Eskubide indibidualak... eskubide nazionalak?

"Autonomiaren bilatzean, nazioa kontraesan"

Zenbat aldiz entzuten diogu jende haserreari esatea "ez dago eskubiderik!"? Baina gero, horietariko askok euren haserreak eta protestak irentsi egiten dituzte, baita dagoen ordena onartu ere. Are txarragoa, zenbat aldiz entzun diegu gizonezko batzuei berbera oihukatzen sexu askatasunaren, greba baten, edota manifestazio abertzale baten kontra, esate baterako? Jende gehiena ez da ohartzen kontraesan zorrotz horietaz, "eskubide" kontzeptuaren baitan kontraesan bateraezin bat ezkutatzen delako, aurkitzen oso zaila, ia ia ezinezkoa, dena, behintzat sinesmen sistema menperatzailearen barruan murgiltzen bagara. Are gehiago, aspaldi honetan zera esaten zaigu (baina ideia burges zaharra da), eta askok holaxe pentsatzen dute, "eskubidea" "gizabanakoari" datxekion zerbait dela, "eskubide" oro beti eta bakarrik "gizabanakoarena" dela, eta edozein motatako taldeek, nazioek eta klasek ez dutela "eskubiderik". Hala ere, gizartean zera gertatzen da, taldeak direla, bere tamaina gorabehera, antolatzen direnak euren aldarrikapenak lortzeko edota aurreko borroketan lortutako bizitza kalitateari eusteko. Burgesiaren propagandak eta ideologiak esaten dutenaren kontra, film yankietan agertzen den eta bere eta besteen arazoak berak bakar bakarrik konpontzen dituen heroi bakarti tipiko eta topikoa kasik ez da existitzen. Kasu gehienetan, jendea bildu egiten da bere eskubideak defendatzeko, bere burua antolatzen du eskubide berri eta zehatzak lortzeko, sentitzen dutelako behar dituztela bizitza kalitatea hobetu nahi badute. Beraz, zer da "eskubide" ofiziala eta jendearen eskubide zehatzak banantzen dituena? Jendeari buruz ari garenean, nori buruz ari gara: guardia zibilak, espainiar epaileek, NATOk eta EBek babestutako enpresarioaz edota lan txarra daukaten emakumeez, militante abertzaleez, Nafarroa edota Iparraldeko euskaltzaleez,...? Ze eskubide dauka batek (enpresarioak) eta besteek, euskal jendeak? Edo bestela esanda, batek besteek baino eskubide gehiago? Edo nahiago bada, existitzen al dira, batetik, "oinordetzako eskubidea" (guraso burgesengandik seme-alaba burgesengana transmititutako jabego pribatua) eta, bestetik, "oinordetzako betebeharra" (belaunaldiz belaunaldi langileriak soldatapeko esklabo gisa lan egin beharra)? Edo beste modu batez, "Espainiak" Euskal Herriak baino eskubide gehiago al ditu? Nola eta noiz erantzungo diegu galdera hauei eta nola eta noiz konponduko ditugu?