Imprimatu E-mailez bidali

Gabonetako argiari buruzko eskutitza, medioendako

 

Gabonetako argiak eta energia xahutzea Altsasun

Orain dela gutxi, prentsaren bidez jakin izan dut Altsasuko udalak abenduaren 1.tik aurrera 9000 bonbila piztu behar dituela gabonetako jaiak direla eta. Argi hauek dagoeneko prest daude herriko kaleetan. Mendebalde kontsumista eta xahutzailearen gainontzeko herrietan egiten den bezela jokatzen ari da oraingoan udaletxea.

Bestalde, urte batetik bestera gero eta argi gehiago jartzen dira gure herriko kaleetan. 2001/2002 gabonetan 5000 bonbila piztu ziren gabonetako aurreko astetik aurrera. Ez dakigu zenbat bonbila erabili ziren aurreko urteetako gabonetan, bainan gogoratzen dugunez antzeko datetan piztu ziren.

Udaletxea berdin dago, argia gehiagorekin, eta gainera urte osoa darrai

Eta aurten, bonbila kopurua bikoiztu eta 3 aste lehenago piztu behar dituzte. Benetan, ez dut uste hau zentzuzkoa denik eta, gainera, ez dio batere mesederik egiten udalak sinatutako Agenda 21eko helburu nagusiari, hau da, Garapen Sustengarriari. Eredu sustengarrirako plan bat egiteko udalak egindako diagnostikoan bizilagunen proposamenen artean "herriaren energiaren erabilpen eraginkorrerako plana" eskatzen zen. Proposamen hau ikerketa honen 4. egunean egin zen beste lau proposamenekin batera. Aipatzen ziren ideien artean hauexek ditugu: herriko argi instalazioan tenporizadoreak jarri, argi instalakuntzaren diseinua gutxinaka gutxinaka aldatuz joan, edota eraikuntza berrietan energia eraginkorrerako baldintzak ezarri (informazio gehiago gure web gunean: www.sindominio.net/fundamento)

Gai hau behin baino gehiagotan hitz egin dugu udaletxeko zenbait partaideekin. Gaur egungo udala osatu aurretik, urrutira joan gabe, Fundamento Orain taldeak Altsasuko ingurumenari buruzko ideiak eta proposamenak banatu zizkien talde politiko guztiei. Energia aurreztearen atalean gabonetako argien eta antzekoen kontsumoa kontrolatzea proposatzen genuen. Badirudi, ordea, proposamen hura ez dela aintzakotzat hartu.

Hau dela eta, eta herri honetako bizilaguna naizen ezkeroztik, gabonetako argiak jaiak hasi baino aste bete lehenagora arte ez daitezela piztu eskatzen dut. Horretarako, hain zuzen ere, aurkezten dut idatzi hau herriaren udaletxean eta iritzi publikoaren aurrean bertako komunikabideen bidez.

Altsasun, 2003ko Azaroaren 24an.
Martin Zelaia Garcia.
Altsasu, Nafarroa.


 

 

Orrialde honek hemen zegoen: http://www.sindominio.net/fundamento/index2.php?I=eusk&T=t7&P=10

Azken modifikazioaren data: 2003/12/18

CC 2.0 Reconocimiento-CompartirIgual lizentzia
Web honek 'Creative Commons 2.0 Reconocimiento-CompartirIgual' lizentziapean dago
(ikusi: http://creativecommons.org/licenses/by-sa/2.0/es/deed.es)