|
- Sarrera.
- Altsasuko Udal Planari kritika orokorra.
- Altsasuko Udal Planaren zenbait puntu zehatzei buruz egindako kritika.
- Ondorioak eta proposamenen laburpena.
- Bibliografia.
1. Sarrera: Fundamento Orain Taldeak agiri honekin erakusketa publikoan dagoen Altsasuko Udal Planari alegazioa jarri nahi dio bere orokortasunean. Honetarako, aurreko egoera batzuetan egindako hausnarketetan oinarritu gara, hala nola, Altsasu eta Etxegarate bitarteko autobiaren proiektuan, Domingo Lumbier berreskuratzeko kanpainan eta batez ere, Altsasuko egoera ekologiko eta hirigintzari buruzko 99ko abuztuko txostenean. Honetaz gain, azken bi urtetan sarritan izan ditugun bilera eta batzarretan, zein publiko zein pribatutan. Gainera, beste batzutan bezala, gaiari buruz aurkitzen dugun bibliografía kontsultatu dugu, txostenaren bukaeran erantsia dagoena.Altsasuko egiturari buruzko hausnarketa egiteko orduan herriaren gaur egungo egoeran oinarritu gara. 7.000 biztanle dituela, ez dirudi berez haundituko denik. Pentsa zitekeen, beraz, egoera orekatuan dagoen ertaineko herri baten aurrean gaudela, bere biztanleria bertakotua duelarik. Baina baliteke hori horrela ez gertatzea, aurrerago ikusi ahal izango dugun moduan.Bere hirigintza frankismoak sortutako garapen industrialak ekarri zuen biztanle kopuruaren hazkuntzaren ondorioa da. Horrela, herriak bi zati erabat bereiztuak ditu: alde zaharra eta zabalgunea. Alde zaharrean berezko balioa duten etxe zahar asko erortzen lagatzen ari dira utzikeriagatik. Bestalde, zonalde berriaren hirigintza kontzentratuegia da eta ez du behar adina atseden eta aisialdi esparrurik. Gainera, egituraketa oso monotonoa da, eraikuntzak berdinak eta pilatuak, nekea eragiten duelarik.Altsasu industrigune garrantzitsua era bada, krisi industrial eta langabezi tasa altuak jasan ondoren, azken urteotan jarduera industrialaren garapen izugarria jasan du eta langabezia txikitu egin da, batez ere gizonezkoena. Jarduera industrial honek, ordez, ingurugiroan eragina dakar eta nekazal eremuen kolonizazioa suposatzen du.Ez dugu ahaztu behar Altsasu bidegurutze garrantzitsu batean aurkitzen dela. Honek trenbidearen eraikuntza ekarri zuen pasa den mendean. Azken urteotan autobideek herria inguratu egin dute. Horrela Sakanako autobidea eta N-1k Altsasu mugatu egin dute. Honetaz gain, zonalde urbanizatuak landetara zabaldu eta landak sakabanatu egin dira.Orain arteko joera azpiegitura eta enpresen pilaketa izan bada, Altsasuko Udal Planak eta udaletxeak azken urteotan hartutako erabakien ildotik jarraituta, are latzagoa datorkio herriari etorkizuna. Planari egindako gainbegiradak honako helburu orokorrak azaltzen ditu:- Zonalde urbanizatuaren gehiegizko garapena. Nahiz eta Altsasuko biztanle kopurua egonkortuta egon eta etxe asko hutsik, beste 1.000 etxebizitzen eraikuntza aurreikusten da.
- Jarduera industrialaren pilaketa handitzea. Dauden tailerrak lan eskua gero eta gehiago kanpoan bilatu beharrean badaude ere, udaletxeak gutxienez 5 industrialde berri eraikitzeko asmoa dauka.
Bi joera hauek epe ertainera herriaren biztanleen kopurua haunditu lezakete, industri berri horietako langileak direla eta. Kasu gehienetan, langile hauek ez dira Altsasun nahita geldituko, baizik eta egoera ekonomikoak behartuta. Horrela, berriz ere, biztanle kopurua gehiegi haundituko da eta herria desegituratuko. Herriaren berregituraketa berri batek beste 30 urte beharko lituzke, Frankoren ondorengo garaian gertatu den bezala.Bestalde, hirigintza eredu honek ingurugiroan beste kalte garrantzitsu bat eragingo luke, eremu hiritua landetara hedatzen den neurrian. Gaur egun, herriak badu nolabaiteko osotasuna, nahiz eta zentrotik urrutiago dauden auzo batzuk, industrialdeak, autobiak eta errepideak, eta baita ere txabiskeak nekazal eremutan hiriaren mutur sartzea suposatu. Joera honek gora egin dezake, aurkeztutako planifikazioan aurreikusten diren industrialde berriak, bide berriak eta hiringuruko auzoak egiten badira. Gainera, dagoeneko, onartu den txabiskeei buruzko legediak landetan bigarren etxebizitza eraikitzea bultzatzen du, eta ez nekazaritzarako beharrezkoak diren eraikinak egitea.Baldintza honekin, eta Altsasuko Udal Plana aztertu ondoren, Fundamento Orain Taldeak abuztuaren 99ko txostenean aipatutako gogoeta hauek egin nahi ditu:- Hirigintzarako edozein plan herriak onartu behar du. Hau bidezkoa izateko, beharrezkoa izango litzateke, herritarrek plan hori egiten parte hartu ahal izatea. Horretarako plana egiten zen bitartean herritarren parte hartzea bultzatzeko esparruak sortu behar ziren eta ez soilik erakusketa publiko eta onartze orduan.
- Plana idatzi aurretik, herrirako nahi den garapen eredua eta etorkizunean nolakoa izango den aukeratu beharko litzakete. Horretarako, berriz ere, herritarren parte hartzea behar da.
- Behin herriaren etorkizuneko egitura erabakita, planaren erredakzioa helburu honetara bideratu beharko litzateke.
Beste modu batera esanda: ezin zaie utzi enpresari, politiko eta eraikileei Altsasuko etorkizuna beraien kabuz erabakitzen.Fundamento Orain Taldeak erakusketa publikoan dagoen Udal Plana eredu desarroilistaren menpe egina dagoela uste du. Argi dago kapitalak eta kapitalarentzat egindako plana dela, Altsasun gutxi batzuk negozio eta irabazi gehiago eduki ahal izateko, herritarrak kanpo gelditzen garelarik.Guzti hau Fundamentotik herrirako nahi dugunaren kontra doa (99ko abuztuko txostenean azaldu genuen bezala). Ingurugiroarekin bat egiten duen Altsasu gizakiratua nahi dugu. Denak partaide egiten gaituen Herria. Bertan bizi nahi dugunondako nahikoa den herria, inolako inposaketarik gabe, eta are gutxiago ekonomikoak baldin badira.2. Altsasuko Udal Planari kritika orokorra: Atal honetan planaren kritika orokorra egingo dugu, gai zehatzetan sartu gabe. Hurrengo atalean egingo diogu gure ustez planak aldatu beharko lukeen puntu zehatzak aztertzera. Guzti hau planaren helburu orokorrak puntu zehatzek daukaten horrenbeste garrantzi edo gehiago daukala ahaztu gabe. Hau dela eta egin diogu alegazioa planari bere osotasunean, bere ikuspuntu desarroilistari eta bere garapenean herritarren parte hartze ezari. Bestalde, hurrengo atalean lantzen ditugun aspektuak gai zehatz horiei buruzko alegazio partzialak dira.Kritika orokor honek hurrengo gaiak lantzen ditu: herritarren parte hartze eza, eremu hirituaren hedapena, industrializazioaren hazkuntza, automobilendako azpiegituren areagotzea eta eraikuntzaren hazkundea. Guzti hau, esan dugun moduan, inori ezer galdetu gabe, herriarendako inposatu nahi den eredu desarroilistaren kontrako kritikan kokatua.2.1. Herritarren parte hartze eza:Gaur egun erakusketa publikoan dagoen planaren eztabaida 1994an hasi zen. Urte hartan udalak aurreko arau subsidiarioak, 1998koak, berrikustea erabaki zuen. Baina badirudi egin zuen berrikusketa lotsagarria zela eta Nafarroako Gobernuko Ingurugiro Lurralde Antolamendu eta Hirigintza Sailak behin baino gehiagotan errefusatu egin zuen. Gobernuak plana atzera botatzeko arrazoiak kasu guztietan honako hauek izan dira:- Planifikazioan berdeguneei toki gutxiegi uzten zitzaiela.
- Zenbait zonaldetan etxebizitzen eraikinen dentsitatea gutxitzearen beharra.
- Eta herri osoan eraiki behar ziren babes ofizialeko etxebizitzen kopurua zehaztu behar zela, gutxienez 170 izan behar zutelarikan.
Modu honetan, arau subsidiario zaharrak luzatzen joan ziren 1999ko Otsailean gaur egun erakusketa publikoan dagoen udal planaren lehenengo bertsioa idatzi zen arte. Eta bitarte honetan, ez dirudi herritarren parte hartzea oso zabala izan denik, herritarrei gutxitan galdetu izan zaie gai hauei buruz. Gogoratu dezakegun kontsulta bakarra 1998ko martxoan Domingo Lumbierreko planari buruzkoa izan da. Eta hau herriaren hirigintzaren alderdi bat besterik ez da.Herritarren iritzia, ordea, oinarrizkoa da beraien beharrei egokitu behar zaien plana gauzatzeko. Horrela esan zen, adibidez, Nazio Batuen Habitat II jardunaldietarako sortutako Espainiako Ministerioarteko Batzordean. Foro honetan honako ondorioa atera zen: hirien etorkizuna zehazterakoan oso inportantea da hiritarrei informazioa eman eta beraien parte hartzea bultzatzea. Horretarako informazioa zabaltzeari lehentasuna eman behar zaio eta herriko instituzioen ohizko lanetaz gain (hirigintza, giza zerbitzuak...), herriko arazo garrantzitsuenak ere kontutan hartu behar dira, hala nola ingurugirokoak, gizartearen kohesioa edota jarduera ekonomikoak sortutakoak. (1)Iruñean, nahiz eta egindako hirigintza plana guztiz desarroilista eta espekulatzailea izan, nahiz eta lurrazpiko aparkalekuak eta merkatalgune haundiak bultzatu, itxura mantentzeko edo, udalak herritarren iritzia jasotzeko esparru batzuk sortu ditu. Nafarroako hiriburuan hirigintza plana aztertzeko zenbait bilera egin dira hainbat taldeekin. Horien artean, 1997an Iruñearen beste ikuspegi bat: hiria emakumeen ikuspuntutik begiratuta eta 1998an Iruñea emakume begiradarekin jardunaldiak egin ziren. Jardunaldi hauen helburua, antolatzaileen esanetan, hirigune gaia talde hauetara hedatu eta hirigintza arazoetan beraien parte hartzea bultzatzea izan zen.1997ko jardunaldia eta hiriaren Plan Orokorraren Aurrerapenaren Erakusketa aldi berean eman ziren. Modu honetan emakumeen proposamenen arteko batzuk planaren iradokizun bezela erabiltzeko. 1998koan Planaren Bulegoko Zuzendariak azaldu egin zuen nola barneratu ziren aurreko jardunaldietan egindako iradokizunak Plan orokorrean. Jardunaldi hauetan 100 emakume inguru bildu ziren eta atera ziren ondorioak oso interesgarriak dira. Ondorio hauek bi txostenetan daude bilduta. (2)Bukatzeko, adituen arabera, emakumearen ikuspuntua hirigintzan oso garrantzitsua da. Emakumeak modu ezberdin batez erabiltzen du hirigunea oraindik ere bera delako umeak eskoletara eraman eta zaharrak eta gaixoak eramaten dituena...horregatik mugikortasuna eta hiriaren erabilera hobetzeko aukera zabalagoak eskaini ditzakegu. Iritzi hau Isabel Velázquezena da, Madrileko GEA 21 aholkularitzako hirigintza arkitektoa, eta Genero ikuspegia hirigintza eta ingurugiro planifikazioan hitzaldian bota zuen. Emakume askok ez dute hiria beraien beharrei egokituta, hau da aldatu behar dena hiria hobetzeko. (3) Ezin dira ideia guzti hauek ahaztu eta erabili egin beharko ziren Altsasuko hirigintza egiterakoan, horretarako gehien erabili behar dutenei, hau da, emakumeei galdetuz.2.2. Eremu hiritua landetara hedatzen da:Lehenago aipatu dugun bezala, Altsasuko Udal Plan honek oso-osoan betetzen bada, eremu hiritua landetara hedatzea ekarriko luke. Modu honetan landek betetzen dituzten funtzio garrantzitsuak galduko lirateke, hala nola, paisaia tradizionalaren mantenua, aisialdirako esparrua izan , etab. Europar Batasunak onartu egin du eremu hirituaren hedapenak herriko azpiegiturak garestitzen dituela, trafikoa eta energia kontsumoa haunditu eta ingurugiroan kalteak dakartzala. Aurrerago honelako garapena garapen sustengarriaren kontra doala dio. (4)Gure herri eta hirietan gertatzen ari den eremu hirituen hedapen geldiezin honek estatu batuetako urbanizazioetan dauka oinarria. Han hiri zabalak bultzatzen dira, familia bakarreko etxebizitzaz osatutako auzoak, eta komertzio-aisialdi esparru erraldoiak hiringuruan, kotxez hurbiltzea behartzen dutenak. Bizi maila handitzen den heinean espazioaren erabilpena handitu egiten da. Eremu hirituaren hedapenak, espazio eraikituarenak, nekazal eta naturguneak desagerrarazteaz gain hidrokarburoen kontsumoa handitzen du negutegi efektua larriagotuz. Merezi du, Amerikako hirien erdialdeen dagoen giza eta hirigintza degradazioa ikusita, gogoeta txiki bat egitea eredu honi jarraitzeak gure bizimoduan eta bizi mailan izango duen eraginari buruz. (5)Plan honek orain landak diren lekuetan auzo berriak eraiki nahi ditu aipatutako kalteak sortuz. Altsasuk baditu, gaur egun, hiringuruko zenbait auzo nekazal eta baso eremutan kokatuak: Baikolar, Zuntaipe eta Ameztia. Eraikuntza hauek, dena den, bakarka eta modu ez uniformean egin direnez, paisaian sortzen duten eragina ez da oso larria.Plan berriak, ordea, herritik aldenduak dauden nekazal eremuetan eraikitzea proposatzen du. Hau da nolabait Idiazazpiren kasua, eta batez ere Larresalerako aurreikusten den etxe adosatuen urbanizazioarena. Azken zonalde hau hirigunetik erabat aldendua dago eta, gaur egun, ez du inolako azpiegiturarik errepidexkaren bat kenduta. Hau da, hain zuzen ere, udaletxeak ematen duen arrazoia, zenbait auzokidek eskatutako urbanizazioari baimena emateko.Bestalde, bizileku auzo honetan familia bakarreko etxebizitzak eraikitzea proposatzen da. Mota honetako etxeak espazio handia betetzen dute eta auzoko kaleko giroa erabat galtzen da. Gura proposamena adosatu eta 2, 3 eta 4 altuerako pisuen blokeak nahastean datza. Modu honetan auzoari bizitasuna ematen zaio eta zonalde hirituaren gehiegizko hedapena eragozten da.Ulaiarren modu irregularrean gertatzen ari den industri garapenak ere dakar zonalde hirituaren hedapena nekazal eremuetara. Alde batetik trazaketa berriko autobiak, bestetik tailer eta fabriken eraikuntzak N-1 eta Etxegarateko autobide berriaren artean kalte haundia sortzen ari dira zonalde honetan. Udal planak ez du honetaz ezer aipatzen, beraz, beldur gara ez ote den modu irregularrean eta antolamendutik kanpo egiten ari.Modu berean eragingo luke txabiske deituriko nekazal eraikuntzen arautze berriak. Gaur egun, dagoeneko, horrelako eraikuntzek paisaian nahiko kalte egiten badute ere, etxebizitzak eta kotxeak landetara hurbilduz, etorkizunean kaltea handitu egingo da. Eragilea Udal plan berriak dakarren txabiskeen ordenantza da. Horrek landetan nekazal helburuetarako baino gehiago bigarren etxebizitzarako erabili daitezken txabolen eraikuntza baimentzen du. Modu honetan, gaur egun, nekazaritzarako lanabes eta produktuak gordetzeko lekua eraiki nahi duenak arauak jarraitu beharko ditu txalet txiki modukoa eraikitzeko, honek dakarren kostu ekonomiko eta ekologikoarekin.Gainera, landetan aisialdirako eraikuntzak egiteak lurzorua garestitzea ekar dezake. Hau beste oztopo bat izango da lursail hauek nekazaritzarako erabiltzeko, zeren nekazaritzarako lursaila erosi nahi duenak oso prezio altuan egin beharko baitu.2.3. Industrializazioaren hazkundea:Gaur egun, Altsasuk baditu industrialdeak Ibarrea, Txunkai, Lastai, Errekabitarte, Ondarria eta Isasian. Hirigintza plan berriak industrialde berriak sortzea proposatzen du Suhiltzaile, Errekabitarte, Zangitu, Dermau eta Kaputxinosetan, baita Isasia handitzea ere. Denetara 425.000 m2.Modu honetan, Altsasu bezalako herri ertain bati inguru hiperindustrializatua egotzi nahi zaio kontutan hartu behar da inguruko beste herri batzuk, Olazti eta Etxarri kasu, badutela ere sare industrial garatua.Gainera, nahiz eta partiduak hauteskunde aurreko garaian bestelakoak esan, udalaren industrializazio asmoa handikeriatan erori da, joan zen udan Zangituk aurreikusitako industrialdean Gonvarri enpresako makrofaktoria jartzeko saiakerak sortu zuen iskanbilak argi uzten duenez. Zangitu oso-osoan bete behar zuen faktoria zen (272.333 m2), automoziorako txapa mozketara aritu behar zena. Faktoria hau jartzeko baldintza jabe guztien baimena lortzea zen, bestela enpresak beste leku batetara joateko asmoa zuen.Azkenik, jabeek, asanbladan bilduta, beraien lurrak ez saltzea erabaki zuten eta enpresa Subizara joan zen. Hau dela eta, udaleko 3 talde politiko indartsuenak prentsaurrekoan Gonvarriren antzeko enpresa bat Altsasun kokatzeko konpromisoa eskatu zion Nafarroako Gobernuari. Jabeen saldu ez nahiaren aurrean holako erantzuna eman zuten: Gobernuak Plan Sektoriala tramitera eraman eta lurzoruak desjabetu izan balitu, hitzordu zuen legez, orain ez litzateke beharrezkoa izango jabeen baimena. (6)Alabaina, ez Altsasun, ezta Sakanan ere, ez dago langabezi haundirik. Altsasuko enpresetako lan eskuaren parte bat langabezi gehiago duten inguruko zonaldeetako langileekin betetzen da.Langabezi handiagoa jasotzen dutenak herriko emakumeak dira. Zonaldeko emakumeen langabezia gizonena baino 3 aldiz haundiagoa da (Altsasuko INEMen 550 emakume inguruk dute izena emana). Badirudi egoera honi konponbidea ematen ari zaiola, hala adierazten du adibidez, orain dela gutxi Sakanako industri metalurgikoan 24 emakumeen lanpostu eskaini izanak.Horregaitik, udalak temati eskatzen ari den industrializazioaren hazkundea ez dugu beharrezkotzat jotzen. Herriko sare industriala handitu aurretik zenbat eta zein motatako lanpostuak behar diren aztertu beharko litzateke. Bi baldintza hauek bideratu beharko lukete zenbat eta zein motatako enpresak zabaldu. Bestalde, gaur egun dauden enpresetan emakumeei eman ahal zaien lekua ere aztertu beharko litzateke.Gainera, garrantzitsua da herriko lurzoru industriala herrian bertan sor daitezkeen enpresetarako lagatzea. Gaur egun, badira herri barruan zenbait tailer eta enpresa txiki, agian etorkizunean industrialde berrian kokatu nahiko luketenak. Hau herriarentzat onuragarria denez, horrelako egoeratarako lurzoru erreserba egina egon beharko luke. Beraz, beste eskualdeetatik datozen enpresa gizonei lanpostu berrien beharrean dauden beste kokaleku batzuk bilatzea aholkatu beharko litzaieke.2.4. Eraikuntzaren hazkundea:NASURSAk, Navarra de Suelo Residencial enpresa publikoak egindako ikerketaren arabera, Altsasuk plan hau onartzerakoan 293.583 m2 izango lituzke eraikigarri, beraz 1.816 etxebizitza eraiki ahal izango lirateke (471 familia bakarrekoak, 178 dentsitate baxukoak, 382 altukoak eta 785 bereizi gabe). (7) Beraz, plan honen arabera hurrengo urteetako etxebizitzen eraikuntza izugarri handituko zen. Badirudi herriko eraikuntza enpresek udalean presio egin dutela eraiki ahal izateko lurzoruak gehitzeko eta, horrela, beraien etekina handitzeko.Modu honetan, industrialde eta eraikuntzarako lurzorua haunditzean, hurrengo urteetan herriaren lurzoru hititua eta biztanle kopuruak gora egingo du. Altsasun enpresa berriak koka daitezke eta beste eskualdeetako lan eskua behar izan dezakete. Eraikitzeko aukera egongo denez, langile horietatik askok herrian bizitzen geldituko dira. Berriro ere, frankismo garaiko garapen industrialak sortu zuen egoera berean egongo ginateke: herria desegituratua eta integrazio arazoak duten kanpotar asko.Noski, Fundamento Orain Taldeko kideak ez gaude kanpotarrak herrira etortzearen kontra. Baina gure ustez inork ez luke bere etxea laga beharko ekonomi edo lan arrazoiengatik. Enpresak izan beharko lukete lan eskuaren arabera kokagunea topatu beharko luketenak, langabezi haundia dauden lekuetan hain zuzen ere. Herrian bizi diren biztanleak hala nahi izan dutelako izan dadila, beste inolako inposaketarik gabe.Bestalde, eraikitzeko aukera zabal honetaz aparte, udaleko datuen arabera 700 etxe inguru daude hutsik herrian. Hau da, gutxi gora behera dauden etxeen herena hutsik daude. Portzentai hau hurbileko hirietan baino askoz ere haundiagoa da. Adibidez Gasteizen 250.000 biztanle inguru dituena, 8.812 etxebizitza daude hutsik, izen bereko plataformaren datuen arabera.Kasu askotan etxebizitza berrien eraikuntza berak hustuarazi egin ditu besteak. Altsasuko etxebizitza berri hauek etxea duten familiek erosten dituzte etxez aldatzeko. Eta askotan uzten duten etxe hori hutsik lagatzen dute, ez alokatu ezta saltzeko asmoarekin. Eraikuntza berri hauek ez dituzte askotan 1. etxebizitzaren bila dabiltzan gazteek bultzatzen, espekulaziorako dirua inbertitu nahian dabiltzatenak baizik.Bestalde, eraikitzeko grina honek Euroaren moneta aldaketarekin zerikusia izan dezake. Badirudi, aldaketa honek beldur apur bat ematen diela inbertsore txiki eta ertainei, eta ez dutela sinesten euroarekin beraien diruak balio bera izan behar duela. Horregatik balio ziurreko inbertsiotara jotzen da eta ziurrenen artean, seguraski ziurrena, pisu eta etxe berriena egongo da. Eta etxe hauek, espekulatzeko, besterik behar ez direnez, seguraski herriko etxebizitza hutsen kopurua haunditu egingo dute.Fundamento Orain Taldearen ustetan, etxebizitza berriak eraiki ordez, hutsik daudenak konpondu eta erabili beharko lirateke. Badakigu gai hau leku askotan hitz egin dela, baita Altsasun ere, hala eta guztiz ere, etxebizitza hutsik dutenek udaleko zergan gehiago ordaindu beharko luketela pentsatzen jarraitzen dugu. Honela, eta kontzientziazio lanarekin, etxe hauetako asko alokatu edo saldu egingo ziren.Etxebizitza berriak eraikitzeko irispide batzuk jarraitu beharko lirateke. Lehenengoa, herrian dauden etxebizitzak erabiltzea, ez laga etxeak hutsik. Hau beteta eta oraindik benetako etxebizitza beharra balego, etxebizitza berriak herriak eraikitzeko dituen zonaldetan egin. Eta bakarrik bi urrats hauek bete ondoren, iruditzen zaigu eman daitekeela baimena orain arte eraiki ez den zonaldetan eraikitzeko. Eta beti ere herriaren bene-benetako beharren arabera, kontu haundia izanik etxebizitza duinaren eskubidearekin inork espekulatu ez dezan.Badirudi, gainera, eraikitzeko aurreikusitako zonalde hauetako egitura, berriz ere, uniformea izan behar duela: kale luze eta zuzenak, etxebizitza bloke edo familiabakarreko etxe berdin-berdinekin. Honen arriskua monotonian erortzea da, nahiz eta blokeak txikiagoak izatean, ez izan zabalguneko zenbait tokitan bezain nabaria. Horregatik, interesgarria izan daiteke bakoitzak bere etxebizitzaren eraikuntzaz arduratzea, horrela denak berdinak izan ez daitezen. Hau posible egiteko, partikularrak eta partikularren taldeak (kooperatibak) eraikuntzaren erabakietan eta Altsasuko hirigintzan parte hartzeko behar diren arauak eta laguntzak eman beharko lirateke.Modu berean, sortu behar diren etxebizitzen zonalde berri hauek dagoeneko eraikita daudenekin erlazionatuak egon beharko lukete. Modu honetan ez ziren zonalde isolatuak bihurtuko eta auzokide berri eta zaharren arteko harremana biziagoa izango litzateke. Horrek herriaren kanpoaldeko auzoak hobetuko lituzke eta horrela errazago izango litzateke eraikitzen diren momentu beretik bizitasuna eta dibertsitatea izatea, Iruñeko emakume eta hirigintza jardunaldietan ondorioztatu zen bezala. (8) Modu honetan, garrantzitsua iruditzen zaigu Zelai kalea eta Arkangoako zabalgunea izango denaren artean dauden kalexkak zabaltzea.Planak ukitu beharko lukeen beste puntu garrantzitsua Alde Zaharraren zaharberritzearena da. Alde honetan etxe huts zahartu eta erortzear asko daude. Modu honetan alde zaharrak benetako beherakada jasan du, biztanle kopurua gutxitu egin da eta etxe askok zaharberritzeko premia haundia dute. Gainera, etxe zahar asko bota eta pisuen blokeak eraikitzen ari dira. Ondorioz, herriaren zonalde hau desegituratzen ari da, bere ohizko itxura eta egitura erabat galduz.Horretarako, Altsasuko Udal Planak laguntzak eskaini beharko lituzke etxe zaharrak zaharberritzeko. Bestela auzo honen itxura behin betirako galduko da.2.5. Kotxeendako azpiegituren hazkundea:Kotxeen erabilpenari dagokionez, nahiz eta Altsasu herri txikia izan, eta edozein distantzia oinez egiteko modukoa, kotxea gero eta gehiago erabiltzen da. Horrela, gure kaleetako zenbait puntutan ordu zehatz batzutan auto-ilara txikiak eta kotxe aparkatuen kopurua normalean baino haundiagoa aurkitu ditzakegu. Hau omen da arrazoia udalean dauden taldeak etengabe kale, bide eta aparkaleku berriak proposatzen aritzeko, gehiegizko trafikoa ekiditeko edo.Baina azpiegitura gehiago egiteak ez dirudi kotxeen gehiegizko erabilpena murrizten duenik, ezta trafiko arazoak konpontzen dituenik. Eragina erabat kontrakoa da. Zenbat eta azpiegitura gehiago eta haundiagoak eraiki gero eta trafiko gehiago dago eta kotxe partikularren erabilpena hazi egiten da. Gobernuak emandako datuen arabera azken 10 urteotan trafikoa % 50 hazi da Nafarroan. Hain zuzen ere, urte hauetan autobide eta bide azkar berrien eraikuntzak gora egin du . Horrela, Sakanan Iparraldeko autobidean 1999an igarotzen zen automobil kopurua 12.200tik 13.500ra igo zen, hau da %11ko hazkundea izan zuen. (9)Joera honek herria itxi egin lezake, automobilendako hainbat errepide eta eraikuntza itota. 1990an Europako Batzordearen txosten batean Europan trafikoaren edozein hazkunde kaltegarri izateko mugara heldu da. Ondorio ezkorren batuketak deuseztatu egiten ditu trafikoaren hazkundeak ekar lezaken aberastasuna, efizientzia, konforta eta garraiatzeko erraztasuna zioen. (10) Gure ustez, udala oker dago trafiko arazoak bide berriak egiten konpondu nahi dituenean.Fundamento Orain Taldean iruditzen zaigu gure kaleetan kotxeen kopurua ez igotzeko beharrezkoa dela kotxe eta oinezkoen arteko oreka lortzea. Herrian kotxea ahal den gutxien erabiltzea bultzatu behar da, horretarako behar den kontzientziazio kanpainaren bidez. Automobilen abiadura ere murriztu beharko litzateke. Honetarako neurri batzuk proposatu genituen Altsasuko egoera ekologiko eta hirigintzari buruzko txostenean, Gandino eta Manduettiren lanetan oinarrituta. (11) Horien artean kalearen zenbait lekuetan galtzada horizontalean desbideratzea, galtzada igotzea zebrabideetan abiadura moteltzeko edo zoru zimurra jartzea alde zaharrean egin den bezela.Eztabaida gehien sor dezakeen gaia Hegoaldeko Sarrera Plana da. Gai honetaz asko hitz egin zen hauteskunde aurreko garaian eta azken boladan ahaztuta omen dago. Hirigintza Planak ez du ezer aipatzen gai honi buruz.Jakin izan dugunez Altsasuko Hegoaldeko Sarreren alternatiben ikerketa txostenak hiru aukera planteatzen ditu:- A alternatiba, apeaderoaren trenbide azpian errotonda bat proposatzen du. Errotonda honetatik bi bide aterako lirateke, bata alde zaharreruntz eta bestea zabalgunera. Udalak alternatiba hau onartu du eta hirigintza planeko plano eta aurreikusitako ekintzetan azaltzen da.
- B alternatiba suhiltzaileen egoitzan parean errepide zaharretik aterako litzateke eta alde zaharra inguratzen duen kale batean bukatu. Kale hau hirigintza arauetan agertzen da.
- Bi C alternatiba daude, biak antzekoak. C1-k Ondarriarako sarrerako errepidea luzatzea proposatzen du ibaia zubi baten gainetik pasatuz, Zangituko balizko industrialderako sarrera baten ondoren trenbide gainetik zubi batetik jarraitu, alde zaharreko kale berrietara heltzeko. C2-a autobideko lotura errotondan jaiotzen da, eta biadukto luze baten bitartez Ondarriako industrialde eta ibaiaren gainetik pasatuz Zangiturekin lotzeko sarrera izango luke eta azkenik aurrekoa bezala jarraituko luke.
A alternatiba Altsasuko hirigintza planen dagoenez, bi bide hauek eta lotu behar dituen etxebizitzak batera egin beharko litzateke eta ez errepidea lehenago, inora ez dijoan bideak eginez.Beste bi alternatibek ez dute guretzako sentsurik. Alde batetik, B alternatibak ez du inolako sarrera arazoa konpontzen, eta bestetik C alternatibak Zangitu industrialdearen eraikuntzaren menpe daude eta esan bezela hau ez da inolaz ere beharrezkoa.Eztabaida sortu duen beste gai bat kamioien aparkalekuena da. Azpiegitura hau eta bere kokalekua Udal Planean agertzen dira. Fundamento Oraindik uste dugu gai hau gehiago eztabaidatu beharko litzatekeela. 99ko abuztuko txostenean aipatzen genuen bezala Etxarri Aranaz eta Olaztiko biztanleen arabera kamioiendako egindako aparkalekuak oso gutxi erabiltzen dira. Udal planaren puntu zehatzera pasatu
|
|