| |
Gaur, astelehena, goizeko 8,30etan Polizia Forala, Guardia
Zibila eta Nafarroako Gobernuko kideak Itoitzeko herrian agertu dira hau
hustutzeko asmotan.
Une honetan auzokideei herritik alde egiteko eskatzen ari
zaizkie. Argia moztuta dago. Komunikabideei deia luzatzen diegu herrira
hurbiltzeko.
Bizilagunak zituen etxe baten atariko atea bota dute eta
auzokideei goizeko 12ak aldera alde egiteko esan diete. Beste etxe batean
Polizia Foraletako antidisturbioetako taldeak furgoneta kokatu ostean leiho
baten joka hasi dira bertatik sartzeko. Itoitzeko bidegurutzean kontrola
jarri dute eta herrira auzokideekin bat egitera hurbildu diren lagunei ez
diete sartzen utzi.
Reta jauna, Nafarroako Gobernuko arduraduna Itoitzen
hustutzean, uko egin dio egoera larri honen edozein ardura hartzeari.
Bestalde, ez dituzte onartu gure taldeko bitartekariak, ezta ekintzaren
aldeko laguntza taldea. Hauek, prentsa eta abokatuarekin batera herriaren
sarrerako bidegurutzean aurkitzen dira. Polizien jarrera erabat arroa da
eta tentsio haundiko uneak bizitzen ari dira. Gure taldeko kideak herriko
bi etxeetan daude itxita erresistentzia ekintza burutzen eta ezin dira
beraien kabuz atera. Egoera larri honen aurrean Aoitzeko epaitegian
salaketa jarri da. Bitartean etxeetan lotuta aurkitzen diren lagunen
arriskua eragozteko zenbait taldeen premiazko laguntza eskatzen ari gara.
Informazio ematen jarraituko dugu
ITOITZ ZUTIK
Hemen bildutakook bailara, hiri eta gertu eta urrutiko
herrietatik etorri gara ,Itoitzekiko elkartasuna dela eta .
Lagunekin hamarretakoa egiteko asmotan hurbildu gara,
beraien lur eta etxeetatik zakarki kanporatuak izaten ari diren lagunekin,
hain zuzen ere.
Baita mendez mende lurrari lotutako kultura bizirik atxiki
duten herriak defenditzera etorri gara.
Herriak bizirik jarraitu behar dutela esatera ere etorri
gara, herri hauek bizirik dauden bitartean ibaian behera dauden herriak
salbu daudela, ez dela gutxi.
Ibaian gora dauden herriak suntsitu eta urperatzen
badituzte, zazpi arrisku larrik AGOITZetik TORTOSAraino dauden herriak
mehatxatuko dituzte eta IRATI, ARAGON eta EBRO ibaien arroak txikituta
geldituko dira. Bainan, hala eta guztiz ere, dena utzi eta alde egin
dezagun nahi dute, besterikan gabe.
Guk, ordea, ezin dugu holakorik egin, gure burua koldartzat
hartu eta giza mailan duintasuna galduko genuke eta .
Ez gara sekula urtegi honen proiektuarekin ados egon, eta
orain ez gaude herriak hustu eta etxeak botatzearen alde.
Gure EZETZA irudiekin adierazi nahi dugu, erabaki dutenen
bulegoak gugandik urrutiegi daudelako gu entzun ahal izateko eta gainera,
ez direlako inoiz gurekin harremanetan egon nahian etorri.
Gure EZETZA oihukatzen dugu, agian azkeneko aldiz gure
lurrak agurtzen ditugun bitartean, gizakia, lurra eta bizitza ez diren
beste interesei saldu direla jakinda.
Naturgune gisa sailkatuak izan arren ,ibar hauek ez al dira
Mediterraneoko turismoa edo Levante eta Murtziako “nekazal” industria
bezain garrantzitsuak?
Gure bizitza ez al da hain garrantzitsua? Gure bizitza
arriskuan jarri izan dute Itoitzeko urtegiaren betetze frogak egiten hasi
zirenetik.
Gure arbasoak hilobietatik atera eta lekuz aldatuak izan
dira, etxeak bota egin dituzte, dena txikitzen jarraitzen dute eta gainera,
hau ikusi eta fitsik esan edo egin gabe gelditu gaitezela nahi dute.
Herrialde batzuen ongizatea beste batzuen gaizkizatearen
menpe dagoen bitartean ez da pakerik ez justiziarik egongo. Hau ez da ez
garapen ezta aberastasuna ere, hau giza desberdintasuna eta bidegabekeria
da. Ezaugarri hauetan oinarritzen den gizarteak bere ordaina izango du epe
luze eta ertainera .Ez badugu aldatzen ,bizia ematen digun lurraren
suntsiketa izanen da ordaindu beharreko prezioa .
Itoitzeko urtegia funtsezkoa da Nazio Ur Planerako, baita
administrazioaren inposaketaren aurkako borroka ausarteenetakoa. Itoitzeko
urtegiaren proiektua bidegabekeria, gezur, bete gabeko lege, iruzur eta
tranpaz josita egon da. Baita kartzela urtez ere ,Iñaki gure taldekidearen
kasuan bezala.
Gure EZETZik ozenena oihukatu nahi dugu, eta ahotsik gabe
gelditzen garenean, gure gorputzek EZETZ oihukatzen segituko dute.
| |