Webgunearen lehenengo orrialdera zoaz

Alegazio Altsasuko Udal Planari (2)

HIRIGINTZA
ARAUAK
 

Alegazioaren lehenengo orrialdea

Udal planaren kritika orokorra bueltatu

3. Altsasuko Udal Planaren zenbait puntu zehatzei buruz egindako kritika:

Atal honetan gure ideiarekin bat egiten ez duten puntuei buruzko kritika egingo da, beti ere aurreko atalean landutako orokortasunaren barruan. Argudioaren antolaketa egiteko orduan, elkartu egin ditugu atal berean antzeko arazoa duten gaian nahiz eta Hirigintza Arau Bereziak deitutako dokumentuan artikulu ezberdinetan agertu.

Modu honetan Altsasuko Hirigintza Planari 9 alegazio partzial egin nahi dizkiogu. Alegazio hauek aurreko atalean aurkeztatuko alegazio orokorra osatzen dute.

3.1. Industrialdeak:

Hirigintza Arau Bereziak dokumentuko 10. orrialdean Altsasuk gaur egun dituen industrialdeak aipatzen dira: Ibarrea, Txunkai, Lastai, Errekabitarte eta Ondarria, hain zuzen ere. 12. orrialdean Isasia industrialde pribatua aipatzen da. Bitartean, Ulaiarren errepide garraioan aritzen diren zenbait tailer eraikitzen ari dira. Azken zonalde hau ez da planean aipatzen eta horregatik ea arautu gabeko “ezkutuko industrialde” berria bihurtuko den beldur gara. Gure ustez ez zen laga beharko Ulaiarren, landa eremua izanik (nahiz eta gero eta garraio azpiegitura gehiago egon), gehiago eraikitzen.

Bestalde, 60, 62,73, 75, 77, eta 79 orrialdetan tailerrak eraikitzeko beste leku batzuk proposatzen dira. Tokiak honako hauek dira: Suhiltzaileen ingurua (36.779 m2), Errekabitarte (11.470 m2), Zangitu (272.333 m2), Dermau (69.688 m2), Kaputxinoak (23.284 m2) eta Isasiaren handitzea (11.846 m2).

Gure iritziz, Altsasun ez da beharrezkoa industrialde berririk eraikitzea. Herrian dagoen langabetu kopuruak ez du enpresa gehiago eskatzen. Eta auzokideen iniziatibak gaur egun industria daukaten lekuetatik gertu kokatu daitezke, hala nola Suhiltzaile, Errekabitarte, Dermau, Kaputxinoak, eta Isasian. Honekin lortzen den lurzoru industrial librea nahiko handia da eta tentuz banatu beharko litzateke ez kolapsatzeko.

Ondorio bezala ateratzen duguna hauxe da, Zangitu ez dela inolaz ere industrialde bezala erabili behar. Burunda ibaiertza nahiko izorratuta dago herriaren leku gehienetan, horregatik oso garrantzitsua da Zangitu zaintzea. Gainera, ekoizpen handiko nekazal eremua da (Nafarroako Gobernuaren arabera) eta agian etorkizunean laborantzarako erabili beharko da.

3.2. Domingo Lumbier:

Domingo Lumbierreko antolaketa aipatutako txostenaren 18 eta 19. orrialdetan agertzen da. Bertan, bizileku eta erabilpen bateragarriendako (dotazioak, hirugarren sektorea, merkataritza eta aparkalekuak lurrazpian aipatzen dira) kalifikazioa ematen zaio. Behekoa gehi beste lau solairu eraikitzeko baimena ematen zaio, alde zaharrean (behekoa + beste 2 solairu + ganbara), Donibane kale eta frontoian (behekoa + beste 3 solairu) eta baita Intxostian (behekoa + 3 solairu leku batzuetan eta bestetan behekoa + 4 solairu) baino gehiago. Domingo Lumbierren 84 etxebiz/Ha eraikitzea baimentzen da, honek 75 etxebizitza eraikitzea lekarke, nahiz eta datu hau txostenean ez zehaztu. Eraikuntza dentsitate hau Intxostian eraiki behar den zonalderako aurreikusten denaren antzekoa da. Azkenik, unitate honetan dauden eraikuntza katalogatuak deskatalogatu egingo dituzte.

Fundamento Orain Taldearen iritzia gai honi buruz guztiz ezaguna da. Iazko udaberrian sinadura bilketa egin genuen honako puntu hauek eskatuz:

  • Domingo Lumbier eskolak mantendu eta berreskuratu, eraikuntza dotazionalerako utzi, gela zaharrak konponduz, bertan Labaderon edo Gure Etxean egin ezin daitezkeen jarduerak egiteko.

  • Inguruko lurrak berdegune eta aisileku bezela utzi, herrian oso parke gutxi daude eta.

  • Herritarrek herriaren hirigintza erabakietan parte har dezatela eta hau hirigintza plan orokorrean islada dadila.

Bi hilabetetan herritarren 488 sinadura jaso genituen. Gure ustez, hau arrazoi nahikoa da zonalde honetako plana berrikusteko eta etxebizitzak hirugarren sektorea, merkataritza gunea eta aparkalekuak baztertzeko. Lurzoru honen kalifikazio bakarra dotazionala eta berdegune eta aisialdirakoa izan beharko luke, herriak horrela behar baitu.

Domingo Lumbierreko eraikuntza berak badu behar adina kultur balio, bertan, zaharberritu ezkero, Kultur Etxea egiteko. Udalak egin nahi duen “esparru eszenikoa” ea bertan egin ahal daitekeen ere aztertu beharko litzateke. Iruñean egindako emakume eta hirigintzari buruzko jardunaldietan ondorio berberera heltzen ziren, hala, “kultur, giza edo kirol esparruak eraikuntza huts edo gutxiegi erabilietan kokatzea, horrela hauek berreskuratu eta auzoendako ekipamendu eskuragarriak lortzea” proposatzen du. (12)

3.3. Hiringuruko auzoak eta Babes Ofizialeko Etxebizitzen beharra:

Txostenean hiringuruko auzoetaz hitz egiten denean, aipatzen da eraiki behar diren etxebizitzetaz gutxienez %15-a Babes Ofizialekoak izan behar dutela. Kasu guztietan, auzo hauek erdialdetik urruti daude eta bertan eraiki behar diren etxebizitzak familia bakarrekoak eta gutxi dira.

Zehazki, auzo hauek Bentazelai (txostenaren 29. orrialdean), Karbonilla (32. or) eta Txunkai A (33. or) dira. Ez da inon aipatzen zenbat etxebizitza eraiki behar diren, baina unitateen azalera eta etxebizitza dentsitatea kontutan hartuz eta suposatuz, ohi den moduan, eraikitzaileek portzentai minimora murriztuko direla, Babes Ofizialeko 8,5 Etxebizitza besterik ez dira ateratzen.

Nafarroako Gobernuak Altsasuko aurreko Udal Planak atzera bota egin zituen zehaztu gabe zegoelako zenbat babes ofizialeko etxebizitza eraiki behar ziren. Eta, gainera, bere kopurua ez zela 170 baino txikiagoa izan behar. Beraz, ez zaigu bidezkoa iruditzen Gobernuak plan hau onartzea babes ofizialeko etxebizitzen kopurua zehazten ez duen bitartean eta uste dugu eraikuntza berriak egin behar diren auzune guztietan zehaztu beharko litzatekeela babes ofizialekoak izango diren etxebizitzen gutxieneko portzentaia.

3.4. Beste zenbait hiringuruko auzo (Baikolar, Zuntaipe eta Ameztia):

Hiru auzo hauetan beheko solairua gehi altuera bateko familia bakarreko etxebizitzak egin daitezke planaren arabera.

Baikolarren kasuan (txostenaren 13. orrialdean) lurzorua abeltzaingorako kalifikatua zegoen, baina arau berriekin erabilpen hau aldera batera laga eta “etxebizitza eta erabilpen bateragarriendako” kalifikazioa emango zaio. Urbanizazio proiektua derrigorrezkoa izango da eta urtebeteko epea dago Plan Berezia egiteko eta beste urtebete martxan jartzeko. Gainera plan honek fatxada, teilatu, etab. nolakoak izan behar duten agindu dezake. Baimendutako etxebizitzak familia bakarrekoak dira eta auzo osoa lursail txiki eta laukitan banatuta dago. Etxebizitzen gehienezko dentsitatea 15 etxebiz/Ha-koa izan daiteke.

Honek granjak botatzea eta txaleten eraikuntza lekarke. Dauden etxebizitzetatik gertu dauden granjak kentzea ondo iruditzen bazaigu ere, zonalde honetan familia bakarreko etxebizitzak eraikitzeak paisaian ondorio larriak ekarriko lituzke. Bereziki etxebizitza berriak berdin-berdinak eta ilaran eraikitzen baldin badira, ohi den bezela. Horregaitik, gure proposamena zonaldean etxebizitza gehiago ez eraikitzea da eta gaur egun etxebizitzen artean dauden zuhaitzak mantentzea.

Zuntaipe eta Ameztia, gaur egun, etxebizitzetarako kalifikatuta dago. Aurreikusitako etxebizitzen dentsitatea 15 etxebiz/Ha-koa da eta planoan lursailak gaur egun dauden bezela agertzen dira. Beraz, badirudi auzo hauen itxura ez dela gehiegi aldatuko, benetan pozten gaituena.

3.5. Idiazazpi eta Larresal:

Idiazazpi herriaren kanpokaldeko zonaldea da, herritik etxebizitza adosatuen lerro batez bereiztua. Bertan familia bakarreko 27 etxebizitza egin nahi dira, baita lorategi eta berdeguneak ere.

Fundamento Orain Taldeak ez du uste zonalde honetan eraiki behar denik, eta herri gunetik kanpo dagoen zonalde bezela hartu beharko litzatekeela. Horrela, Altsasuko biztanleak hemen egin ahal izango lituzkete beraien baratzak, gaur egun bezela. Horretarako, edo dagoen moduan laga edo lursailak zatitu eta Iruñean dauden amankomuneko baratzen antzekoak egin daitezke, adibidez.

Larresal, izenak berak dion modura, larrez eta basoz osatuta dago, etxebizitzetatik urrun. Hemen 57 etxebizitza, berdegune eta esparru dotazionalen bat eraiki nahi dute.

Herritik eta eremu hirituetatik urruti dagoenez, Larresalen ez eraikitzea eta eremu hirituen zerrendatik kentzea eskatzen dugu.

Altsasuko udal planean badaude nahiko zonalde hurrengo urteetan behar diren etxebizitza eraikitzeko. Horregaitik, auzo hauetan etxebizitzarik ez egitea ez du hauen kopurua gehiegi murriztuko, baina bai kalteak txikituko dituela. Iruñeko emakume eta hirigintza jardunaldietan hau honela azaltzen dute: “Auzo isolatuek egindako eragin kaltegarriak eragotzi nahi dira. Mendillorri auzo hauetako adibidea izan daiteke. Bertan auzokideak hainbat urteetan lurra kolonizatu beharko dute, hiria sortzea lortu arte eta, gainera, bertako biztanleen ezaugarriak uniformeak izaten dira”. (13)

3.6. Eraikuntza aurreko urbanizazioa:

Etxebizitzen eraikuntza jasan behar duten zenbait unitateetaz diharduen kapitulu askotan (adibidez, Intxostiako Hirigintza Arau Partikularren 17. orrialdean) urbanizazio lanak eraikuntzarekin batera edo lehenago egin daitekeela esaten du.

Hau ez da batere logikoa, zeren lehenengo urbanizatzen bada eta gero urteetan ez bada ezer eraikitzen, lurzoru zatiak geldituko baitira hutsik baina dagoeneko urbanizatuak. Horrelako lurrak ez dute beste ezertarako balio eta bertan zerbait eraikitzen den bitartean ingurugiroan eta paisaian kalte egiten ari da. Bestalde, lurzoruak urbanizatzeak (kaleak eta espaloiak egitea) etxebizitza eta hirigintzaren gehiegizko garapena bultzatzen du, etekina ateratzen duten bakarrek eraikitzaileak izanik.

Gure ustetan kaleen urbanizazioa eta eraikuntza aldiberekoak izan beharko lukete.

3.7. Lur publikoa erabiltzen duten lurrazpiak:

Txostenaren zenbait kapituluk plaza eta berdeguneen azpian lurrazpi amankomunak eraikitzeko aukera aipatzen dute. Lurrazpi hauek pisu, bloke edo etxebizitza adosatuen jabeak erabiliko lituzkete. Honen adibide bat, txostenaren 35. orrialdean agertzen dena, Otadiko Kristo Deuna eraikuntza unitatearena da. Artikulu honetan “lurzoru publikoa den berdeguneen azpian garaje amankomunak egin daitezkeela” dio.

Esan beharrik ez dago garajeen gainean ezin direla egin berdegune dezenterik, hau da, tamaina ertaineko zuhaitzekin, hauek ez luketelako lekurik izango bere sustraiak errotzeko. Kasu horietan plazak hormigoizkoak izan behar dute (ikusi bestela Amandrea Plaza). Horregatik horrelako lurrazpirik ez egitea proposatzen dugu.

Bestalde, lurrazpiak egin aurretik lekuaren ikerketa geologikoa egin beharko litzateke, geruza freatikoaren goi eta ohizko mailak ezagutzeko. Ezaguna da herriko zenbait lurrazpitan ura ateratzeko motobonbak etengabe martxan eduki behar dituztela. Honek energiaren galera, zarata eta geruza freatikoaren desbiderapena dakar, eta ondorioz ingurugiroarekiko erasoa.

3.8. Txabiskeak:

Lurzoru ez hirituaren atalean Txabiskeei buruzko Ordenantza, udaleko plenoan 99-12-29an onartutakoa, agertzen da hitzez hitz. Ordenantza honen arabera txabiskeen ezaugarriak honako hauek izan behar dute:

  • Eraikuntzaren azalera maximoa 30 m2-koa gehi 15 m2 portxearena.

  • Obrako proiektu ofiziala eduki behar du.

  • Egin ahal izateko lursailaren gutxienezko tamaina 400 m2-ko izango da lursail zatiketa egina ez den lekuetan, eta 900 m2-koa egina dagoen lekuetan.

  • Solairu bakarra izango du, fatxada kolore argiz margotuko da, teilatua bi uretara izango da, teila lur kolorekoa eta leiho eta ateak zur barnizatuzkoak.

  • Komunik balego, beste eraikin batean egon beharko luke.

Honetaz gain, ordenantzak dio, bota egingo direla obrazkoak ez direnak eta txabiskeetatik kanpo dauden nekazal lanabesak eta txatarrak kenduko direla. Bukatzeko, lanabesak gordetzeko eraikuntzak obrazkoak eta gehienez 6 m2-koak izan behar dutela dio.

Modu honetan lurra lantzeko ezertarako balio ez duten eraikuntzak baimentzen dira. Eraikuntza hauek aisialdirako eginak daude, nolabait, asteburuetarako bigarren etxebizitzak dira. Honela landetan zonalde sasihirituak sakabanatuta agertzen dira, eragina paisaian eta nekazal guneen desegituraketan dakarrelarik. Bestalde, ordenantza betetzen baldin bada, gaur egun laborantzarako erabiltzen diren eraikinak, asko eta asko material birziklatuekin egindakoak, bota egingo lituzkete.

Horregatik proposatzen dugu ez arautzea txabiskeak zein materialekin egin behar diren, horrela material birziklatuekin egin ahal izateko. Gure ustez ordenantza hau nekazal beharretako erabiltzen diren eraikuntzak arautu beharko lituzkeela bakarrik eta funtzio hori betetzen ez dutenak udal zerga handiagoekin zigortu beharko zirela.

3.9. Euskaldunak baztertzen ditu

Herritarrei aukera gutxi eman baldin bazaie plana egiteko orduan, benetan baztertu egin den taldea euskaldunena izan da. Hauek ez dute ezta aukerarik izan plana beraien hizkuntzan aztertzeko. Horregatik, plana onartu aurretik euskarazko bertsioa erakusketa publikoan egon dadila eskatzen dugu, legeak arautzen duen legez. Horrela euskaldunek, proposatzen den plana aztertu ondoren, nahi dituzten alegazio eta emendakinak egin ahal izango dituzte.

4. Ondorioak eta proposamenen laburpena:

Aurreko ataletan esan dugun bezala, hau Altsasuko Udal Planari bere orokortasunean egindako alegazioa da, baina baditu ere 9 gai zehatzei egindako emendakinak ere. Beraz, bai orokorrean, bai alegazio partzialak eztabaidatzea eskatzen dugu.

Alegazio orokorrak plana egiteko prozesuan herritarren parte ezan du bere oinarria. Baita ere, bere ikuspegi desarroilista, Altsasu erraldoia industria, eraikuntza eta garraio azpiegiturez gainezka bultzatzen duena. Planaren garapenean herritarrek ez dute ia parterik hartu, ez zaie galdetu ea zein herri motatan bizi nahi duten. Horrela, Altsasuko oso biztanle gutxiren erabakia izan da plan hau, politiko eta enpresariena, hain zuzen ere.

Orokortasunaren alegazioa Altsasuko Udal Planaren kritika orokorrari buruzko kapituluan agertzen da. Kapitulu hau honako ataletan banatzen da: Herritarren parte hartze eza, zonalde hirituaren landetara hedapena, industrializazioaren hazkundea, eraikuntzaren hazkundea eta kotxeendako azpiegituren hazkundea.

Alegazio partzialak hurrengo kapituluan “Altsasuko udal planaren zenbait puntu zehatzei buruz egindako kritika” lantzen da eta 9 alegazio partzial ditu, hurrenez hurren:

  • Industrialdeak: Sakanan langabezi gutxi dago, beraz ez dira enpresa berri askoz gehiago behar. Horregatik Zangituko industrialdea ez egitea eskatzen dugu.

  • Domingo Lumbier: zonalde hau dotazio eta berdegunerako erabiltzea eskatzen dugu, etxebizitzarik beretan ez eraikitzea eta eskola zaharrak auditorium bezala erabiltzeko aukera aztertzea.

  • Hiringuruko auzoak eta babes ofizialeko etxebizitzen beharra: eraiki behar den babes ofizialeko etxebizitzen kopurua auzo guztietan zehaztea.

  • Hiringuruko beste auzoak (Baikolar, Zuntaipe eta Ameztia): auzo hauen itxura mantendu dadila eta ez daitezela eraiki familia bakarreko etxebizitza pila eta berdin-berdinak.

  • Idiazazpi eta Larresal: dauden moduan manten daitezela eta ez dakion eman urbanizagarri kalifikazioa.

  • Eraikuntza aurreko urbanizazioa: kaleak eraikitzen hasi aurretik egiteak paisaian eragin kaltegarria sortuko luke eta gainera, eraikuntza bera bultzatuko luke. Horregatik urbanizazioa eta etxebizitzen eraikuntza batea egitea eskatzen dugu.

  • Lur publikoa erabiltzen duten lurrazpiak: lurrazpiko eraikuntzak eta zuhaitzdun berdeguneak bateratzea ezinezkoa denez, lehenengoak ez egitea proposatzen dugu. Lurrazpian eraiki aurretik maila freatikoaren azterketa egitea ere eskatzen dugu, horrela ez litzateke beharrezkoa izango motobonbak erabiltzea.

  • Txabiskeak: txabiskeen ordenantza ez dago egina nekazaritzarako behar diren txabolak egiteko, baizik eta aisialdirako etxebizitzak egiteko. Horregatik, nekazaritzarako behar diren eraikinetarako moldatu beharko litzateke.

  • Euskaldunen baztertzea: Euskaldunen parte hartzea ahalbidetzeko planaren euskal bertsioa erakusketa publikoan egon dadila eskatzen dugu, horrela euskaldunek bere alegazio eta emendakinak egin ahal izateko.

Bukatzeko, Altsasu herbeheretako Aalbourg hirian sinatutako “Sustengarritasunaren bila Europar Hiri eta Herrien Akordioa” mugimenduan barneratu beharko zela uste dugu. Talde honetako herri eta hiriek beraien inguruan giza eta ekologi ikerketak egiten hasi dira “baliabideen erabilpen sustengarrira bideratzen duten ingurugiroko tresnak zehazteko”. Nafarroan horrelako proiektuak martxan jartzeko beharrezkoak diren ingurugiroko auditoretzak %100ko diru laguntzak jasotzen dituzte. “Udal ekintza planen idazlanetan eta europako laguntzak jasotzeko eskaerak egiten” (14) ere ematen dute laguntza eta aholkua.

Bibliografiara jarraitu

 
Azken modifikazioaren data: 2004/4/1