Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanblada
Asamblea contra el Tren de Alta Velocidad

Posta Kutxa 234 20300 Irun (Gipuzkoa) Euskal Herria (Spain) Helbide Elektronikoa: ahtez@sindominio.net
|Adierazpenak/Manifiestos| |Agirirak/Documentos| |Boletín EROKERIA Boletina| |Berriak / Noticias| |Helbideak /Direcciones|

 

BIDE ZUZENA EZ BAITA BETI ARTEZA

Aitor Zuberogoitiaren Testua 2001. ekainaren 16an Donostian AHTaren aurka egin zen manifestaziorako.

Adituek diotenez errenazimentuan, XV. Mendearen bueltan errotu ei zen munduaren ikuspegi antropozentrikoa. Adituek diotenez, halaber, dozenaka urte batzuk beranduago halabeharrez apojanean jardun ondoren, ebidentzia ukatu ezinda, Eppur, si muove esaldia bota zuen Galileo Galilei izan zen zientzia esperimental modernoaren oinarriak jarri zituena, iraultza zientifiko-teknikoari bide emanez. Adituek diotenez, era berean, Cogito ergo sun esaldia abiapuntu hartuta, XVII. Mendean jada, filosofia modernoaren oinarriak ezarri zituen Rene Descartesek, filosofia espekulatiboaren ordez "naturaren jabe bihurtzeko filosofia praktikoa" aldarrikatu zuen berberak.

Adituek diotenez, zientzia modernoak industri-iraultza ahalbidetu zuen, eta, iraultza horren hastapenetan, beronek eragindako pobrezia-tasa itzelak justifikatze aldera, Thomas Malthus ekonomilari ingelesak zera defendatu zuen: elikagaien ekoizpeno ez zela populazioaren hazkundea bestekoa, eta, beraz, ezinbesteko zela biziraupenaren borrokan lagun- olde ikaragarria hiltzea. Adituek diotenez, azkenik,Malthusen liburua irakurrita otu zitzaion Charles Darwini, XIX. Mendean jada, hautaketa naturalaren ideia. Alegia, biziraupenaren borrokan ingurura ondoen egokitzen dena dela iraungo duena.

Bistan denez, bada aditurik bazterretan, eta arestian aipatu jakintsuen ideien irakurketa partziala eginda, zera dioskute egunotan: zientzian eta teknikan oinarrituta geroz eta gehiago ekoiztu beharra dagoela, natura menpe hartu behar dugula etekinak areagotze aldera, eta etekinak lortzeko lehian batzuk bazter geratuko direla, eta diruari mugak zabaldu behar zaizkiola aberatsek gehiago irabaz dezaten, eta mozkinak haz daitezen kapitala metatu beharra dagoela, empresak batu, hiriak handitu, eta aniztasunak, herriek, ekosistema eta kultura txikiek traba egiten badute, horiek uniformizatu, neutralizatu, desegin. Eta presaka bizi, presaka ekoiztu, presaka burutu multinazionalen produktuen garraioa hiri handi batetik bestera, tarteko bideari batere garrantziarik eman barik, preska jan kaltea eragingo digun zabor- janaria eta gero dirutzak ordaindu, eginiko kalteak nola-hala konpondu eta berriro berdin ekoizten, berdin bizitzen segitzeko. Bistan denez, gurean hiriburuak lerro zuzenen bidez lotu gura dituen AHTaren egitasmoak badu loturarik logika horrekin. Eta bistan denez baita, lerro zuzena ez da beti arteza. Artezago deritzegu gertuko antolaketa-ereduei edota tokian tokiko ekoizpenari eta kontsumo orekatuari, artezago hiriz ez ezik herriz ere osaturiko mapei, aniztasunari, ekosistema eta kultura txikiekiko errespetuari, herri eta pertsonekiko begiruneari, horri guztiari. Horregatik logika bi aurrez aurre daudelako eta iritzirik eskatu gabe euretariko bat inposatu gura digutelako, horregatik hain juxtu gaude abiadura handiko trenaren aurka eta gizarte aldaketaren alde borrokan; ez arkadia galduen bila gabiltzalako, baina bai mundu imperfektu baina bizigarriagoa gura dugula aldarrikatzeko.

[itzuli/volver]