<IMG> 2. Komunikatua
 
<IMG> 11.30etan Polizia Foraleko kideak etxe bateko teilatura igo dira eta bertan pankarta batekin zeuden lau lagun atxilotu dituzte.
 
<IMG> Herri isolatzeko asmoarekin Guardia Zibilak bi kontrol jarri ditu errepidean, bata Alduntza gainan eta bestea Oroz Beteluko errepidearen bidegurutzean. Bestalde Polizia Foralak ez du uzten herrira sartzen.
 
<IMG> Eguerdiko 12ak aldera exkabadora haundi batez gure taldeko lagun dexente herriaren hustutzearen aurkako ekintza burutzen ari ziren etxe baten atzekaldera hurbildu dira. Barruan zeuden lagunen garrasiak zirela eta makinak ez du aurrera egin. Berriro ere gogoratu behar dugu bertan erresistentzian dauden lagunak arrisku bizian daudela eta Reta jaunaren, Nafarroako Gobernuko erantzulea, arduragabekeria salatu gure bitartekari eta abokatuak onartu ez dituelako. Beraz, jendea erabat babesik gabe dago eta edozein unetan ezbeharren bat suerta daiteke.
 
<IMG> Aipatzekoa da egoeraren larritasunaren aurrean telefonoz zenbait giza laguntza talde eta instituzio ofizialekin kontaktuan jarri garela (Nafarroako Gobernua, arartekoa, SOS Navarra, Aoitzeko epaitegia,...) eta orain arte agertu diren bakarrak DYA eta Gurutze Gorriko kideak izan direla. Azken erakunde honetako anbulantzia bat Itoitzeko sarrerako bidegurutzeko kontrolean gelditu eta miatua izan da. Egoeraren larritasuna ikusita gainontzeko erakundeek agertu duten jarrera tamalgarria izan da.
 
<IMG> Herriko bi lastotegi txikitu egin dituzte.
 
<IMG> 12.30etarako Polizia Foralak 8 lagun atxilotu ditu dagoeneko eta komisaldegira eraman. Etxe horretako atariko atearen babes egituran zenbait lagun daude kateatuak, ondorioz, bertan sartzea arriskutsua suertatu daiteke lagun hauendako.
<IMG> Txentxo Jiménez, Aralarreko diputatua Nafarroako parlamentuan, herrira hurbildu da.
 
<IMG> Enpresa txikitzailea Castejón herriko “Pérez del Río” da. Enpresa bera izan da Itoitz eta inguruko herrietako hilerriak txikitu dituena.
 
<IMG> Informazio ematen jarraituko dugu
 
KONTUZ!
 
ITOIZKO HERRIA HUSTU ETA ERAITSI
<IMG> NAHI DUTEN ARDURADUNEI
 
 
Ekintza hau Itoizko herriaren defentsan egiten dugu. Gure helburua etxeen hustuketa eta ondorengo eraispena eragoztea da. Ekintza hau Itoizko urtegiaren aurkako borrokaren baitan kokatu behar da; borroka horrek desobedientzia zibila du ardatz, eta gure ekintza guztiak erresistentzia pasiboan oinarrituko dira.
 
Ekintzan parte hartzen ari diren lagun gehienak ezin dira euren kabuz irten etxeetatik; izan ere, eraikinen horma nagusietan edo sarreretan kateatuta daude. Gainera, horietako asko arrisku handiko jarreran daude.
 
Itoizko herria geure biziarekin defendatuko dugu. Ez dugu inolaz ere onartzen indar polizialak eraikinetan sartzea, eta are gutxiago itxialdian daudenak indarrez ateratzen saiatzea, ekintzaileen bizia arriskuan jartzea litzatekeelako.
 
 
HORMAN AINGURATURIKO TUTUA
 
Pertsona hauek horman sartutako tutu bati kateatuta dute besoa. Ondorioz, nahita ere ezingo lukete euren kabuz irten etxetik.
 
Tutuari lotuta dauden lagun hauek soldagailu edo makina erradial baten laguntzaz ateratzen saiatzeak erredura larriak eragingo lizkieke; are gehiago, odolustuta hiltzeko arriskua dago.
 
Horma nagusiak desmuntatzen saiatzea ere oso arriskutsua litzateke, ekintzaileak azpian harrapatuta gera litezkeelako.
 
 
 
 
 
KONTUZ!
 
BUNKERRA
 
Esparru hau modu hermetikoan dago itxita; oso txikia da eta bat egiten du eraikinarekin.
 
Barruan dauden lagunak ezin dira beren kabuz atera: horman sartuta dagoen tutu baten barruan dute besoa, kateaturik, eta oina ere kateatuta daukate.
 
Bunkerraren paretak eta barnealdea erregaiz beteta daude; itxita daudenak ateratzen saiatuz gero, erregaiak su hartu eta gas toxikoak eragingo lituzke denbora luzez; horrek itxialdian dauden ekintzaileen bapateko heriotza eragin lezake.
 
Bunkerra mugitzen edo tokiz aldatzen saiatuz gero, itxialdian dauden ekintzaileen besoak eta hankak hautsi egingo lirateke.
 
Eraikinaren parte hori eraitsiz gero, bunkerrean dauden pertsonek eta inguruko tutuetan kateaturik daudenek lesio larriak pairatuko lituzkete.
 
HORRENBESTEZ
 
Erabat errefusatzen ditugu hormari lotuta dauden pertsonak ateratzeko ahaleginak, argi dagoelako edozein saiakerak ondorio larriak izango lituzkeela.
 
Ezbeharren bat gertatuz gero, honako hauek egingo ditugu erantzule:
 
·Reta jauna eta Alvaro Miranda jauna, Nafarroako Gobernuaren lege-ordezkariak diren aldetik.
·Nafarroako Gobernua bere osotasunean.
·Espainiako Gobernua.
·Behar zutenean obrak gelditu ez zituzten epaileak.
·Itoitzen hustuketan eta eraispenean parte hartzen ari diren indar polizial eta militarrak.
·Txikizioan laguntzen ari diren enpresa, langile eta gainerakoak.
 
ITOITZ BIZIRIK
AMALURRA DEFENDA DEZAGUN
 
 
ITOITZ BIZIRIK
AMALURRA DEFENDA DEZAGUN
 
Itoizko Solidarioak