun batzuen eskutiz publikoa

 

Textu honek, gure Urdiaingo lagun batzuen eskutitz publiko bat da. Haiek poligonoen aurka daude ere, eta bidali dute eskutitz hau komunikabide medio guztietara:

Urdiain-Altsasuko industria eremua eta Sakanako garapena

Oinetako berriekin baino askozaz ere arranditsuago eta sinpletuago gabiltza sarri, super, hiper, makro eta antzeko lenteak paratuz mundua bistaratu eta kontsumitzen. Halaxe, eta gure txikitasunetik begira, izugarrizko industria eremu zabala egin nahi digute Altsasu eta Urdiaingo lurretan, 93 hektarea soro lur —nekazal eremuko lurrik hoberenak— hartu eta hondatuko dituena.

Kontu egin, neurri hori mendeetan eraikitako Urdiaingo oraingo bere herri eta industria lur guztien eta horiek zabaltzeko hirigintza planetan aurreikusitakoaren batuketaren halako hiru dela. Urdiainen orain hamar urte egindako planean aurreikusitako industria eremuan ez da metro koadro bat bera ere eraiki. Bertan eraikin zaharrak egoteak seguru zaildu egin duela. Baina, hori dela bidea uste dugu, hondatutakoa berreskuratu, horretarako behar den diru publikoa ere erabiliz, eta ez lur berririk txikitu.

Ondotxo dakigu ordea, egin asmo duten proiektu tzar hori ez dela Urdiaingo premiei begira egina. Eskualdekoei eta are probintziakoei begira omen dago egina. Eta Altsasuko batzuen interesetara ere. Hortxe hasten baita hari bildu honen muturra. 1984. urtetik horren eske ibili dira Altsasuko sektore batzuk, beren Altsasuz aparte, ez Sakanako beste herririk, ez Euskal Herririk badagoen ere ikusi nahi ez dutenak. Mankomunitatearen sorrera galarazi nahi izan zutenak, eskualdekoon sentsibilitateak beste batzuk ere bazirelako, eta, zapuztu ezinean, eskualdearen garapenerako erabaki ahalmen oso murritza duen ordezko mankomunitatea ezarri zigutenak.

Egitasmo hau eskualdea desorekatzeko ikuspuntutik egina dago, nortasun desoreka zentzurik zabalenean, ingurumenari alferrik egindako kalteaz gain, desegituratze soziala, linguistikoa eta politikoa areagotzea ere bilatzen dituelako. Iruñeko bulego eta korridoreetan gaur egun dabiltzan politikoen interesetara ondo moldatua. Urbasako eta Aralarko (askok ez baitaki mendirik gabeko bailara dela orain gurea) eskubideak kendu zizkigutenen bulegoetan irudikatua. Sakandarron zaintzan guardia "zibilizatzailez " betetako kuartel industrialak inposatu dizkigutenen gogoko proiektua da. Eta hau guztia ez da demagogia. Badakigu euren mapa osatzeko zer nolako ahaleginetan ari diren.

Proiektua ez da gure herrian sortu, ez du eskualdeak halakorik erabaki. Eta Sakanaren etorkizuna ez dute urruneko erabakiek moldatu behar, bertan sortutako estrategia propioek baizik. Guk Sakanaren baitatik sortutako hazkundea bultzatu nahi dugu, barrutik sortua, endogenoa. Ez kanpotik inportatu beharrekoa, exogenoa.

Proiektu hau, lehenik, industriarako lur eskaintza da. Dagoeneko Altsasuko lur gehiena txikitu dugunean, Urdiaingo lur berrietara zabaldu da. Beste dena kanpotik ekarri behar omen da: zorioneko industria, lehengaiak, eskulana... Eta oraingoz dena balizkoa bada ere, guk hazkunde azeleratuak ez ditugu nahi, burugabeko garapenik ez dugu errepikatu nahi. Behetik gorako planak egin nahi ditugu, Sakanaren herri iraupenerakoak, herriaren eta lurraren premietara eta nahietara makurtuak. Planeamenduetarako irizpide nagusiena, ingurumenaren babesak izan behar du. Euskal Herriko beste bailara populatu eta azpiegituraz gainezka daudenak, ezin ditugu hartu eredutako. Altsasuko herria bera ere ez.

Herri gune anitzekoa nahi dugu gure eskualdea. Bertako gizartearen baldintza sozial, ekonomiko eta kulturalei arreta jarriko dien interesetara bilduko gara. Euskaraz elkartzen den komunitatea sendotu eta osatu nahi dugu. Ez dugu deserrotzeko diren proiektuekin bat egingo. Herriei eta lurrei zor zaien begirunez, guk Sakanarako halako garapen eredua dugu gogoan.

 

 

 

Orrialde honek hemen zegoen: http://www.sindominio.net/fundamento/index2.php?I=eusk&T=t6&P=9

Azken modifikazioaren data: 2002/10/27

CC 2.0 Reconocimiento-CompartirIgual lizentzia
Web honek 'Creative Commons 2.0 Reconocimiento-CompartirIgual' lizentziapean dago
(ikusi: http://creativecommons.org/licenses/by-sa/2.0/es/deed.es)