HERRIAK BIZIRIK NAHI DITUGU ETA EZ MUSEO ETNOLOGIKOAK

Irailaren 15ean Itoizko pantanoaren ondorioz herrien huste eta txikitze lanen bigarren fasea hasiko da. Oraingo honetan Artozkiren eta Muniainen txanda izanen da. Herri hauetan ere, naturarekiko bizikidetza ardatza duen gure arbasoen bizimoduak ederki dirau, aurretik zirtzikatutakoetan zirauen bezalaxe. Herri hauen suntsiketak eta botereak eskaintzen digun alternatibak ageri-agerian uzten dute inposatu nahi diguten garapen eredua zein den. Ehunka urtez zutik izan diren harrizko etxe zoragarrien lekua hormigoizko bungalowek hartuko dute eta bizi-bizirik zen herri baten hondakinen gainean eraikitako golf-zelaia erregadiatzeko urtegiko ura erabiliko dute estresa kentzera hiritik etorritako turismoak.

Mendiko lurralde batean belaunaldiz-belaunaldi ximaurtutako alorrak galdu eta kimikaz ongi hornitutako monokultiboak , "irabaziko" ditugu Erriberako zonalde lauan eta mediterraneoko kostan, bai eta ederki eskastu ere hala lurra nola ura. Esan beharrik ez dago laborantza klase hauek multinazionalen interesek gobernatzen dituztela.

Herri hauetako egunerokoan nagusi diren patxada eta lasaitasuna neurri gabeko kontsumoak eta indibidualismoak ordezkatuko dituzte. Buruaskitasuna, elkarren harteko loturak, elkarbizitza eta ingurugiroarekiko errespetoa galdu eta haien tokian ingurumenaren eta herrien kontrako bortizkeria, injustizia eta zapalketa gailenduko dira. Izandako hartatik museo etnologikoetan turismoari erakutsiko zaizkion xixtrinkeriak besterik ez da geldituko.

Cancunen multinazionalak eta botere handiko gobernuak buru belarri ari dira nekazari txikiak eta indijenak tartetik nola kendu asmatu ezinik. Elikagaien burujabetza bermatzen duten nekazari hauek eragozpen handia dira munduko merkatuarentzat, gehiengo handia gosea pasatzera behartu eta gutxi batzuk nola aberastu beste kezkarik ez duen munduko merkatuarentzat. Nafarrroan ere, jauntxoz beteriko gobernu neofeudala kupidagabe ari da ingurumenarekin bat eginda, bertakoak elikatzeko bertako elikagaien ekoizpena bermatzne duten herriak suntsitzen.

Itoitz bere baitan hartzen duen Ibaien Plangintza Nazionalak Espainiako estatuan inoiz izan den hondamendi ekologiko, ekonomiko eta sozialik handiena ekarriko du. Izan ere, egun den desoreka areagotu eta barnealdea are baztertuago geldituko da eta kosta aldean beren betiko bizimodutik gelditzen zaion urria turismori salduko dio, izurrite urbanistiko-espekulatzaile hau baita, tokien eta gizakumeen funtsa suntsitzera datorren mamu beltza.

Itoizko urtegiaren kontra aritzeko beste arrazoi bat ere badugu: enbaltsetik behera bizi diren herritarrek izanen duten arrisku bizia. Ebroko Konfederakuntza Hidrografikoaren barne dokumentu baten arabera lur garuzen mugimenduek eta izan berri diren irazketek areagotu egin omen dute, gainera, arrisku hori.

Irati bizirik nahi dugu eta ibarraren garapenarako ezinbesteko iruditzen zaigu naturarekiko eta urteetan bertako biztanleek eraman duten bizimoduarekiko orekari eustea.

Mutur-sartzerik, insposaketarik, eta heriotz agindurik gabeko etorkizuna nahi dugu zonalde honetarako, elementu horiek guztiak baitira Urralburuaragon lapur famatuen, Del Burgo, Itoitzekin lotutako enpresa hidroelektriketan interesa ongi ezagunak dituen beste lapurraren, eta urtegia eraikitzeko interes pertsonalak besterik izan ez duen Sanz lapur nagusiaren bulegoetatik ailegatu zaigun bakarra.

Kuadrila hau ez da gutxi tematu zentzuzko argumentuak xehetu eta Iratik etorkizun libre eta duina izateko duen gogoa ederki ezpaltzeko. Ez digute zertan lapurturik, ordea, gurea da eta horrek bultzatuta gaude hemen eta halaxe segituko dugu harik eta zentzuak, haien hormigoizko burmuinoak eta azkenik gabeko paltrika lur azaletik desagertarazten dituen arte.

Iratik ura ekartzen eta eramaten segi dezan nahi dugu, mugimendua bizia baita.. Ez dugu ez momiarik, ez eskeletorik nahi. Herriak eta ibaiak bizirik nahi ditugu.


HERRI SUNTSIKETARIK EZ
ITOIZKO URTEGIAREN BETETZERIK EZ
AMALURRA DEFENDA DEZAGUN
IŅAKI ASKATU

ITOIZKO SOLIDARIOAK