Garraxi Irratia, atzera ere, uhinetan

Arazo teknikoak zirela eta, bere emanaldiak eten beharrean suertatu zen Altsasuko irrati askea. Baina matxura guztiak konpondu eta gero, atzera ere, FMaren 101.9an emisioari ekin dio Garraxi Irratiak.

Jakina denez, 1995eko azaroaz geroztik Altsasuko Gaztetxean irrati askea dago. Irratiak egunaren zati handienean Gasteizko Hala Bedi Irratiaren saioak zabaltzen ditu. Baina, astez eta asteburuetan, arrats gau partean saio propioak ere zabaltzen ditu.

Gabonak eta gero, emisio arazoak izan zituen Garraxi Irratiak. Azkenik emisore zaharrak pott egin zuen. Hori dela eta, ilbeltzan hiru astez nola halako emisioa izan da. Baina hilaren akaberarako arazoak konpontzea lortu zuten. Horretarako, emisore berria erosi du irratiak. Hala, Garraxi Irratiaren emisioa ederki entzun daiteke Olazti eta Etxarri-Aranatz bitartean.

Baina tresneria berria erosteko egindako gastua estaltzeko, Garraxi Irratiak etorkizunean oraindik zehaztu gabeko hainbat ekimen bulkatuko ditu dirua ateratzeko. Hasteko eta behin, kontu korrontea zabaldu dute Euskadiko Kutxan (3035 0018 4 3 018.1.05187.1) nahi duenak bere laguntza eman dezan.

Garraxi Irratiak zabaldu duen oharrean jakinarazi duenez, ateak zabalik dituzte saioa egin nahi duten guztiendako. Horretarako, interesatuek astearteetan, arratsaldeko zortzietan, gaztetxearen goiko solairura, irratira, joatea dute. Egun eta ordu horretan asanblada irekia egiten da eta han bere saioaren nondik norakoak azaltzea besterik ez du egin behar. Bestela, Garraxi Irratiarekin harremanetan jarri nahi duenak 948 468 742 telefonora hots egitea du. garraxi@sindominio.net.helbidera ere zuzendu daiteke.

Altsasun, 2004'ko Otsailaren 9'a