10. Komunikatua (2003-06-19) Erresistentziako 3 egunen balantzea

Gaur goizean Itoitzen zutik jarraitzen zuten hiru eraikinak eraitsi dituzte, Jakue, Bernatena eta Santa Eulaliako Eliza, atzo 3 egunez erresistentzian iraun zuten azkeneko hiru lagunak askatu ostean.

Prentsaurrekoa

Gaur, goizeko 11etan, Agoizko epaitegiaren aurrean prentsaurrekoa burutu da. Bertan borrokako 3 egun hauen balorazioa egin da eta bi manifestazioetarako deialdia luzatu da. Lehenengoa, Agoitzen izango da hurrengo larunbata 21ean. Bigarrena, Iruñan, igande 29an.

Prentsaurrekoan gogoratu egin da ekintza Itoitzekiko Elkartasuna taldeak antolatua izan arren leku ezberdinetako lagunen partaidetza izan duela, sentikortasun berean elkartuta: herri bizi eta amalurraren defentsan.

Itoizko urtegiaren kontrako borroka garapenkeria eta globalizazioak beharrezko dituen azpiegitura haundien aurkako borrokaren barruan kokatu da.

Prentsaurrekoan zehar ekintzan parte hartu duten lagun ezberdinen testigantza entzun da. Amankomunekoa izan da Foru Zaingoak erresistentzian zeuden lagunak ahal den azkarren ateratzeko erabilitako metodoak, kontutan hartu gabe jendearen ziurtasuna. Garbi ikusi da polizia eta eraisketa enpresaren arduragabekeria eta ausarkeriaren ondorioz ezbehar larriren bat gertatu ahal izan dela. Berez, zauritu arinak gertatu dira. Foru Zaingoen agente eta arduradunen irainak, larderia, nagusikeria eta harrokeria salatu da ere.

Argi gelditu da, baita ere, kateatutako zenbait lagun eta bunkerrean zeudenak ez zutela suhiltzaileen esku hartzea eskatu hala behar zutelako, baizik eta Foru Zaingo eta eraisketa enpresaren gaitasun eza eta arduragabekeria ikusita zorigaitz bat gertatu zitekeen beldur zirelako.

Bestalde, Itoitz eta Agoizko herriak jasandako militarizazioa salatu dute, batez ere Agoizko kaleetan manifestazio baketsuan zegoen jendearen kontra Guardia Zibilak egin zituen oldar bortitz, neurriz kanpoko eta bidegabeak.

Guardia zibilak atxilotutako pertsonen aurkako epaiketak

Gaur, eguerdiko 12etan, Guardia Zibilak astelehena 16an, erresistentziako lehenengo egunean, Agoizko oldarrean atxilotutako 4 lagunen kontrako epaiketa burutu behar zen. Epaiketa hau ez da hasi ordu bata t'erdiak arte eta gainontzeko bi epaiketak, asteartean atxilotu zituzten 16 lagunen kontrakoak, Ekainak 26era atzeratu egin dira.
Epaiketa burutzen ari zen bitartean auzitegiaren aitzinean sostengu konzentrazio alaitsu bat ospatu da, txalaparta eta txistu musikaz lagundurik.Gauzak horrela, guardia zibila ezustean bertaratu da, istiluen aurkako materialez horniturik. Hori ikusita, 4 lagunek beren burua kateatu dute auzitegiko kanpoko egituretara.Guardia zibilak, kateak moztuta, 4 lagun hauek eta laguntzera etorritako beste bat Iruñeko komisaldegira eraman ditu. 4 hauek arratsaldean aske gelditu diren bitartean bosgarrenak barruan eman beharko du gaua.
Eguneko epaiketara itzuliz, lekuko gisa agertutako 3 guardia zibilak kontraesan aunitzetan erori dira eta ustez "zauritutako" laugarren batek ez du senda-agiririk azaldu. Epaitutako batek atxiloketa bitartean jasandako tratu txarrak epailearen aitzinean salatu ditu. Fiskalaren akusazioa honako hau da: desobedientzia eta zauriak egitearen falta, bakoitzari 120 euroko isuna ezarri zaiolarik.


Azken 4 egunetako balantze errepresiboa:

· Foru Zaingoak egindako atxiloketak: 28
· Guardia Zibilak egindako atxiloketak: 25

OSOTARA: 53

DEIALDIAK:

· Manifestazioa Agoitzen larunbat honetan, Ekainak 21ean, arratsaldeko 7 t'erdietan Udaletxetik aterata HERRIAK BIZIRIK-ITOITZ GELDITU lelopean. Itoitzekiko Elkartasuna Taldeak eta Itoizko urtegiak kaltetutako auzokideen plataforma.
· Manifestazioa mundiala Iruñan hurrengo igandean, Ekainaren 29an, eguerdiko 12etan autobus geltokitik aurrekoaren lelo berean.

HERRIAK BIZIRIK, ITOITZ GELDITU !!
IÑAKI ASKATU!!
AMALURRA DEFENDA DEZAGUN!!

ITOITZEKIKO ELKARTASUNA TALDEA