Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanblada
Asamblea contra el Tren de Alta Velocidad

Posta Kutxa 234 20300 Irun (Gipuzkoa) Euskal Herria (Spain) Helbide Elektronikoa: ahtez@sindominio.net
|Adierazpenak/Manifiestos| |Agirirak/Documentos| |Boletín EROKERIA Boletina| |Berriak / Noticias| |Helbideak /Direcciones|

 

ABIADURA HANDIKO TRENIK EZ!
DESARROLLISMO TXIKITZAILEARI STOP!

Joan den 1998ko martxoaren 17an Eusko Jaurlaritzak Abiadura Handiko Trenaren trazaketarako -egituragatik "Y" izenarekin ezaguna dena eta Iruņea/Zaragozarekin duen adar nafarra- lur erreserba ezartzen duen Lurralde Plan Sektoriala onartu zuen; halaber, presaka, Plan hau informazio publikoan jartzea agindu zuen bere behin betiko onespenerako falta diren ihardunbideak Madrilgo Gobernuak lehenbailehen bete ditzan.

Atzera bueltarik gabeko ondorioak ekar ditzakeen gertakizun batean aurrean gaude; Eusko Jaurlaritzaren xede nagusia 1999an AHTaren Arabako lehen zatian -Arkaute-Aramaio- eraikuntza lanak kosta ahala kosta hastea baita, Madrilgo Gobernuarekin elkarlanean edo bera bakarrik; hau da, litekeena da Eusko Jaurlaritzak, proiektu honen aurreko aldietan egin duen bezalaxe, lehenengo zati horren finantziazioa aurreratzea. Presa handia du Jaurlaritzak, eta, nola edo hala, beste edozein iritziren edo argudioren gainetik, bere ikuspegia ezarri nahi du, 1999ko uztailaren lehenengo egunean Europar Batzordeak Abiadura Handiko Trenen Sare Transeuropearraren garapenerako norabideak berrikusiko dituelako.

AHTaren Aurkako Asanbladak, sortu zenetik igaro diren 5 urte hauetan, askotan azaldu izan du zein diren AHTaren aurka aritzeko arrazoiak, hala ekologia arloan nola gizarte ereduari dagokionean duen eragin bortitza dela eta. AHTak egiten dituen kalte larri horiei buruzko informazio eza eta nozitzen ari garen erakundeen agintekeria eta burugogorkeria aski arrazoi dira proiektu honen aurkako gure argudioak adierazteko, eta Abiadura Handiko Trena egiteak eragingo dituen kalteen berri emateko.

Arrazoi asko dira proiektu honen aurka egoteko. Honako hauek dira, besteak beste, horren ondorioak:

ERASO EKOLOGIKO LARRIAK

Hala AHTaren eraikuntzak nola AHTaren funtzionamenduak oso ondorio larriak ekarriko dituzte arlo askotan: lurrari eraso, baliabide natural eta energetikoak xahutu, oreka ekologikoak hautsi eta gure ingurunearekin beharrezkoa zaigun bategitea suntsitu:

Tokian Tokiko txikizia autopistek eta autobiek eragindakoak baino handiagoak izango da

//> Tokian tokiko eragin gehienak autopistek eta autobiek eragindakoak baino larriagoak izango dira, Abiadura Handiko sareen eraikitze lanek oso baldintza zorrotzak eskatzen dituztelako (kurbadura erradioak oso zabalak, oso malda leunak). Bidaiariekin, Abiadura Handiko Trenek 250-350 km/o. gehienezko abiadura hartuko dute -trazaketaren tartea nolakoa den gorabehera-, eta merkantzien garraioan 125km/o. Garraio azpiegiturei dagokienean, inon denik adibide gogor eta bortitzenetako bat da, beraz. AHTa ez da egokitzen zeharkatzen dituen lurraldeen orografiara, eta horrek sekulako indusketa lanak, lur-iraulketak, mendi mozketak, lubetak, euspen hormak, bidezubiak eta hondakindegiak sortuko ditu; hondakindegiak aurrikusita dauden tunel izugarrien eraikuntzaren ondorio dira, eta tunel horien eraginaren tamaina neurrigabea da (Aralar Mendilerroa zeharkatzen duen tunelak 11,2 km. izango ditu, Udalaitzekoa...).

Abiadura Handiak kutsadura eta kostu ekologiko larriak sortzen ditu eta iturburu nuklearreko energia ekarriko da

//> Abiadura Handiak dakarren energiaren kontsumo eta zarrastalkeriaren gorakadak kutsadura eta kostu ekologiko larriak sortzen ditu. Ekarriko duen energia behar hori hornitzeko iturburu nuklearreko energia -Frantziako Estatutik ekarritakoa bereziki- eta gas naturaleko makroproiektuak erabiliko dira: Superportuko Planta Birgasifikatzailea, Muskizko Petronorreko zentrala -gas naturalarekin konbinatua-, edota Kastejon-en eta Zornotzan egin asmo dituzten gas naturaleko zentral termiko berriak; gas hori zeharo arriskutsua da (Planta Birgasifikatzaile benetako bolborategia izango da) eta kaltegarria (gasa negutegi efektuaren eta ozono geruzaren zuloaren errudunetako bat da); ez da ahaztu behar, gainera, Eusko Jaurlaritzak energia ekoizteko Lemoizen egin nahi duen gas naturaleko zentral termikoa. Neurri txikiagoan, ikatz zentralek, fuel-oilekoek, urtegi hidroelektrikoek eta zentral eoliko handiek ere horniko dute AHTa; horien ondorioak oso kaltegarriak izango dira hainbat arlotan.

Ingurugiroaren suntsidura eta arriskuak handitzen ditu gurea bezalako lurralde behin eta berriz zartatuan

//> AHTaren abiadura handiak eta gainerako azpiegituren gertutasunak ingurugiroaren suntsidura eta arriskuak handitzen ditu, are gehiago gurea bezalako lurralde behin eta berriz zartatuan. Lurraldearentzat zeharkaezinezko langa izango da, arriskua dela eta hesitu eta isolatu beharra ezinbestekoa delako eta horrek kalte ekologiko garrantzitsuak dakartza. Larriak dira sortzen dituen zarata eta dardaren arazoak ere, eta horien eraginak gauzaturik agertzen dira osasunean (estresaren bat-bateko igoerak, atsedenaren asaldatzea,...) eta animalia zein gizakien portaeran. Ez da hitz egiten AHTaren katenariak eta Goi Tentsioko sareek sortzen duten kutsaduraz eta eragin elektromagnetikoaz. Eragin horien ondorioak honako puntu hauetan laburbil ditzakegu: troposferako ozonoaren eta nitrogeno oxidoen gehikuntza (horiek gure osasunaren kalterako negutegi efektua eta euri azidoa handitzen laguntzen dute); hormona eta proteinen ekoizpena aztoratzen duten erradiazio elektromagnetikoak; eragina minbizietan, leuzemietan, sisteman inmunologikoan...

Hego Euskal Herrian katalogatutako 12.500 espezieri egingo die zuzenean edo zeharka kalte

//> Harrobiak jo eta ke ustiatuko dira, eta baita berriak zabalduko ere. Metal astunak, lehergailuak, gai kimikoak... erruz erabiliko dira; eta elementu horien ekoizpen katean zehar kalteak nozituko dituzten guneen kutsaduraren gehikuntzak klimari, florari eta faunari kalte egingo die halaber. Hego Euskal Herrian katalogatutako 12.500 espezieri egingo die, zuzenean edo zeharka, kalte, eta katalogatu gabeko 25.000 ingururi (ornogabeak gehienak).

EREDU EKONOMIKO-SOZIAL DESARROLLISTA ETA MENPERATZAILEA

AHTaren eragin bortitza ez dagokio bakarrik ingurugiroari, arlo sozio-ekonomiko eta kulturalari ere oso gogor dio erasotzen: Azpiegitura hori derrigorrezkoa da Merkatu Bakarra eta globalizazio ekonomikoa bideratzeko

Plan horren garapen asmoek giza desegituraketa handiagoa sortuko dute eta bazterketa soziala gero eta handiagoa izango da

//> AHT garraio azpiegitura zabal baten parte da, Autopisten eta Abiadura Handiko Trenen Sare Transeuroparra alegia; azpiegitura hori derrigorrezkoa da Merkatu Bakarra eta globalizazio ekonomikoa bideratzeko. Europako Industrien Mahai Biribileko multinazionalek eta Estatuetako ordezkariek ezarri dituzte plan horren norabideak Europako Batasunari begira; horien jokoa merkatuak zabaltzea, etekinak handitzea herritarren lepotik eta isilpean boterea biltzea da. Euskal Herrian, botere ekonomikoek eta bere ordezkari politikoek, Europatik ezartzen diren planak hemen bultzatzea onartuz, plan horietara moldatzen eta etekin handiena ateratzeko ahaleginak egiten ari dira. Helburu horri erantzuten dio partaideen artean AHTa (autobiekin, Superportuarekin, Guggenheim Musearekin eta abarrekin batera...) duen lan plan harroputz handinahiak. Horrekin Euskal Herria nazioarteko kapitalismo horren gune bihurtu nahi dute, eta Bilbo Metropolitanoa gune horren hiriburu. Plan horrek eta plan horren garapen asmoek giza desegituraketa handiagoa sortuko dute, eta desberdintasunak, prekarietatea, langabezia, miseria eta bazterketa soziala gero eta handiagoak izango dira.

//> Baliabide publikoak azpiegitura erraldoi eta oso garestiak eraikitzen xahutzen dira, eta joera horrekin batera gizarte arloko gastuak murrizten dira. Sekulakoa izango da proiektuaren kostu ekonomikoa: gaur egun kalkulatzen da 700.000 milioi pezetatik gorakoa izango dela azpiegituraren eraikuntza (28.000 milioi libera inguru), eta, lan publiko handien proiektuetan beti gertatzen den bezala, oso litekeena da kopurua orain kalkulatutakoa halako bi edo hiru izatea azkenean.

AHTak hiriburuen arteko lotura azkarra baino ez du landuko

//> AHTak hiriburuen arteko lotura azkarra baino ez du landuko. Ingurugiroari eta hiriburu handien tarteko udal eta eskualdeei eragindako kalte guztiak lotura azkar horien menpe geratuko dira erabat. Udal eta eskualde horiek iragateko euskarri fisiko huts izango dira AHTarentzat, eta AHTak bultzatuko dituen makrohirien nagusitasunaren ondorioak nozitu beharko dituzte gainera. Inon baino ugariagoak dira hemen, Eusko Jaurlaritzaren eskutik, zarrastelkeriak eta lurralde-zentralizatzea bultzatzen duten inbertsio kontzentrazioak.

AHTak eta gainerako azpiegitura handiek nekazal eremuen biziraupena zalantzan jartzen dute

//> AHTak nekazal ingurunean egindako kaltea eta lur-zurrupaketa dela eta ,hiriko eta baserriko bizitzaren arteko zatiketa geroz eta sakonagoarekin batera, nekazal eremuen biziraupena eta populazioen bizi baldintzak bideragarritasunaren mugan izango dira.

Argi eta garbi gelditzen da natura menperatzeko eta gizarte hierarkizatu bat sortu nahia

//> AHTarena ikaragarrizko egitasmo erraldoia da, eta enpresa handiek baino ezin lor dezaketen teknologia sofistikatuak garatzea eskatzen du. Argi eta garbi gelditzen da natura menperatzeko nahia, eta argi eta garbi gelditzen da truke-baloreak eta indartsuenaren legea nagusi diren munduan gizarte hierarkizatu eta militarizatu bat sortu nahia. Erabaki ekonomiko eta politikoen guneak gero eta urrutiago izateak are zailago egingo digu herritarroi gure bizi-baldintzei eta dagozkigun arazoei buruzko kontrola eta parte hartze zuzena edukitzea. Gero eta menpekoago izango gaituzte gure giza eta kultur nortasunarekin zerikusirik ez duten botere guneek, eta herrialde garatuen Erdigunearen eta Periferiako herrialde txiro eta ustiatuen arteko leizea sakonago egingo da.

Bizimodu baten sinbolo eta eredu da: presan, lehiakortasunean eta indibidualismo gotorrean oinaritutako ideologia modernoarena

//> AHTak errealitate guztiz konplexu bat denbora faktore huts bihurtzen du. Bizimodu baten sinbolo eta eredu da, presan, lehiakortasunean, kontsumismoan, elkartasun ezean eta indibidualismo gotorrean oinaritutako ideologia modernoarena. Bizi garen aroan gauza bat da ziurra: "garapena" deitzen denak, garraio abiaduraren handitzeak kasu, ez du indartzen askatasun sozial eta kulturala; alderantziz, argi dago bizia, hala norberarena nola kolektiboa (ohiturak, komunikazioa, sentiberatasuna, sormena) gainbeheran amiltzen ari dela.

Bazterrera kondenatuko du trenbidezko garraio publikoa

//> AHTaren garapenarekin estu lotuta, trenbidezko garraio publikoari kalte handia egiten ari zaizkion fenomenoak ikusten ari gara: murrizketak plantilletan zein zerbitzuetan, eta Zerbitzu Publiko kontzeptuaren beraren galera. AHTak bazterrera kondenatuko du, beste hainbat tokitan egin duen bezala, ohiko trenak jenderik gehienarentzat duen gertutasuna eta erabilgarritasuna. Bestalde, ez da errepide bidezko garraioak eragindako kalteen aringarri izango (kutsadura, istripuak), era guztietako garraio eta mugikortasun eskaerak bultzatzen dituen eredu ekonomiko-soziala eta bizitza-estiloa baitu indartzen. Ondorioz, garraioak ekologia zein gizarte arloan eragiten dituen kalteak handiagoak izan daitezen eragingo du.

AHT-AREN PROIEKTUA GELDITZEAREN ETA AHT-A BULTZATZEN DUEN EREDUAREN ALDAKETA ERABATEKOAREN ALDE

AHTeko proiektuak eta azpiegitura erraldoi guztiak gelditzea exijitzen dugu, gizartean debate zabal bat hasteko

Gatazka honen bidez, berriro ere planteatzen zaigu ezarri nahi diguten eredu desarrollistaren auzia, ondorio lazgarriak izaten dituen eredu desarrollistaren auzia. Guk AHTren proiektuak eta azpiegitura erraldoi guztiak gelditzea exijitzen dugu, gizartean debate zabal bat hasteko, etenik gabekoa eta guztion partaidetza izango duena, hortik abiatuta beste gizarte eredu batera jotzeko.

Gure ustez, AHTaren aurkako borroka antolakuntza ekonomiko, sozial eta politikoari dagozkion baloreen erabateko aldaketaren aldeko apustua da. Aldaketa horrek giza beharrak Naturarekin bat eginda asetzea eta hala pertsona nola herri gisa izan dezakegun autonomia indartzea ahalbidetuko duelakoan. Aldarrikapen hori ez da isolamenduaren aldekoa. Bat egiten du hainbat mugimendu sozialek, hala planetako hainbat lekutan nola gure herri eta auzoetan, egiten ari diren gisa bereko ahaleginekin.

[itzuli/volver]