Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanblada
Asamblea contra el Tren de Alta Velocidad

Posta Kutxa 234 20300 Irun (Gipuzkoa) Euskal Herria (Spain) Helbide Elektronikoa: ahtez@sindominio.net
|Adierazpenak/Manifiestos| |Agirirak/Documentos| |Boletín EROKERIA Boletina| |Berriak / Noticias| |Helbideak /Direcciones|

 

AHT-ren aurkako itxialdia deitu du Asanbladak
Ekainaren 19 eta 20an Urbinan:

AHTrik EZ! AUTOORGANIZAZIOA!

Ekainaren 19 eta 20an, asteburuarekin, Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako itxialdia egingo da Urbinan (Arabako herria, Legutiotik hurbil).

AHTren Aurkako Asanbladak Euskal Herri osoan deitu duen ekintza honen helburua, ingurugiroan zein gizarte arloan ondorio larriak eragingo lituzkeelako arbuio zabala jaso duen proiektu desarrollista horren kontrako herri mugimenduari bultzada bat ematea da, jendarteko autoorganizazioa oinarritzat hartuta. Hori dela eta, “AHTrik EZ! AUTOORGANIZAZIOA!” da gaurkoan AHTren aurkako iritzia duten lagun guzitei helarazi nahi diegun mezua, hain zuzen ere ingurumenari eraso latza eragiteaz gain gizarte eredu jakin bat inposatzea dakarren makroproiektu hori gelditzeko gaur egun Euskal Herrian egiten ari den herri borroka autoorganizazioaren bidez zabaltzeko. Izan ere, gobernuen inposatze-egitasmoari aurre egiteko kapaz izango den herri borroka mugimendu sendo bat sortzea delakoan gaude, une honetan, dagokigun zeregin nagusia. Eta saialdi honetan, AHTren aurkako ekinbidearen lehen helburua dena, orotariko parte hartze guztiak dira, txikiak iruditu arren, lagungarriak eta beharrezkoak. Beraz, borroka norberaren ekimen indibidualean eta taldekako protagonismo kolektiboan oinarritzen dituen dinamika autoorganizatiboa bizkortzea da AHTren aurkako oposizioa hedatzeko egiten dugun proposamena.

Itxialdia larunbatean eguerdiko ordu 1etan hasiko da, Urbinako bolatokian, eta igandean eguerdiko ordu berean amaituko da. Bertan eztabaida taldeak egingo dira, denon artean AHTren aurkako ekintzak hedatzeko moduez debatitzeko: informazioa, ekintza zuzena, eta herri mugimendu asanblearioa bultzatzeko bideak izango dira eztabaidagai. Era honetan, itxialdia topagune irekia izango da AHTren aurkako borrokabideen inguruan proposamenak eta esperientziak trukatzeko. Denon esku dago AHT eta proiektu txikitzaileen aurkako iritiza gizarteratzen segitzea, informatzea, sentsibilizatzea, boterearen manipulazioa agerian jartzea, sistema eta horren alde egiten duten erakunde politiko eta ekonomikoak salatzea, eta AHT nahiz desarrollismoaren eragin suntsitzaileak geldiarazteko mobilizazioak indartzea.

Hortaz, AHT eta desarrollismoaren aurkako oposizio mugimendua era autoorganizatuan hedatzeko dei egin eta asmo honekin bat egiten duten lagun guztiak itxialdian biltzeko animatu nahi ditugu. Ekintza honi amaiera emateko kontzentrazioa egingo da halaber igandean eguerdiko 1etan Urbinan, eta horren ondoren herri bazkaria egingo da. Bestalde, itxialdiko atseden-tarte batean Josu Bravo kantariak musika emanaldi bat eskainiko du. Igandeko gosaria eta bazkaria bertan prestatuko dira (bakoitzak larunbateko janaria eraman, lo-zorroa...). Urbinara autobusean joateko larunbatean zerbitzuak daude Gasteiztik 12’30etan, 16’30etan eta 20’00etan (Continental Auto); Durangotik 9’15etan eta 18’15etan (Continental Auto); Bilbotik 9’00etan eta 16’30etan (Union). Gipuzkoatik itxialdira joateko autobusa aterako da: Zumarragatik 12’00etan RENFE tren geltokitik abiatuko da hori, eta Arrasaten 12’30etan geldiunea egingo du Garibaiko autobus geltokian.

Beraz, itxialdian parte hartzeko dei egiten dugu eta zuen inguruan deialdi honen berri ematea eskatzen dizuegu. Proposamen bat aldez aurretik egin nahi baduzue, kartelak eskuratu edota informazio gehiago eskatzeko, harremanetan jar zaitezte. Bide batez, AHTren aurka urtero eratzen den Akanpada aurten uztailaren 29tik abuztuaren 8ra Alonsotegin egingo dela jakinarazten dugu; Bilbo ondoan dago herri hori.


AHT-REN AURKAKO GIZARTE BORROKAREN AUTONOMIAREN ALDE:

Gogoeta bat ekarri nahi dugu hona, bestalde, borroka honen zentzuaren eta egoeraren inguruan. Aipagarria da AHTren aurkako borroka aurrera eraman duten herri taldeek desarrollismoa zalantzan jarri eta gaur egungo gizarte eta ekonomia eredua sakonki eraldatzeko premia aldarrikatu dutela. Izan ere, gure ustez AHTren auziak egungo errealitate historikoko gertaera nagusi baten inguruan eztabaida pizten du, txikizio ekologikoaren areagoketan eta eredu desarrollistaren hedadurak mundu osoan eragiten dituen desberdinkerien larriagotzean funtsatzen dena, alegia. Horrenbestez, zentzu guztia du mila aldiz eta bat gehiagotan esan izan dugunak, alegia, AHTren proiektua geldiaraztea bezain garrantzitsua dela bere atzean dagoen gizarte eredua, neoliberalismoaren eta globalizazioaren eskemetan inplikazio oso nabarmenak dituena, eta natura mugarik gabe ustiatzeko joera erabat zalantzan jartzea; eta, hain zuzen ere, azalean geratuko ginatekeela, AHT gelditzeko eskakizunarekin batera, ez bagenitu gure indarrak horretara bideratuko.

Hartara, kritika zorrotza egitera eramaten gaitu horrek gaur, AHTren auzia dela eta, “Euskal Herrirako tren sozial baten alde” goiburuarekin ELA, LAB, EHNE eta HIRU sindikatuen deiari jarraiki plazaratu berri den ekimenari. Eta gogor salatu behar dugu, bestalde, EB-IU alderdiak AHTren aferan darabilen kamaleonismo politikoa:

  1. Ekimen sindikalari gagozkiola: Proposamen horren jomuga “gure trenbidearen etorkizunari buruz asmoak eztabaidatzea” eta “AHTri ez eta beste trenbide eredu bati bai binomioa” lelotzat hartuta “fronte zabalago bilatzea” denez, ekimen horrek AHTren aurkako herri mugimendutik AHTren proiektua geldiarazteko eta erakundeetatik ezartzen ari den garraio eredua, lurralde antolakuntza eta, azken finean, gizarte eredua eztabaidan jartzeko planteatu diren aldarrikapenak eta helburuak sakonean murriztea eta nodabidez aldatzea dakarrela ohartarazi nahi dugu, lehenik eta behin. Izan ere, helburu horiek bigarren plano batean gibelatu eta disolbatzen dira. Gure ustez, larriki nahastu egiten da hor erakunde sindikalen eta politikoen interbentzio maila borroka sozialaren berezko iharduera esparruarekin, honek ez baitu bere helburuen artean halabeharrez AHTri alternatibak planteatzeko zeregina, eta are gutxiago gai horren inguruan herri mugimenduaren baitan dauden ikuspegien eta planteamenduen pluraltasuna eta kontraesankortasuna kontuan hartuta. Honi dagokionean, inoiz ez da nahikoa ohartaraziko AHTren aurkako herri mugimendua biltzen duten berezko motibazioak desnaturaldu eta zapuzteko arriskuan gaudela, herri oposizioak oro har beste era bateko printzipioetan sustraitzen baitu bere iritzia eta elkarrekiko ekintza, lurraren defentsan eta AHTren egitasmoan salatzen diren desarrollismoa eta inposaketaren arbuioan, alegia. Ondorioz, AHTren aurkako herri mugimenduaren autonomia defenditzea ezinbestekoa dela ondorioztatzen da, alderdi eta sindikatuen “transmisio-uhala” izan ez dadin, kinka horrek dirijismoetara eta mugimenduaren edukinaren eta protagonismoaren galerara besterik ez bailezake eraman.

    Bigarrenik, AHTren auzia “trenbide eredua”ren gaineko eztabaida estu batean ixtea, gure ustez, ez da gizarte eredua eta azpiegitura-lan handiak ezartzen dituen politika zalantzan jartzera daraman ikusmolde kritiko baten funtsa. Honi dagokionean, sindikatuei proiektuaren ezespena osoki funtsatzeko eta barne eztabaida bultza dezaten eskatzen diegu, hala AHTren auzian nola ingurugiroari eta gizarte arloari gogor erasotzen dioten gainerako proiektu txikitzaileen auzian herri erantzunari berehalakoan indar handiagoa emateko. Horrek, nolanahi ere, debatea espezialisten esku ez delegatzea eskatzen du gainera, adituen ustezko eraginkortasuna baztertzea, alegia: batetik, garraio arazoak sistemaren beharrak kudeatzeko aztertu ohi dituztelako gehienetan, eta bestetik, hain zuzen ere alternatibak ematerakoan, gaur egungo gizarte eredua oinarritzen duten erlazio ekonomiko, sozial eta politiko-instituzionalak sakonki eraldatu beharra alde batera uzten dutelako sobera.
  2. EB-IU alderdiaren kamaleonismoa gogor salatzera gatoz gero: Indar politiko horrek bere “atsegina” adierazi berri du “Garraio Sailak merkantzien garraioa ahalbidetzeko proiektuaren abiadura 240Km/orduko lastertasunera gutxitu duelako eta obra hori Ezker Batuak defendatzen duen U delakoaren antzekoa delako”. Sarkasmo hutsa eta fartsa guztiz zuriezina da hau. Azken finean, EB-IUren alternatiba famatuak gero eta gehiago AHT eta gure herrian azpiegitura plan beldurgarria egiteko botereguneek dauzkaten interes kapitalistak gordetzeko kontrapuntu perfektu gisa balio du: egin kontu, “euskal Y”a, merkantzietarako bereziki prestatua, garraiorako azpiegitura plan eta proiektu handi gehiagorekin uztartzen da --tartean daude Jaizkibelgo superportua eta plataforma logistikoen hedapen bortitza, beste adibide askoren artean--, zalantzarik gabe merkantzien fluxu ahalik eta handienak erakartzea helburu dutena, Merkataritza Ganberek eskatu bezala. “Trenbideek, errepideek eta terminalek Euskadi Europa mailako garraio plataforma handi bat bihurtuko dute”, Garraio sailburuaren esanetan. Ingurumari astungarri hortan, nolanahi dela, AHTren egitasmoa ez dator beste ezein azpiegitura ordezkatzera, ezta trafikoaren guztiko kopurua geldiaratzera, orekatzera eta azken batean gutxitzera ere, areagotzera baizik, ondorioz garraio sistemak ekologia zein gizarte arloetan eragiten dituen kalte globalak handiak izan daitezen eraginez.

Agian esango digute ekimen sindikalaren eta IU-EBren jarreraren alde negatiboak bakarrik aipatzen ditugula. Zinez uste dugu, ordea, arazo hauetaz argi eta garbi eztabaidatzea dela aukera bakarra, gure iritziz AHTren aurkako herri mugimenduaren existentzia bera baita jokoan dagoena, oposizio mugimendu erreala eta gizarte borroka eraldatzaile gisa.