6. Komunikatua (2003-06-17) Erresistentziako bigarren
eguna Itoitzen
Itoizko kontrolik gabeko hustutzean atzo bizitako tentsio egoerak gaur
eguerdian errepikatu egin dira "Pérez del Río"
enpresa eraislearen makina bat etxe baten horma bat botatzen hasi zenean.
Gure taldeko bitartekariek etxean jendea zegoela gogoratu eta ekintza
honen arriskuaz ohartarazi dienean, makinak lan egiteari utzi dio.
Arratsaldeko ordu biak aldera su-hiltzaileen kamioi eta furgoneta bat
agertu dira herrian. Badirudi Nafarroako Gobernua izan dela su-hiltzaileen
laguntza eskatu duena kateatutako jendea ateratzeko. Su-hiltzaileak
Iruñatik joan dira eta beraien buruek kateatutako lagunek irten
nahi zutela esan diete. Herrira heldu eta furgoneta Iruñara itzuli
da. Kamioian heldu diren su-hiltzaileak bikoteka hormaren barruan besoak
hodi baten kateatuta zituzten lagunak eta bunkerraren inguruan zeudenak
ateratzeari ekin diote.
15,30ak aldera Nafarroako Gobernuak prentsa komunikatu baten bidez etxeetan
kateatu eta giltzapetuak dauden lagunak aterako dituztela adierazi du
higiene eta ziurtasun baldintza eskasak direlakoan. Testuak zera dio:
"Higiene baldintza eskasak eta honen ondorioz, etxe honen barruan
dauden jendearengan eragin dezaken osasun arriskua, gehi etxearen egitura
tamalgarria dela eta, kateatutako jendea askatzeko premia dago. Hori
dela eta, su-hiltzaileak bertaratu dira askatzeko lanetan parte hartzeko
eta ondoren epailearen esku geratuko dira".
Bestalde, badakigu gaur arratsaldean Nafarroako Gobernuko, Guardia Zibileko
eta Foru Zaingoko zenbait kide bilera baten hartuko dutela parte Itoizko
hustutzearen kontrako erresistentziaren aurrean hartuko dituzten neurriak
aztertzeko. Nafarroako Gobernuko Barne arduraduna, González jauna,
Itoitzera hurbildu da. Baita atzo arratsaldean ere.
Arratsaldeko 4ak aldera, ikusita ezin zutela Itoitz eraisten jarraitu,
herrian zegoen eskabadora bakarra Orbaitzera joan da, Itoitzetik 2 km-tara,
eta han zenbait etxe eraisten hasi da. Kateatuei elkartasuna adierazten
ari diren zenbait lagun bertara hurbildu direnean Foru Zaingoetako kideak
gomazko pilotak botatzen hasi dira.
Gutxi gora behera ordu honetan Foru Zaingoak, su-hiltzaileak eta zenbait
langilek lau lagun atera dituzte. Hauek, binaka, horman sartutako hodietan
zuten besoa kateatuta, harietariko bakoitza hormaren alde batera zegoelarik.
Lagun hauek atzo tentsio haundiko uneak pasa zituzten langileek horman
zulo bat egiten ari zirenean hau behar bezela eutsi gabe. Hormako zenbait
harri beraien gainean erori ziren eta, arriskuaren aurrean, lanak eten
zituzten.
Guardia Zibilak atzoko manifestazioan atxilotu zituzten lau lagunak
askatu dituzte. Ostegunean, eguerdiko hamabietan joan behar dute epailearengana.
18,30ak aldera su hiltzaileek bunkerraren inguruan kateatuta zeuden
lau lagunak atera dituzte.
Informazio ematen jarraituko dugu
OHARRA: Hemendik aurrera gure komunikatuak hurrengo helbideen bitartez
banatuko ditugu soilik: www.sositoiz.com eta www.euskalherria.indymedia.org
Atxilotuak askatu! Itoiz bizirik! Amalurra defenda dezagun!!! Itoizko
Solidarioak